Gonzalo J. Auza: 'euskal jatorrikoak 3 miloe eta erdi inguru gara Argentinan'
Gonzalo Javier Auza (Juan de Garay Fundazino Eusko-Argentinarreko Komunikazino eta Garapenaren arduraduna)
5. Argentinako Euskal Etxeen Federazinoaren (FEVA) barruan dago 1983an jaiotako Juan de Garay Fundazinoa. Zeintzuk dira zuen egitekoak eta lan jarduerak?
Fundazinoa Euskal Etxeen jarduerea osotzeko asmoagaz sortu zan. Gizarte gaiak, dantzak, gastronomia, aisialdia eta beste arlo batzuen osogarri, ikuspegi akademikoan, ikerketan, euskal kulturearen zabalkundean sakontzea zan asmoa. Azken urteotan, ikerketa genealogikoak, historikoak egin doguz eta dibulgazinoaren arloan, berbaldiak emoten eta Interneten eduki asko sartzen gabilz, beti be, etorkizunean euskal kulturea zabaltzeko asmoagaz.
6. 'Los Vascos en la Argentina' genealogia liburuaren 3. argitalpena honezkero, euskal-argentinarren sustraiak argitu guran. Zerenbestekoa da lan honen garrantzia?
Beharraren garrantzia sekulakoa da eta aurrekoen erantzuna ikusita, orain 3. argitalpena preparetan gagoz. Guk dakigula ameriketan gizatalde bakarra gara era honetako beharra atondu dauena. Liburu honetan, Argentinan dokumentautako 10 mila euskal abizen agiri dira eta oso oinarri aberatsa da edozeinentzat.
7. Oraintsu lankidetza hitzarmena sinatu dozue Eusko Ikaskuntzak erakundeagaz. Ganerako euskal erakunde edo alkarteakaz zelako hartu-emonak dozuez?
Hartu-emon onak doguz eta hartu-emon horreetan gehiago sakontzea da gure asmoa. Euskaltzaindiagaz kolaborazino aukerak aztertzen gabilz, agentzia desbardinen bidez, Eusko Jaurlaritzeagaz hartu-emonetan gagoz, Iparraldeko Euskadi-Argentina Alkarteagaz be kontaktuan gagoz, Euskal Herriko komunikabide batzuekaz lankidetzan gabilz eta argitaletxe batzuekaz be oso ondo konpontzen gara.
Koldo Isusi Zuazo
Buenos Airesen (Argentina), 1972an jaioa. Gaur egun Humanitate eta Teknologia buztartuz dihardu beharrean.
Gasteizen hilaren 14tik 18ra egingo dan Euskal Gizataldeen III. Kongresuan eta egun batzuk lehenago, munduan zehar sakabanatutako euskal etxeetako ordezkarien Gaztemundu egitarauan parte hartzeko etorri da Euskal Herrira eta agenda betea dauen arren, minutu batzuk ostu deutsaguz.
1. 'Auza, han baduk gauza; baina neok ezin ar' alegia zaharragaz amaitzen dozuz zure e-mail mezuak. Nondik dator Auza abizena?
Alegia zaharra da hori. Auza mendia aitatzen da, abizenaren jatorrizko lekua ez bada be. Lekuan lekuko alegiaren arabera, Auza mendian barruan altxor handia gordetan dauen kobazulo bat dago eta sarrerea jagoten sugea eta akerra dagoz. Historian zehar, jente asko hurreratu da altxorra ostu guran baina inork be ez dau lortu. Horregaitik, bertako herritarrek dinoe Auzan gauzak badagozala egon baina inork be ezin izan dituala hartu.
Auzatarrak izatez nafarrak dira, Ultzama aldekoak hain zuzen baina gauzak ez dagoz hain argi eta nire sustraiak ikertzen jarraitzen dot. Nire birraitita euskalduna zan, beraz, hiru belaunaldi gagoz Argentinan baina kontuan hartu, berbarako nire emaztea izango danak 11 belaunaldi dituala Argentinan.
2. Euskal Gizataldeen Kongresuan parte hartzeko etorri zara. Zeintzuk dira jorratuko dozuezan gaiak?
Lau urterik behin egiten da eta labur esateko diasporako euskal etxeen jarduera guztien plangintzea egiteko eta euskal etxeen eta Euskal Herriaren arteko hartu-emonak zehazteko alkartzen gara. III. Kongresu honetan, komunikazinoa, gizarte ekintza eta kultura arloetan berenberegi erakundeen arteko korrelazinoa, euskal kulturearen proiekzinoa, azken lau urteotan egindako beharraren azterketea eta hurrengo lau urteetarako ekinbideak jorratuko doguz.
3. Argentinan euskal gizatalde handia dago (Argentinarren % 10 inguru euskal jatorrikoa da) eta herrialdean zehar ugari dira Euskal Etxeak. Zoritxarrez, krisi ekonomiko, politiko eta sozial larria bizi dozue, zein da zure eretxia?
Aitatu dozun datu hori batez bestekoa da. Ikuspegi kontserbadorearen arabera, argentinarren % 3-5 bitartean dira euskal jatorrikoak baina jarrera baikor eta aurrerakoiagaz, % 17ko datua aitatu daiteke. Gauzak holan dirala, % 10eko hori nahikoa zehatza izan daitekela uste dot eta Argentinan 35 miloe garala kontuan hartuta, euskal jatorrikoak 3 miloe eta erdi inguru izan daitekez. Hori bai, argi itxi behar da horreek guztiek ez dabela euskal jatorriaren kontzientziarik. Argentinan 45 Euskal Etxe ofizial dagoz baina askosaz gehiago dira eta datu legez esango deutsut bazkideak 17 milatik gora dirala.
Bestalde, 2001an hasitako krisia baretzen hasi bada be, egia da egoera larria bizi dauela Argentinak azken aldian. Euskal jatorrikoek zelan bizi daben krisia zehaztea ez da erraza ze maila guztietakoak dagoz. Jakina, euskal etxeetako bazkideen artean arazo sozialak be badagoz eta bai Eusko Jaurlaritzeak eta bai FEVAk laguntzinoak emon ditue.
Argentinako ekonomia zeozelan egonkortu egin bada be, krisiaren sakoneko arrazoiak ez dira desagertu eta pobrezia, gosea, hezkuntza arazoak eta ganerakoak hor dagoz. Argentina herrialde aberatsa da, besteak beste, baliabide naturalak eta petrolioa dituana eta aitzeko erraza ez bada be, arrazoi asko tarteko Argentinak ondare asko galdu dau atzerriko kapitalaren eraginez. Guri jagokun erantzukizuna ukatu barik, nazinoarteko egoerearen biktima be bagara; Argentinak bere kanpo zorra birnegoziau behar dau eta nazinoarteko moneta fondoaren presinoak sufriduten ditu. Arazoa larria da eta konponbidea emotea ez da erraza politika ekonomikoak eta era guztietakoak ezartzeko independentziarik ez dauen herrialdearentzat.
4. Argentinatik zelan bizi dozue Euskal Herriaren egoerea?
Oro har, diasporan giro euskaltzalea eta abertzalea bizi dogu eta euskal etxeetako kideok Euskal Herriaren egungo errealidadea zabaltzeko ahaleginak egiten doguz ze gurera heltzen diren barri apurrak ETAren atentaduen ganekoak izaten dira. Konpromiso politikoa be badago hemen, izan be, bi probintzietako parlamentuetan Idahoko Adierazpena onartu dabe. Gure ustez, Euskal Herriagazko konpromiso sendoagoa beharko geunke.