Okeleagaz preparautako hestebeteak
Mantenugaiak
Hestebeteen ur kopurua oso aldakorra izan daiteke % 30-60 bitartean, beti be, hestebeteak izan dauen sikatze mailearen arabera. Gogoratu eizue elikagai bat sikuagoa dan neurrian, elikagai kopuru bardinean ur gitxiago eta mantenugai gehiago jaten doguzala, hau da, konzentratuago dagoala.
Okeleagaz eginda dagozanean, kalidade oneko proteinak daukiez eta gehitzen deutsiezan beste produktuen arabera proteina kopurua % 12-20 bitartekoa izango da (zenbat eta okela proportzino handiagoa izan hestebeteak orduan eta proteina kopuru handiagoa izango dau).
Gehienetan, koipe kopuru garrantzitsuakaz eginda dagozanez (kasu batzuetan produktu honeen koipea % 50ekoa izaten da) eta animalia eratorriko koipea izanda, kolesterol kopuruak maila garrantzitsuetan egon leitekezanez, euren kontsumoa handiegia ez izatea komenidu da.
Elikaduran orekea modu askotan mantendu daitekela gogoratuko dogu, hau da, gure elikaduran animalia eratorriko koipe gitxi jaten badogu, osasun arazoak sortzeko arrisku gitxigaz, hestebete kopuru handiagoak jan geinkez baina gure elikaduran animalien koipea jateko ohiturea badogu, hestebete gitxiago jan beharko geunke.
Hestebeteari gehitzen jakon koipe kopurua be oso aldakorra izaten da hestebetea egiten daben persona edo enpresen arabera; berbarako, oilasko eta paboaren okelegaz egindako saltxitxek koipe gitxi izaten dabe gehienetan.
Edozein modutan be, koipearen propiedadeetako bat gogoratzea komenidu jaku: koipeak janariak gozatsuak eta aroma onekoak izaten laguntzen dau, ahosabairako atseginak izaten hain zuzen be; koipe gitxiko hestebete bat gehienetan sikuegia otuko jaku jateko orduan. Beraz, betikoa, hau da, elikagaiok neurriz eta gustora jaten ikasi behar dogu.
Burdin iturri ona dira (okeleagaz batera) eta bitaminak be okeleren antzera dituez, B12 bitamina izan ezik.
Bestalde, uruna edota patata gehitzen deutsien hestebeteek almidoia edo karbohidrato konplexua be izango dabe.
Azken buruan, hestebete batzuen konposizinoa ikusiko dogu (datuak 100 gramu elikagairako dira):
Energia (Kcal) | Proteinak (g) | Koipeak (g) | Karbohid. (g) | Kolesterola (mg) | Burdina (mg) | |
Butifarra Freskoa | 326 | 13 | 30 | 1,2 | 100 | 1,6 |
Txorizoa | 468 | 17,6 | 44,2 | - | 100 | 2 |
Solomoa Hestebetea | 380 | 17 | 35 | - | 62 | 2,5 |
Mortadela | 265 | 19 | 21 | - | 100 | 2 |
Saltxitxoia | 294 | 14 | 26 | 1 | 100 | 2 |
Franfurt saltxitxak | 315 | 20,4 | 25 | 0,6 | 100 | 2 |
Larraitz Artetxe,
Dietetika eta nutrizinoan diplomatua,
ELAN VITAL Mediku Zentrukoa.
Oporrak pasau eta iraila heldu jaku eta batzuk beharbada bizimodua normaltzen hasiko ziran honezkero nahiz eta gehienok uda sasoia apur bat luzatzen eta iraileko xarmaz be gozetan ahalegintzen garan; beste batzuek, barriz, oraintxe hasiko zituen oporrak. Zagozen lekuan zagozela, gehienontzat urte sasoi hau, beste guztiak legez, noizik behin hestebeteren bat ogi zatitxu bategaz jateko aproposa da, gehienontzat edozein tartetxu eta atxakia ona da txorizo edo saltxitxoi apur bat piketako…; kontuak kontu, horrexek jaten doguzanean, gure gorputzean ze mantenugai jasoten dogun ezagutuko dogu oraingoan.
Konposizinoa
Hestebeteak okelak eraldatuta lortzen diran produktuak dira eta okela hori txikituta egoten da normalean. Hainbat kasutan, okeleaz ganera beste osogai batzuk be izan leikiez: animalia eratorriko koipeak, zitu eta lekaleen urunak, gatzak, aromatizatzaileak (berbarako berakatza), koloratzaileak (pimentoia...) eta beste gehigarri batzuk.
Hestebeteak ondo baino ezagutuko dozuez baina hona hemen batzuk: txorizoak, saltxitxak, solomo-hestebetea, butifarrea, saltxitxoia, sobrasadea...
Aitatutako osogai horreek guztiak heste natural edo artifizialen barruan sartuta preparetan dira eta bai freskotan eta bai kontserbazino metodoren bat (berbarako sikatzea) aplikau ostean jan leitekez. Batzuk gordinik egoten dira eta beste batzuk egosita.
Hestebete gehienak txarri okeleagaz preparetan dira baina kasu batzuetan okela zatiak izaten ditue (behi eta txarri okelearen nahasteagaz egindako txorizoak) edota beste okela mueta batzuekaz be egiten dira (oilasko edo pabo saltxitxak).
Okelearen tratamentu teknologikoa oso zaharra da, berau erabili ezik okelea laster usteltzen dalako; pentsaizue beraz, zelako garrantzia eukan horrek hozkailurik ez egoan sasoietan. Horrezaz ganera, gizaki gehienoi asko gustetan jaku okela kontserbatuaren gustoa eta kontserbazino metodoak asko hobetu diran sasoietan be hestebeteak eta prozesautako beste okela batzuk gustora jaten jarraitzen dogu.