Kulturea  II. urtea // 31. zenbakia - 2003ko abuztuaren 1a

'Euskal lizentziagaz mendiz mendi'


ESAIT

Euskal Selekzinoaren Aldeko Iritzi Taldea 1995eko udagoienean sortu zan eta lehen agerpen publikoa 96ko bagilaren 25ean egin eban. Euskal selekzinoaren gaia jorratzeko berbaldia antolatu eben eta bertan euskal komunikabideetako hainbat kazetari izan ziran.

Taldearen estatutuak 1998ko maiatzaren 8an onartu zituen eta Eusko Jaurlaritzan aurkeztu ondoren, 98ko bagilaren 2an taldearen eraketa-inskripzinoa gauzatu zan.

Taldearen helburu nagusia Euskal Selekzinoa nazinoarteko txapelketa ofizialetan ikustea da baina badagoz beste bitarteko batzuk hori lortzeko lagungarriak izan daitekezanak eta, era berean, euskal nazinoaren identidadea aldarrikatzeko oso baliagarriak diranak: Euskal Herriko federazinoak batuko dituan Kirol Erakunde Nazionala sortzea, euskal lizentziaren ofizialtasuna lortzea edota Euskal Herriko liga eta txapelketa ofizialak kirol mueta eta maila guztietan antolatzea.

Bizkaie!

Horixe da Euskal Selekzinoaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) hirugarren urtez jarraian antolatutako mendi zeharkaldiaren lema. Danetara, bederatzi etapa izango dira abuztuaren 2an Baionan (Lapurdi) hasi eta 10ean Algortan (Bizkaia) amaitzeko.

Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga fisiko eta baztertzaile guztiak desagertarazotea da asmoa eta igaz Iruñean Munduko Pelota Txapelketa jokatzen zala aprobetxauta, euskal selekzinoaren lekua aldarrikatuz, 'Pilota Iruñean dago' lema aukeratu bazan, aurten mendia izango da zeharkaldiaren helburu nagusia eta eskabideak bi izango dira: alde batetik, euskal lizentziaren erabilerea sustatzea eta, bestetik, euskal selekzinoaren aldeko ohiu edo deadarra mendiz mendi zabaltzea.

Euskal Herrian mendizaletasun handia dagoala esan beharrik be ez dago eta munduko mendizale eta eskalatzaile onenen artean euskal ordezkari ugari dagozala (Alberto Iñurrategi, Juanito Oiarzabal, Edurne Pasaban, Josune Bereziartu, Pou anaiak...). Mendiko euskal lizentziaren harian, Euskal Herrian federatuta dagozan ia-ia 22.000 mila lagunetatik % 52k euskal lizentzia dauka baina, halan da be, euskal lizentziaren aldeko apustua egin behar dala dinoe antolatzaileek.

Mendi zeharkaldiaren ibilbidea

Ibilbide dotorea preparau dau Euskal Selekzinoaren Aldeko Iritzi Taldeak Euskal Herriko kostaldean zehar. Mendi zeharkaldia izan arren, ibilbidea erraz-erraza izango da eta parte-hartzaileek igon beharko daben mendi altuena ez da 600 metrotik gorakoa izango. Egunean 15 bat kilometroko bidea egin beharko da eta, beraz, patxadaz egiteko modukoa izan daiteke.

Mendi zeharkaldiaren ibilbidea (Etapak)

- Lehen etapea (abuztuaren 2an, zapatuan): Baiona-Hendaia.
- 2. etapea: Hendaia - Pasai Donibane.
- 3. etapea: Pasai Donibane -Orio.
- 4. etapea: Orio -Deba.
- 5. etapea: Deba - Lekeitio.
- 6. etapea: Lekeitio - Bermeo.
- 7. etapea: Bermeo - Bakio.
- 8. etapea: Bakio - Plentzia.
- 9. etapea abuztuaren 10ean, domekan): Plentzia - Algorta.

Jakingarriak

Igazko mendi zeharkaldian 100 lagun inguruk parte hartu eben eta aurten be antzeko taldea espero dabe antolatzaileek, izan be, hortik gorako taldeagaz arazoak izan daitekez danantzako lo egiteko lekua topetako eta gauzak behar bezela antolatzeko.

Euskal kostaldea ezagutzeko eta kirola egiteko aukera ederra jakina, baina mendi zeharkaldia heltzen dan herrietako bizitzan eragiteko eta sakonean aldarrikapen zehatza dagoala ezagutarazoteko asmoagaz, antolatzaileek ekitaldi asko antolatu ditue herrietan, besteak beste, berbaldiak eta ikusentzunezkoak.

Mendi martxan parte hartzeko 100 euro pagau behar dira eta autobusa, lo egiteko lekua eta gosaria sartzen dira; dana dala, etaparen bat soltean egin gura izan ezkero, badago egon horretarako aukerea be. Edozelan be, informazino gehiagorako edota izena emoteko hona hemen telefono zenbaki batzuk: 943-491626 (ESAIT), 670- 808570 (Ritxi Mendiguren) eta 656- 711275 (Martxel).