Bidaide  II. urtea // 31. zenbakia - 2003ko abuztuaren 1a

'Indiak Nepal kontrolau gura dau eta, horregaitik ez jako interesetan herrialdearen aurrerabidea'

Nepalgo gatazkearen nazinoarteko dimentsinoa


Nazinoartearen interesak

Nepalen zehar ibili ondoren, oso deigarria iruditu jaku indar armatu ofizialen behin-behinekotasuna edo prekariedadea:

'Gerrillearei behar bezela aurre egitea ezinezkoa da. Euren rifle eta granadei erantzuteko ez dogu arma barririk eta, beraz, kanpamentu militar bat erasoten daben bakotxean, soldaduak hil eta sekulako sarraskiak egiteaz ganera, arma guztiak eroaten ditue. Gu gara gerrilearen helburua baina ez dira konturatzen soldaduak eta poliziak herritar arruntak garala, ezelako interes eta alderdikeriarik barik, azken batean, hemen sartuta egotearen arrazoia gosez ez hiltea da'.

Guri bitxia eta harrigarria otu jaku, bizi laburrekoa eta gerrillari-kopuru urriko taldea izanik, horrenbeste arma eukitea. Edozelan be, B.C. jn.ak berehala emon deusku erantzuna:

'Nepal ez jako interesetan mendebaldeari baina India eta Txinarentzat oso garrantzitsua da. Maoista gerrilleak Indiako herrikideen eta Sri Lankako tamilen babesa dauka. Txinak ez ditu maoistak era ofizialean babesten baina armak eskaintzen deutsoz. Orain gitxi, Txinatik etozan AK-47 asaltoko 400 rifle atrapau genduzan kontrol batean. Ofizialki, Indiak ez dau gerrillea babesten baina Nepal kontroletea gurako leuke eta, horregaitik, gatazka giroari eutsi gura deutso, izan be, ez jako interesetan Nepalen garapena'.

Maoista gerrilleak sano kaltetu ditu Nepalgo azpiegitura guztiak:

'Aurrerabidea dan guztia birrintzen dabe, telefono-lineak, errepideak, posta-bulegoak...; herria XVI. mendean lez eukitea gura dabe. Uraren kontrola lortzea be oso garrantzitsua da. Indiak askatasun osoagaz erabili gura ditu gure baliabide naturalak baina, zorionez, Txinak ezezkoa emoten deutso eta Nepalgo independentzia lortzeko nahitaezkoa da hori. Dana dala, laguntzino hori ez dabe doban emoten jakina; horren truke, Nepalek Tibet babesten edo laguntzen ez jarraitzea gura dabe; kontua da ze India be Tibet babestearen alde dagoala. Jaubetuko zinien honezkero, beti gagoz erraldoi biren burrukearen erdian...'.

Nepal eta India arteko muga-postu batzuk zabalik dagoz eta, hortaz, Nepal zein Indiako edozein askatasun osoz pasau daiteke. Horrezaz ganera, muga-postu horreetan ez dago bigilantzia eta kontrol larregirik eta oso erreza da armak edo edozer sartzea:

'Egia esan, ez dago giza baliabide nahikorik muga-postu horreek guztiak kontroletako'.

B.C. hasarratzen hasi da, gugana hurreratu eta gobernuaren kontra berba gogorrak erabili ditu:

'Poliziak, soldaduak eta zibilak egunero hilten diran bitartean, ministroak herrian dagozan apurrak ostuten dabilz. Aberastasuna ez da behar bezela inbertiduten. Mendebaldetik datorren laguntzinoa gobernuko ofizialen lur guztietarako ibilgailuak erosteko erabilten dabe.'

Guri oso deigarria otu jaku Nepalgo herritarren lasaitasuna hain larria dan egoerearen aurrean. Polizia inspektoreak erantzun deusku hasarrea eta egonezina barruan dituela:

'Herritarren artean bildurra da nagusi eta euren ardurak azaltzen be ez dira ausartzen. Gobernuaren edo gerrillearen kontrako kritikak egin ezkero, arriskua handia da. Nepal atzeraka doa eta irabazitako apurra galtzen doa uste baino arinago. Kontua da ze maoistak eta gobernuaren aldekoak, danak dirala nepaldarrak; danok gara hemengoak eta, itxuraz behintzat, danok gura dogu onena herrirako. Gauzak holan dirala, zergaitik gabilz bata-bestea erasoten, hilten eta herria birrintzen? Nire ustez, alde biak eurenean gogor dagoz, ez dabe atzera egin gura eta negoziazinorik be ez dabe onartzen'.

Inspektorearen irribarrea aspaldi desagertu zan.

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama


Hutsik egin barik, sasoiz heldu gara Nepalgo uriburutik, Kathmandutik 100 kilometro baino gitxiagora dagoan Mugling herrira; bertan polizia inspektorea da B.C. eta berbatutako alkarrizketarako zain topau dogu. Goizeko 8:30ak dira eta kaleetan sekulako zaparradea dago. Mugling-eko poliziaren komisaldegia hormigoi hutsezko etxe txiki bat da eta inguru guztia zarratuta dauka segurtasun larregirik bako hesi batez. Zarratu horren atzealdetik kolore urdineko uniforme ofizialagaz hiru polizia agiri dira morroilodun rifle zaharrakaz armaturik. B.C. jn.ak ez dau bere izenik emon gura baina alkarrizketarako prest azaldu da eta jagotaldietarako egurrezko etxolan irribarrez agurtu gaitu. Barruan, gainean telefonoa baino ez dauen mahai bat eta inguruan hiru jesarleku baino ez dagoz. Nire laguna eta biok poliziaren aurrealdean jesarri gara eta bart maoista gerrillearen erasoan lau polizia hil ondorengo kontakizunagaz jarraitzeko gogoz gagoz. Emoten dau konfiantza osoa dauela gugan ze, jakin badaki, Nepalen tabu diran gaien ganean be itaunak egingo deutsaguzala. B.C., 25 bat urteko gaztea da baina hamar bat urte daroaz Nepalgo segurtasun indarretan beharrean. Nepalgo gatazkearen ganeko bere bertsinoa emoteko gogo handiagaz dagoala barruntau dogu eta guk ezin genduan aukerea galdu:

'Espero dot kontauko deutsuedana zuon herrialdean hemen pasetan danaren barri eukiteko balio izatea eta jenteak benetako egoerearen barri jasoteko'.

Maoista gerrillearen jatorriaren eta historiaren ganean azalpenak emoteko eskatu deutsagu:

'Gerrillea sortzeko arrazoi nagusiak bi dira: herrialdeak bizi dauen pobrezia gorria eta gobernuaren korrupzinoa. Horregaitik, hasieran jente askoren babesa eukan; orain, barriz, ezkutuko aurpegia erakusten hasi dira: basatikeria gordina. Sistema oker edo etsigarriaren kontra egiten dabe burruka baina eurek proposatzen dabena ez da hobea. Txinako Herri Errepublikearen antzeko sistemea gura dabe baina askosaz zorrotzagoa edo itxiagoa eta eurek kontrakoa esan arren, demokraziarik ez dabe gura eta horixe da herri honek behar dauena'.

Denpora guztian irribarretsu egon arren, inspektorea estu edo urduri dagoala igarten da. Ahots apalez berba egiten dau eta berbak ondo neurtzen ditu; hori bai, salaketa gogorrak egiten ditu:

'Gaur egun, gobernu bi dagoz Nepalen: alde batetik, Kathmandu eta inguruak eta ekialdea kontroletan dituana eta, bestetik, maoistea, mendebaldeko lekutako ingurualdeak kontrolpean dituana. Bien jarrerak oso gogorrak dira eta batek be ez dau amore emon gura; beraz, bakea ezinezkoa da'.