'Aurrera goaz': Euskal Gizataldeen III. Kongresua
Labur-labur, hona hemen 'Aurrera goaz' Kongresuko parte hartzaileetako batzuen gogoeta edo adierazpenak:
Euskal Gizataldeen III. Mundu Batzarraren lehenengo egunean euskal diasporaz orain arte egindako artxibo potoloena eta osotuena aurkeztu eben: Urazandi Bildumea, mundu osoko 20 adituk landutako 15 liburukiz eta DVD batez osotua. Bertan, besteak beste, La Vasconia argitalpenaren edo erbesteko Eusko Jaurlaritzeak Mexikon eukan ordezkariaren, Alberto Azuaren artxiboaren edukiak dagoz.
- Iñaki Azua (Alberto Azuaren semea): 'Euskal Herria gaur egun modernidade eta lehiakortasunean dabil eta hori ez zan posible izango sasoi hareetan euskaldun askok erbestean egindako beharrik barik'.
- Josu Legarreta (Euskal Gizataleakazko Hartu-emonetarako Zuzendaria): 'Urazandi Artxiboa zabalik dago aurrerantzean beste ekarri batzuk noiz jasoko, ze historiaren pasadizu asko oraindino bildu barik dagoz'.
- Bill Douglas (Euskal Ikerketen Zentroburu ohia): 'Oso denpora tarte txikian sortu da euskal diasporaren ganeko artxibo garrantzitsuena'.
Behatoki Enpreseak, Eusko Jaurlaritzearen eta Argentina, Venezuela, Txile eta Mexikoko diasporetako alkarteen laguntzinoagaz, inkesta interesgarria egin dau eta mundu osoko 83 herrialdetan bizi diran euskal diasporako ia-ia 13 mila lagun alkarrizketatu ditue (datuak labur):
- Euskal diasporako hamar lagunetatik zortzik ez daki euskeraz berba egiten.
- Euskeraz dakien persona guztien erditik gora Argentina eta Venezuelan bizi dira.
- Euskeraz egitea Euskal Herrian jaio ziranen kontua da, izan be, emigrau eben euskaldunen lehenengo belaunaldiko askok eutsi egin deutse hizkuntzeari eta % 66 euskera berba egiteko kapaz dira. Bigarren belaunaldikoen artean, barriz, % 23ra doa portzentajea.
'Aurrea goaz' Kongresuan parte-hartzaileei entzundako bestelako gogoetak:
- Gloria Totoricagüena (Nevadako Unibersidadeko Soziologia eta Zientzia Politikoetako irakaslea): 'Euskal diasporeak ezin dau etorkizuna eregi mitoetan bakarrik oinarrituta eta, beraz, euskal nortasun tradizionala ahaztu barik, gaur egungoa be sustatu behar dogu'.
- Razmik Panossian (Diaspora armeniarraren ganeko aditua): 'Nortasuna trokatik hur eta desagertzeko arriskuan ikustea akulu ona da'.
Bizkaie!
Aurten, Gasteizen alkartu dira munduko 19 herrialdeetan sakabanatuta dagozan euskal etxeetako eta hor zeharreko euskal erakunde eta fundazinoetako 50 ordezkari inguru. Hitzordua lau urterik behin izaten da eta, batez be, hurrengo lau urteotarako Eusko Jaurlaritzearen kanpoko euskal gizataldeakazko politika eta hartu-emonen gidalerroak zehaztu eta plangintza zehatza atontzea da helburua.
Zabaltze ekitaldian, Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak txalotu egin zituan Euskadiren enbajadore beharra egiten daben euskal emigranteak. Euskadiren arpegia dirala esan eutsen eta eurei eta guztioi jagokula munduari ezagutarazotea herri baketsua eta behargina garala.
Beste alde batetik, Euskal Gizataldeen III. Kongresuko lehenengo egunean, omenaldi bereoa eskaini jaken Argentina, Txile, Mexiko eta Venezuelako Euskal Etxe, Fundazino eta Alkarteak sortu zituenei; horrezaz ganera, AEBetako euskal komunidadean egindako beharragaitik, Aita Martxel Tillous abadeari be ondo merezidutako omenaldia eskaini eutsien eta, era berean, euskal disporan zeresan handia izan daben Andoni Irazusta eta Domeka Etxarteri hilondoko omenaldia eskaini jaken urteetan egindako beharra aintzat hartuz.
Aitagarria, munduko diaspora desbardinen errealidadea aztertzen ibilitako adituek ponentziak aurkeztu dituela Gasteizen eta, era horretara, irlandar, armeniar eta judutar diasporen kontuak ezagutzeko aukera ezin hobea egon da. Horrezaz ganera, Europako Erregioen Biltzarreko Buru ohia eta Flandeseko Ministro eta Presidente ohia dan Luc Van den Brande jn.ak berbaldi interesgarria emon eban Europako Batasuneko Estatu bako herri eta nazinoen ikuspegiaren ganean.