Internauten seguridadea ( II )
Internauten Elkarteak honako arazoen barri izan dau:
Web orrialde pornografikoetara sartzerakoan askotan kreditu txartela ez dala behar (doban dala) esaten da baina konekzino programea deskargau ondoren, gure ordenagailua 906 aurre-zenbakia dauen telefono zenbaki batera konektetan deuskue modemaren bitartez. Aurrizki horregaz hasten diran zenbakiak askozaz be karuagoak dirana jakina da eta horren barri izan ez arren, hileko telefono fakturan ikusiko dogu duda barik. Beste kontu bat: programa horreek batzuetan gure ordenagailuaren egituraketea aldatuko deuskue eta Internet-era konektetan garenean, beti 906 zenbaki batez egingo dogu. Benetan arazo larria gure ekonomiari begira.
Hispasec Sistemas Enpresak arazoari aurre egiteko eta internauten lagungarri izango dalakoan, programa berezi bat garatu dau: Check Dialer. Programa hori Segurtasun Kanpainaren barruan deskargau eta, gura izan ezkero, gure ordenagailuan instalau geinke. Baina zein da bere zeregina?
Labur esateko, telefono zerrenda bi izango doguz: Zerrenda Zuria eta Baltza; geuk aukeratuko dogu zein erabiliko dogun ardatz moduan. Zerrenda Baltza hartzen badogu, bertan ipinten doguzan telefonoetara konekzinoa egitea ezinezkoa izango da. Programak zenbaki batera konekzinoa egin baino lehen, zerrenda horretan dagozan zenbakiekaz konparauko dau eta konekzinoa baimendu egingo deusku ala ez.
Beste aukera bat Zerrenda Zuria erabiltea da. Kasu honetan, zehaztutako telefonoetara baino ezin izango gara konektau. Programa guztiz sinplea da baina emoitza guztiz onak eskaintzen ditu. Ganera, programa oso txikia da 139 Kb baino ez dau okupetan eta Internetetik oso arin deskargau daiteke. Zerrenda horreetan telefono zenbakiak ipinteko 'komodinak' erabili geinkez, hau da, ez da zenbaki osoa idatzi behar, berbarako 906####### idatziz, 906 zenbakiagaz hasten diran guztiak galarazoko doguz.
Gotzon Plaza,
Informatikoa.
Aurreko artikuluan gogorazo genduan legez, Internauten Alkarteak (http://www.internautas.org) Laugarren Segurtasun Kanpaina preparau dau. Aurreko kanpainak 2001 (urriak 15-abenduak 15), 2002 (bagilak 15-garagarrilak 31) eta 2002-2003 (zemendiak 1-urtarrilak 15) urteetan egin ziran.
Segurtasun kanpaina horreen guztien helburuak honexek dira:
- Ordenagailuetatik birusak ezabatzea.
- Segurtasun osoz nabegetako aholkuak emotea.
- Hartu-emon elektronikoen bidez egindako komunikazinoen intimidadea ziurtatzea.
- Baimenik bakoei gure ordenagailura sartzea galarazotea.
- Internauten artean segurtasun tresnen erabilerearen barri zabaltzea.
- Dobaneko segurtasun tresnen barri emotea internauta guztiei.
- Teknologia barrien zentzuzko erabilerea sendotzea.
- Internauten jakituria teknologikoa bultzatzea.
- Internet sarearen erabilera fidagarria indartzea.
- Internet-en erabilera seguruaren ideia beste talde batzuetara be zabaltzea, besteak beste, enpresa ta erakunde sozialetara.
Normalean, segurtasunaren gaia birusekaz lotzen dogu eta gure ezjakiturian, antibirusa jarri ondoren, amaitutzat emoten dogu arazoa. Sarritan antibirus hori gaurkotu egin behar danik be ez dogu jakiten edo gogoratzen: gure antibirusak instaletan dogun ordurako balio dau baina kontuan izan behar dogu egunero-egunero birus barri ugari agertzen dirana eta eguneratu ezean gure antibirusa balio bakoa izango dala.
Kanpaina horren barruan, Symanec Enpreseak bere 'Norton Internet Security' 30 eguneko dobaneko zerbitzua eskaintzen dau. Ez bakarrik antibirusa baita spam-a (zaborra) kontroletan dauen produktua be, su-ebalea be integrauta dauka eta gure datuak enkriptau egingo deuskuz.
Eskaintzen dan beste programatxu bat 'Check Dialer' izenekoa da, Hispasec Sistemas Enpreseari esker. Programa hau Beta bertsinoa da, hau da, ez da merkatura atarako daben azken-azkena baina aprobak egiteko egokia eta dobanekoa da. Guztion gomendioekaz eta azken ukutuekaz, bertsino hau laster izango da merkatuan.