Ahozko inprobisazinoa munduan
Kulturarteko Topaketak Euskal Herrian
Kuban repentistak dagoz, Mexikon troberoak, Argentinan eta Uruguain payadoreak, Portugalen eta Galizian regeiferoak, Menorkan glosadoreak, Jamaikan reggae inprobisadoreak, Saharako Tuaregak be inprobisetan dabe, Korsikan beste horrenbeste...; gehienak Euskal Herrian ikusteko aukerea izango dogu datorren udagoienean. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak “Ahozko Inprobisazioa Munduan Kulturarteko Topaketak 2003” antolatu ditu, zemendiaren 3tik 8ra eta bertan ahozko inprobisazinoaren mundu mailako ikuspegi zabal bat hartu ahal izango dogu, non zer ikertzen ari diran jakiteko eta, zelan ez, zuzenean ikusi eta entzuteko. Bizkaie! Aldizkarian izango dozue datozen hileetan barri zehatzagoa, baina zer edo zer aurreratuko deutsuegu.
Urteak dira Bertsozale Elkartea beste herrialde batzuetako antzeko errealidadeakaz kontaktuan dabilena. 96ko Bertso Egunean mundu mailako ikerlari eta inprobisadore batzuk konbidau ebazan, tartean Kubako Alexis Diaz (bere aurkezpen txartelak “Poeta repentista, escritor e investigador” jarten dau), aurten be bisita egingo deuskuna. Joan dan maiatzean, Renoko unibersidadeak antolatuta, nazinoarteko berbaldiak izan dira ahozko tradizinoaren inguruan eta bertan izan da Euskal Herriko ordezkaritzea be, Andoni Egaña, Jon Sarasua eta Joxerra Gartziak osotua.
Hamabost bat herrialdek parte hartuko dabe Topaketetan. Besteak beste, AEB, Argentina, Kuba, Sardinia, Kurdistan, Georgia eta Maroko herrialdeetako gonbidatuak izango dira. “Biz Hitza” lelopean, Topaketok bi zati izango dabez, teorikoa eta praktikoa. Goizez arlo teorikoak landuko dabez Donostiako Miramar Jauregian, munduko ikerlari onenakaz eta arratsaldeetan erakustaldi praktikoak izango dira Donostiako Lugaritz Kultur Etxean. Ikerlariak eta inprobisadoreak, danetarik izango dogu Euskal Herrian, ahozko tradizinoaren beste errealidade batzuk ezagutu daiguzan. Topaketak amaitzeko, zemendiaren 8an Jaialdia izango da Bilboko Euskalduna Jauregian, bertoratutako inprobisadore guztiakaz.
Iñaki Aurrekoetxea
Euskal Herriak ahozko tradizino aberatsa dauka. Horren lekuko da bertsolaritzea, menderik mende euskal kulturean eta gizartean sustraitua jarraitzen dauen fenomenoa. Baina inprobisazinoa ez da euskal fenomenoa, ezta gitxiago be. Munduan edozein kulturak izan dau loturea ahozko tradizinoagaz eta, besteak beste, inprobisetako jokerea munduko herri askotan daukie, edo izan dabe.
Trobadoreak, Payadoreak, Repentistak...
Historian zehar ia munduko kultura guztietan topau geinke ahozko tradizinoren bat. Batzuk aitatzearren: Europan zeltiar eta greziar bardoak, Erromako poeta kantariak, Erdi Aroko trobadoreak, Errusiako kantari kosakoak, Provenzako tentsionistak, Georgiako erostariak; Amerikan Inka Herriko, Txileko eta Argentinako payadoreak, Kubako repentistak; Afrikan Tuaregen tradizinoa, Kongoko arraunlari-poeta kantariak...; Euskal Herrian hamar bat mila urte lehenago jarri geinkez inprobisazinoaren hastapenak, artzaintzaren sasoian. Lehenengo bertsolari ezagunak XVIII. mendean kokatzen doguz: Beñat Mardo, Fernando Amezketarra eta Etxahun.
XX. mendean, ahozko tradizino horren bilakaerea ezbardina izan da kultura bakotxean eta gaur egun batzuk baino ez dira bizirik dirautenak eta oso gitxi bere geroratzeaz arduratzen diranak. Arrazoia funtzino soziala galdu izana da. Garai batean inprobisatzaileak eukazan funtzinoak galduz joan dira, edo hoba esan, ordezkatuak izan dira: barri emoteko funtzinoa komunikabideek hartu dabe eta funtzino ludikoa, denborapasarena, kirolak, antzerkiak, zineak eta telebistak. Euskal Herrian funtzinoaren berregokitzapen bat gertatu da gizartearen bilakaereagaz bat, uritartzen jakin izan dau eta gaur egun gizarte modernoan bere lekua daukala erakusten ari da. Antzeko jokerea izan dau Kubako repentismoak. Gaur egun irrati eta telebista programa daukie bertan, baina hori bai, inprobisadore gehienak nagusiak dira eta transmisino lanik ez da ikusten.