Urdaibai, kultur azpiegituretan eskas
Edorta Jimenez,
Idazlea.
Apirilaren 21ean Bermeoko Nestor Basterretxea udal kultura aretoan 'Nabarra boua eta Matxitxako guda' izeneko erakusketea zabaldu dabe. Erakusketa hau, Sabino Arana Kultura Elkargoko Euskal Abertzaletasunaren Museoak atondua, apala da guztiz, baina balio handikoa, barriz, sentimentuen aldetik.
Nestor Basterretxea aretoan ikusi ahal danari gitxi deritxonak badauka nora jo, gaia sakontzearren. Hain zuzen be, hortxe dago erakusketa honetan aholkulari jardun dauen Juan Pardo San Gilen 'Euskadiko Gudontzia / La Marina de Guerra Auxiliar de Euzkadi (1936-39)' liburu osoa, Donostiako Untzi Museoak argitaratua bera. Liburu horretan ez dagoana alperrik bilatuko da beste inon, oraingoz behintzat. Dana dala, bada beste liburu eder bat, erderaz, gaiari buruz. 'La batalla del Cabo Matxitxako; de arrantzales a gudaris del mar'.
Bermeoko erakusketea osotzeko, aginduta dago liburu itxuraz ederra; hain zuzen be, Bizkaia Bouko kapitain jardun eban Alejo Bilbao ‘Betarra’ komandantearen 'Apuntes de la guerra en el Mar Cantábrico'. Gai honek erdi zoratuta gaituanoi luze egingo jaku maiatzaren biaren arteko tartetxua, hori eguna izango dalako liburuaren aurkezpenarena. Esan behar, gaiari ekinaz, egun horretan bertan emongo dala Bermeon Nabarra bouaren ganeko dokumentala, Nestor Basterretxea aretoan.
Bouak makailao-ontziak izan zirala gogoan, hor dago 'En los grandes bancos de Terranova' izeneko liburua (Txertoa). Liburu hau, izatez, makailaoaren arrantzearen historia osoa da, hasi antxinako denporetan eta gerra osteraino. José Mª Benevides, Luis Mª Jimenez de Aberasturi eta lehenago aitatu dan Juan Pardo dira liburuaren egileak. Baten batek liburuagaz nahikoa ez baleuka, jakin bei horrek makailao-ontzietan ibili izan ziran batzuk bizirik dagozala gure itsasbazterreko herrietan.
Bermeotik Gernikara, hilaren amaiera aldera bonbardaketearen urteurreneko ekitaldiak izan dira Arbolearen gerizpetan. Egitarauaren garrantzia ukatu barik, honezkero Lizeo aretoa zabalik dogula da aurtengo apirilak ekarri dauen barri nagusia. 'Gernika, Bakea eta Kulturaren uria' irakurten genduan sasoi baten Gernikako sarbideetan eta hango Kultur Etxearen zereginari garrantzia ukatu barik, lar erixten neutsan nik goiburu horri. Urtearen luze-zabalean herrian izaten diran ekitaldiak gogoan hartuta, orain artekoan antzerkiaz, musikeaz zein zineaz non gozau leku egokia falta izan da, batez be Gizarte Etxea behera bota ebenetik. Ni neu hango Zine Klubaren zalea naz eta pozarren hartu dot Lizeo zaharra barriztauta zabaldu dabelako barria. Hau dana Gernikako Elai-alai aretoaren kalidadeari ezer kendu gura barik dinot, izan be leku atsegina da eta aitatu dodan hori.
Egia esan, Urdaibai eskualdea eskas dabil kultur azpiegituren aldetik. Aitatu dogun Bermeoko Nestor Basterretxea ez da holako herri handi batek behar dauena. Halan bada, ia ba egunen baten orain hantxe geldi dagoan antzokia berreskuratzen dan. Mundakan, ostera, aspalditik gauzatu barik dagoan asmo zaharrari ekin jako; Tribisarrospe Eskolak konpondu eta hortxe izango dogu herriko Kultur Etxea. Udaldian herrian izaten dan jente-jarioak eskertuko leuke, bai, kultur egitarauren bat balego, itsasbazterreko beste herri batzuetan egiten dan moduan, hain zuzen be, aisialdia, olgetea eta kulturea neurri-neurrian eskainiaz. Dinodanaren adibiderik behar bada, horra hor Lekeition udaldian egiten dan Kale Antzerkiaren jaialdia. Kale antzerkia kalean egiten da, jakina, baina uda sasoiari Mundaka herriak emon leikion mamiaz jaubetzeko balioko dau adibideak.
Literaturearen alorrera igaroaz, egunokaz garrantzi handiko liburua irakurteko modua izan dot. ‘Letra txikiaz bada ere’ da liburuaren izena, eta Joan Mari Irigoien horren sortzailea. Bilboko Gabriel Arestik bere poesia ‘mailua’ zala esan ebanetik hona ez dogu olerkigintza hain zibilik irakurri. Liburu ausarta, egunerokoen hariari tiratuaz idatzia, Euskal Herrian bizi dogun girotik zelan edo halan urten behar dogula esanaz, kemenez eta zuzentasunez idatzia, Irigoienena. Bazterrak astinduko dauzela dudarik ez, irakurle.