Bilboko 25. Aste Nagusia: musikea bazter guztietan
Azken buruan, Bilboko taldeek be eukiko dabe euren txokoa alde zaharreko Unamuno plazan; bertan Split 77, Zein?, Sativa, Bosco el Tosco, Young Talent Show edota Zodiacs moduko taldeak igoko dira taula gainera. Horrezaz ganera, konpartsek eurek be egitarau potoloa preparau dabe; aurten, Algara konpartsak, Askapeñak eta Pa…Ya!-k euren txosnak Bailen kalean ipiniko dabez eta, dinogun lez, alkarregaz musika egitarau indartsua aurkeztu dabe. Aste osoan zehar, talde eta musikari ugari izango dira bertan kontzertuak emanez, besteak beste, Gatibu, Betagarri, Fundacion Tony Manero, PLT, Anje Duhalde edota Urbeltzen Dantza Ganbara. Kontuan hartzeko modukoa beraz hiru konpartsen artean osotutako musika egitaraua. Dana dala, ezer barririk ez dogu hona ekarri, ondo baino hobeto dakizuenez, Bilboko Aste Nagusian zehar zenbat-gura kontzertu egoten da bazterretan baina onena jaietan buru-belarri sartzea eta norberak deskubritzea izaten da.
Gotzon Uribe
Abuztua hemen dago eta Bilboko Aste Nagusia be gero eta hurrago. Konturatu barik, aurtengoa 25. urteurrena izango da eta abuztuaren 16tik 24ra bitartean ikusentzuteko hainbat gauza izango doguz Bilbon zehar. Gure atalari jagokonez, musika eskaintza zabala eta ugaria izango dogu aurten be. Barrikuntza nagusienen artean, orain arte ohikoa izan dan “Gas” plazako eszenatokia baztertu (obra batzuk tarteko) eta bertan egiten ziran kontzertu erraldoiak Deustun dagoan Zorrozaurreko lautadara pasauko dira. Horrezaz ganera, kontzertuetarako beste leku bat be atondu dabe, Uribitarte hain zuzen be, Guggenheim Museotik hur.
Arenalean ipinten diran txoznen inguruan be badagoz aldaketak, betiko lekuan egongo dira aurten be baina Arenaleko aparkalekuaren obrak dirala eta, leku gitxiago egongo da; aurte, Bailen kalean be txosna batzuk ikusiko doguz.
Kontzertuei jagokenez, Bilboko jaietan ohikoa izaten dan lez, hainbat talde eta musikari pasauko dira Bilbotik Aste Nagusian. Behinik behin, Zorrozaurren egingo dira teorian jende gehien erakarriko daben kontzertuak. Antolatzaileek Limp Bizkit eta Iggy Pop izarrak ekarri gura izan dabez baina ezinezkoa izan da azkenean.
Aurten, Primal Scream talde ingelesak zabalduko dau lehen egunean eszenatokia. Talde interesgarria benetan Bobby Gillespie kantaria buru duen taldea. Urteak daroazan taldea da berau, plazaratzen daben disko bakotxean aurrerapausuak emonez. Rock musikea eta elektronikea buztartzen dituan taldea dogu eta, esperimentazinoaren harian, esan leiteke arrisku asko hartzen dituan taldea dala. Edozelan be, talde interesgarria izan arren, ez da zale multzo handiak erakarten dituan taldea eta lantzen dauen musikearen aldetik be, publiko zehatza daukala esan behar da. Hori bai, oso interesgarria da holako talde bat Bilbon ikusteko aukerea eukitea.
Reggae musikea entzuteko aukerea ebe egongo da, Alpha Blondy talde klasikoa hurreratuko dalako Bilbora. Bestetik, urtero lez, gau bat beren beregi musika elektronikoari dedikautakoa izaten da eta, aurten, Brand New Heavies taldea konbidau dabe, talde fina pop doinuak elektronikeagaz buztartzen dituana.
Manu Chao eta Sinple Minds taldeakaz, nazinoartean zeozelako indarra daben taldeak ekarten hasi ziran antolatzaileak eta, aurten, HIM talde finlandiarra kontratau gurean ibili ziran; Euskal Herrian lehenago be egondakoak dira eta egunotan euren musikea oso modan dago, rock iluna eta melodia poperoak maisutasunez nahasten dakien taldea da. Azkenean, bertan behera gelditu da HIM taldearen kontzertua. Edozelan be, azken orduan, Alemaniako talde metaleroa kontratau dabe antolatzaileek. Deftones taldearen oinordekoak zeozelan esateko eta Sandra Nasic buru dauen taldeak 'Walk on a thin line' diskoa aurkeztruko dau Bilbon.
Zorrozaurreko eszenatokia beteko daben beste talde batzuk Juanes, La Cabra Mecanica, Dusminguet, Ana Torroja, OBK, Rosendo edota Reincidentes doguz. Ikusi beharko da talde horreek guztiak kapaz diran ala ez espero dan jentetza erakarteko.
Ezin ahaztu, Plaza Berriko eszenatokian beste batzuen artean Mikel Urdangarin, Txuma Murugarren edota Omar Sosa lako artisten beharragaz disfrutetako modua izango dala. Uribitarteko eszenatokian be kontzertu ederrak iragarri ditue, besteak beste, Benito Lertxundi, Kepa Junkera, Karlos Nuñez edota Nacha Pop taldeko kantaria izandako Antonio Vega-ren kontzertuak.