Zinea  II. urtea // 30. zenbakia - 2003ko garagarrilaren 15a

Katharine Hepburn handia hil da, 96 urte zituala


'Tsarina'

Hepburn-en lankide batzuek inbidia eta sarkasmoaren ukutu batzuekaz zabaldutako Tsarina ezizena karrerearen hasikeratik jatorko; izan be, 1928an Baltimore-n eszenatoki ganeko lehengo lana eskuratu eban, Tsarina izeneko antzezlanean.

Oso izakera gogorrekoa izanda, Hollywood-en miretsi bai, baina zuzendari batzuk beraren bildur zirala aitatzen izan da beti. Lau Oscarrak eta hamabi sari-proposamenak beste inork bardindu ez dauen marka bat dira. Egia esan, ganerako aktoresak hurreratu be ez dira egin maila horretara. Andrazko altu, bizkor eta seguru honen subertea 25 urtean lotu jakon zurrutari ospea baina pantailan itxura ezin hobea eban Spencer Tracy handiari. Haregaz batera, Hepburn-ek bederatzi film egin zituan.

Amesetako bikotea

Biek Hollywood-eko amesetako bikotea osotu eben, 1942an 'Urteko andrazkoa' izeneko pelikulan behar egin ebenetik. Alkarregaz egindako azkenengo beharra 'Ezetz jakin nor datorren gaur gauean' filma izan zan, kritikari batzuen esanetan, Hollywood-en arrazismoaren ganean eginiko lanik garrantzitsuena. Pelikula hau filmau zan urtean, 1967an, Tracy hil zan; Hepburn-ek azken unera arte lagundu eutson.

Sekula ez ziran ezkondu; izan be, Tracy katolikoak ez eban andreagandik banandu gura, besteak beste, bien ume minusbaliatuagaitik. Hepburn-ek egoera hori onartu eta ahalegin handiak egiten zituan, aktoreak, alkoholismo arazoak arazo, lan barriak lortu eizan.

Katharine Kepburn handia hil da, baina beti agertuko jaku Hollywood-eko historia liburuetan. Hamabi biderrez proposatu ostean, aktoresarik onenari emondako lau Oscar eskuratu zituan. Danetara, berrogeita hamar pelikula filmau zituan eta beti harro-harro agertu zan Hollywood-eko eskakizunetara makurtu ez zalako. Frank Caprak ondokoa esan eban beraren ganean: 'Andrazko asko dagoz eta ganera Kathy dago. Aktoresa asko dagoz eta, ganera, Hepburn'.

Joseba Terreros

Katharine Hepburn antzezle handia, Hollywood-eko izarrik handienetarikoa, bagilaren 29an hil zan bere etxean, 96 urte zituala. Beraren karrera luzean Oscarra irabazteko hamabi biderrez proposatu eben eta urregorrizko estatutxua lau biderrez eskuratu eban, beti antzezle nagusi modura. Oso film gogoangarriak interpretau zituan sasoi horretako aktore nagusiakaz, berbarako Humphrey Bogart, Gary Grant eta urte askoan bere amodioa izandako Spencer Tracy-gaz.
Hepburn-ek Broadway-n ekin eutson antzezpen lanari. Lehenengo Oscarra 1933an jadetsi eban 'Egun bateko Loria' filmagaitik. Unekada baten eszenatokietatik kanpo egon eta gero, 1938an ostera be itzuli zan Howard Hawks zuzendariaren 'Nire ume sumikorra' pelikulearen eskutik. Zinean buru belarri jardun arren, sekula ez eban antzerkia baztertu.

Hirurogeita hamarreko hamarkadara arte, Katharine Hepburn-ek Hollywood-eko antzezlerik emonkorrenetariko bat izaten jarraitu eban, bere bizitasunari, antzezpen-dohain zoragarriei eta eraldatzeko eukan aparteko gaitasunari esker. Lortu eban azken arrakasta handia 1981ean filmauriko 'Urregorri koloreko urmaela' pelikulea izan zan; pelikula honetan egindako lanagaitik karrerako laugarren eta azken Oscarra emon eutsien.