Zinea  II. urtea // 30. zenbakia - 2003ko garagarrilaren 15a

The Hulk


Duda izpirik be ez dago komikia Hollywood-ek erabilten dauen baliabiderik handienetariko bat dana merkatuan arrakasta entzutetsuak jadesteko. Dana dala, laurogeita hamarreko hamarkadan holako egokitzapen lanak egiten hasi ziranetik, ez da bape ohikoa izan The Hulk filmak baturiko antzezle prestigiotsuen moduko aktore zerrendarik ikustea.

Aktoreen izena gorabehera, Bat-manen dotorezia, Dick Tracyren purismo eta Spider-manen egokitasunaren ostean, film honek ezin euskun aparteko ezustekorik opetsi. Dana dala, ez genduan ezelan be itxaroten hain txarto orekaturiko film gatxa. Protagonistearen tristezia, min eta trauman larregi sakontzen dau, itxura eta era honetako filmetan horretarako bape arrazoirik egon ez arren. Ekintza biziko makina bat eszena dauka, baina pelikulea janzkera transzendental berezi baizen alperreko batez bilbatu gura izan dabe. Nahasteari ezin jako inondik inora oratu, benetan.

Sano gatxa egingo jatzue pelikulan sartzea; ganera, amaieran ez jatzue erraza izango film honetatik libretea, ordu bitik gorako iraupena dauelako. Beharbada, erakargarriena lehenengo zatia izango da, pertsonaia nagusiaren umetako gomutak azaltzen deuskuezan flashback-ei esker. Edozelan be, filma aldats luze baten sartzen da, erritmoak arian-arian behera egiteko. Amaiereak efektu bereziz jositako eszena ikusgarriak izanagaitik be, ikusleak behin eta barriz itaunduko deutso bere buruari zelan buztartu leitekezan hasikerako planteamentu transzendentala eta akzinoz betetako amaierea.

Iragarpenek urteko filmik onenetariko bat agindu baeuskuen be, esan behar dogu desorekatu eta desbideraturiko ptodukzino lan kaskar bat besterik ez dala, ikusgarritasun eta berezitasunaren arteko zubi lana egiten ez dakiana. Filma gazbakoa eta deskafeinatua begitanduko jatzue, besterik ez.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Ang Lee.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 138 minutu.
- Interpretazinoa: Eric Bana (Bruce Banner), Jennifer Connelly (Betty Boss), Sam Elliott (Ross), Josh Lucas (Talbot), Nick Nolte (Bruce-ren aita)….
- Gidoia: John Turman, Michael France eta James Schamus; Stan Lee eta Jack Kirby-k sortutako pertsonaietan oinarrituz.