Kulturea  II. urtea // 33. zenbakia - 2003ko irailaren 1a

Ahozko inprobisazinoa munduan. Kulturarteko Topaketak 2003

'BIZ HITZA'

'Hitzari hotsa eman. Hatsari hatsa eman, bapateko hitz hots hutsez'. Orain pare bat urte, Bertsozale Elkartearen adierazpena zan hori. 'Gutaz ari ginan, gure hitzaz, gure hotsaz eta gure hatsaz'.

Guretik ari ginanean, ostera, hain zuzen be guretik ari ginalako, besteakazko hari mehe bat ari ginan sortzen. Hari mehe horrek gure bapateko kantua gazteleraren kantu inprobisatuagaz lotu eban, Mexikora eroan gintuan, eta Kanariar irletara, eta Menorkara, eta Galiziara, eta Kubara, eta Txiilera...; aurten, hariak muturrak biderkatu ditu eta Afrikara hartu dau bidea, Saharara eta Marokora, eta Argentinara, Uruguayra, Sardiniara, Georgiara, Portugalera…

Izan be, mundu zabalean hotsak ugari dira. Hemen berbea dana, han berbea. Berbak ugari, ugari hotsak eta hatsa bat. Hats horrek bizi gaitu bapateko kantugileok eta bapateko kantuzaleok: ahozko berba hotsaren lilurak. Lilura horrek eroan gaitu besteakazko haria sortzera.

Orain, hari horregaz sarea sortzeko asmoa dago. Sare ahula izango da, inoiz osotu bakoa eta behin behinekoa, badakigu. Baina hementxe, euskerearen herrian gurutzatuko doguz hariak. Hiru kontinente eta hamaika herritara botatako hariak gurutzatzean, korapilatu egingo dirala iruditzen jaku. Korapilatzen badira eta korapilotik barriro euren jatorrira abiatzen, sarearen lotune bat osotu dogula esan gurako dau. Eta lotune horretan, korapilo horretan, biziaren berbeari edo berbearen biziari jai egingo deutsagu. Gero gerokoak.

Hamaika, hain zuzen be hamaika herri, hamaika berba, hamaika hots konbidau doguz bapateko berba kantatuaren sarea sortzera, euskerearen plazara. Zu zeu be, euskerearen plazakoa zaren hori, jakina, konbidauta zagoz.

Azkenburukoa

EHUko Ikusentzunezko Komunikazinoa eta Publizidadea Sailagaz alkarlanean antolatu dau kongresua Bertsozale Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eta BBKren laguntzinoa izan dau.

http://www.bertsozale.com

Bizkaie!

Ahozko inprobisazinoaren inguruko mundu mailako kongresua Donostian izango da datorren zemendiaren 3tik 8ra bitartean. Goizetako saio akademikoak Donostiako Miramar Jauregian izango dira 9:30etatik 14:00etara. Jorratuko diran gaiak, besteak beste, ahozkotasunaren panoramikea, performanzea: ahozkotasunaren antropologia, inprobisazino kantatuaren barne dinamikea eta ahozko inprobisazinoaren geroa izango dira. Arratsaldeko jaialdiak, barriz, Donostiako Lugaritz Kultur Etxean arratsaldeko 19:30etan hasita. Dana dala, Bilbon izango da Inprobisadoreen Kantu Jaialdia kongresuko azken egunean, zemendiaren 8an, Bilboko Euskalduna Jauregian arratsaldeko 17:30etan.

Alkar ez dogu ezagutzen...

1985ean hasita, Bertsozale Elkarteak hainbat hartu-emon izan ditu munduan zehar bizirik dagozan beste ahozkotasun kantatuaren esperientziekaz eta ondorio argi bategaz: alkar ez dogu ezagutzen.

Mexiko, Kuba, Txile, Argentina, Uruguay, Kolonbia, Menorka, Almeria, Kartagena, Galizia, Eskozia, Bretainia, Sardinia eta beste leku batzuetako inprobisadoreak ezagutu eta mundu mailan ahozkotasuna ikertzen daben adituen lanetan murgildu gara.

Horretarako 2001ean Bat-bateko bertsolaritza liburua egitea eragin zan elkartetik, Joxerra Garzia, Andoni EgaƱa eta Jon Sarasuak idatzita eta lau hizkuntzetan itzulita argitaratu zan. Aitatutako hirurak Renon izan ziran orain dala bi hilabete ikerlarien arteko mintegian eta bertan emon eben ezagutzera liburuaren tesi nagusia.

Gauzak holan, beste pausu bat emotea erabagi da eta Bertsozale Elkarteak Kulturarteko Topaketa honeek antolatu ditu, lehen aldiz kultura eta kontinente ezbardinetako ahozko inprobisazinoaren protagonista eta ikerlariak bilduz (AEB, Argentina, Euskal Herria, Georgia, Kanariak, Kuba, Kurdistan, Maroko, Menorca, Mexiko, Portugal, Jamaika, Sahara, Sardinia, Uruguai...).

Zemendiaren 3tik-8ra, eta 'BIZ HITZA' lemapean, Ahozko Inprobisazinoaren teoria eta errealidadeen ezagupenean sakonduko da.

Jardunaldi eta jaialdi honeetan parte hartzen daben unibersidadeko ikasleek 2 kredituen balioko ziurtagiria jasoko dabe. Web gunean www.bertsozale.com edo Bertsozale Elkartean (Igeldo Pasealekua 25, Donostian) jaso zeinkie izena emoteko orria.

Kanpoko inprobisadoreak gurean dagozala aprobetxauta, zenbait saio antolatuko dira herrialde ezbardinetan.

Honen guztiaren bitartez, ahozko inprobisazinoan aditu eta inprobisatzaileen arteko hartu-emon bideak urratzea bilatzen da, diziplina honek kulturbide lez dauen eta garatu leiken lekua aztertuz.

Bertsozale Elkartearen asmoa da, urte bateko ekintza puntuala barik, Kulturarteko Topaketa hau arnasa luzeko topagune baten abiapuntua izatea.