Iskandar Hamawy: 'Inon ez etxean bezala'
Inon ez etxean bezala
Doinua: Misiolari baten moduan
N-1ean harrapatuta,
Madrileraino ilara.
Maletaz lepo, ford zahar hau ez da
helduko Santa Polara.
'Txisa ein gurot. Asko falta da?',
negarrez dago alaba.
'Beste bidea hartu behar zan',
andrak sartu deust ziztada.
Deabru batek maltzur dinoste:
'Bide bazterrean laga!'
Zazpi egunez zazpi ordutan
hondartzaz badekot nahiko.
El Pais-eko eskala danak
be leitu dodaz tarteko.
Halere andrak alde egiteko
presarik inoiz ez deko.
Neska gazteen gorputz lirainez
hortaz gozatu beharko.
'Ama, aitari begietara
bikini bat sartu jako'
Txiringitotik txiringitora
praka motzetan erromes,
turistentzako prezioetatik
ta maionesatik iges.
Herri osoan ama-alaban
gustoko aterperik ez.
McDonald´s baten menu azkarra
bai gabaz ta bai egunez.
Ez neban uste porrusalda be
izango nebanik amets.
Bakazinotan gurago neuke
betiko modu normala.
Sofan etzunda, buelta ta buelta,
gorritu arte azala.
Hiru zerbeza, patata batzuk,
aurrean futbola dala.
Andra kalean ta korroskadak
barrenak eskatu ahala.
Nahiz eta hotel onena izan,
ez nago etxean bezala.
Iskandar Hamawy
Abuztuan ohikoa izaten da etxetik kanpo oporretako egonaldian egotea. Baina beti ez dago etxeko guztien gustua egiterik. Hamabostaldi honetan aurkezten deutsuegun sorteak edozein familian udako oporretan jazo leiteken istorioa kontetan dau. Iskandar Hamawyk Bizkaie-rako beren beregi jarritako bertsoak dira.
Iskandar Hamawy Lopategi
Arrigorriagan bizi dan Arrankudiagako mutilak 31 urte ditu, telekomunikazino injinerua da eta irakasle dabil lanean. Bertsozale aparta, bertsolaria be badana ez dau erraz onartuko, baina egiari zor berau da Arrankudiagako bertsolaririk onena, dudarik barik. Santutxuko Bertso-Eskolan hasi eta gaur egun Gaztainondo Bertso-Eskolako arduraduna da Iski. 2000 eta 2002an Bilboaldeko Eskualdeko Txapelketan parte hartu eban eta beti prestu agertzen da ekitaldiren batean bertsoa botateko halan eskatu ezkero. Idazten be badabil azkenaldian eta gure txokorako sortatxu hau bialdu deusku, hamarreko nagusiko neurrian idatzia. Familiko aita bat baino gehiagok bere burua ikusiko leuke ondoren kontetan deuskun opor usaineko komeria honetan.
Iñaki Aurrekoetxea