Bertsotan  I urtea // 1 zenbakia - 2002ko maiatzaren 1a - Hamaboskaria

Atxeliko gurutzea


Doinua: 'Juana Bixenta Olabe'

Gazte nintzala talde bat gendun
euskaldun jatorra eta fededun
hartu genduan erabagia
jartzeko gurutz paregabia
esan ta egin
jarri genduan Atxeli mendin
herri osoan ikusi zedin

Zortzi metro ta erdi luzeran
bi metro ta erdi zan zabaleran
aldapan gora geroen pozez
noizik behin jausten ginean auzpez
zazpi mutilak
danok sasoiko eta abilak
borondatezko bihotz umilak

Zazpiko talde gazte senduak
gizatasunean nahiko helduak
Elio, Roman, Sabin, Balendin
Satur, Imanol, Bitoren bardin
kristau gauzetan
euskal ohitura ta jolasetan
ez ginan aserretuko ezetan

Gurutza jarri genduanean
belaunikaturik lurran gainean
Agurtza Deuna hasi genduan
zazpi mutilok fede zenduan
hura zan poza
bete zalako gure amesa
gurutzeagaz gendun promesa

Garai haretan ez gendun uste
izango gendunik gaur hainbat nahaste
hitzak ederrak egintzak labur
eta bakeak egin dau agur
gurutzaz ahaztu
behar ez diran gauzakaz nahastu
lehengo bakerik herriak ez du

Usparitxako mendi gaineko
gurutzea beti dogu gogoko
jarri genduan zazpi mutilak
talde horretan lau dira hilak
baina testigu
egin genduanaren eredu
mendi gainean gurutza dogu

Bertsoak dakarguz Bizkaieren ale honetarako. Hamabostero bertsolaritzearen inguruko artikuluak eta bertso-sortak tartekatzeko asmoa dogu, eta oraingoan, egia esan, irakurleari 'Bertsotan' atalean baino 'Antxina-barri' atalean dagoala begitanduko jako, 1932ko barri kontauko deuskue-eta bertsook.

Bizkaieraz idatzitako bertsoak sareratuko doguz beti. Zaharrak eta barriak. Hasi, hoba ez, bertso zaharrakaz hasiko gara, bertsolaritzearen tradizinoan euskera batuak presentzia nabarmenagoa izan badau be, badiralako gitxi-asko mendebaldeko euskalkian kantau eta idatzi daben bertsolariak. Balendin Enbeita da horreetariko bat.

Kepa Enbeita 'Urretxindorra'-ren semea, 1906an jaio zan Muxikako Usparitxa-Jauregi baserrian. Bertsozaletasuna familiatik hartu eban eta gazterik hasi zan bertsotan. Gerra aurretik Bizkaiko Bertsolarien Sariketea irabazi eban, eta gerra ostean Euskaltzaindiak antolatutako lehenengo Bizkaiko Txapelketa biak, 1958an eta 1959an. Urte horretan Garriko Bertso-Eskolea sortu eban Ariatzan eta trebatu zirala esan geinke Bizkaiko lehenengo bertsolari eskolatuak: Jon Lopategi, Abel, Moises eta Jon semeak, Sardui, Ajuria... 1986n hil zan Balendin, Galdakaoko eritetxean, baserriko teilatua konpontzen izandako istripuaren erruz.

Baina plaza-gizona ezeze, bertso-jartzaile oparoa be izan zan Balendin. Hil zanean 'Bizitzaren Joanean' liburuaren bigarren zatia preparetan ebilen. Gehiago be idatzi eban: garaiko aldizkarietan hainbat poesia eskaini zituan, eta baita Jesukristoren bizitzea kontetan dauen antzerki-obra musikal bat be. Atxeliko Gurutzea izeneko sorta hau 70. hamarkadan idatzi eban, eta Muxikako Atxeli mendian berrogei urte lehenago jazotakoak kontetan ditu.

1932ko urriaren zortzian, zazpi gaztek, tartean Balendin bera, gurutze bat jarri eben Atxelin. Errepublikako bigarren urtea zan, gurutzeak baztertzen ebilzan garaia. Gerora birritan-edo aldatu dabe gurutzea, eta gaur dagoana 1988. urte inguruan jarri eben. Jon Enbeitak kontau deuskunez, Ariatzako Atxelipe Alkarteko lagunek antxinako ohiturea barriztu gura ebela-eta, orain dala lau urte hasita urtero egiten dabe ibilaldia Atxeliko Gurutzera, Andra Mari martikoan (martiaren 25ean). Mendira ibilaldia, hamaiketakoa... eta Balendinen bertsoak kantau.

IƱaki Aurrekoetxea