Munduko ardaoak (Bordelen, Vinexpo 2003)
Ardaoa munduan zehar
Gero eta herrialde gehiagotan egiten dira ardaoak baina mahatsondoa landatzeko, ezinbestekoa da ezaugarri batzuk gordetea. Ezaugarri nagusia klimea da eta horren barruan, tenperaturea eragin handikoa da.
Vitis generoko mahatsondo gehienak lurralde epeletan dagoz, ez jakezalako muturreko tenperaturak gustetan, ez hotzak ezta beroegiak be. Bero moderatuagaz dagoz gustora.
Udan, batez beste, 25º C izaten dituen lekuetan mahatsondo-landaketea oso eskasa da; era berean, euriteak edo siketeak be zeregin garrantzitsua dabe. Urtean 200 mm. euri baino gitxiago daben lurraldeak mahatsondoa landatzeko eskasak dira eta lurralde euritsuetan be mugaturik dago mahatsondoen landaketea. Halan da be, mahastizaintzan hasi dira azken aurrerakuntzak erabilten eta baldintza naturalen aurrean erreakzionetan, batez be, Australian; esan leiteke mahastizain onenak eta ospetsuenak Australian dagozala.
Gauzak holan dirala, mahatsondoa landatzeko, mahatsaren heldutasun-aldiak luzea izan behar dau frutua emoteko prozesua baldintza egokietan bideratzeko; negua, barriz, hotza izatea behar-beharrezkoa da mahatsondoak 'deskantsua' hartu dagian. Aitatutako klima ezaugarri horreetan sartzen dan tartea ipar-hemisferioko 30-50º eta hego-hemisferioko 30-40º parametroen artean dago, hau da, ipar-hemisferioan ondokoak sartuko geunkez: Maroko, Algeria eta Tunisiako kostaldea; Frantziako Champagneraino ia Europa guztia eta Ozeano Bareak hartzen dauen AEBko kostaldea eta New York, Boston, Washington inguruko zatia. Hego-hemisferioan, barriz, honexek sartuko litzatekez: Argentina, Txile, Uruguay, Hego-Afrika, Australiako hegoaldea eta Zelanda Barria.
Hemisferio horreetatik kanpo badagoz salbuespen batzuk, baina oso gitxi, tarte horreetan hotz edo bero handiegia egiten dauelako; kasu horreetako bat Mexiko da.
Mikel Garaizabal,
Enologoa eta sommelierra.
Pasa dan bagilaren 22tik 26ra Bordelen, Vinexpo Feria egin zan. Vinexpo, munduko ardao feria garrantzitsuena da. Aurtengoa 12. edizinoa izan da eta feria hau bi urterik behin egiten da. Aurten, 40 herrialdeko 2.500 erakusle izan dira eta lehenengo estimazinoen arabera, 120 herrialdeko 60.000 bisitari batu dira Vinexpo ospatu dan 5 egunetan.
Egia esan, ikusgarria da feria hau, besteak beste, 90.000 metro koadroko erakus-aretoa dagoalako. Feria honetan, mundu osoko ardaoak edateko aukerea dago. Egun bakarrean ezin da gauza askorik ikusi baina esperientzia ederra izan da. Feria honetara joan baino lehen guk bagenkian zer gura genduan ikusi eta zein herrialdeko erakusmahaiak bisitauko genduzan. Goizean, Txileko ardaoak probetan ibili ginan eta gauza interesgarriak ikusi genduzan bai kalidadearen eta bai prezioaren aldetik be. Libanoko ardaoak be asko gustau jakuzan eta Argentinako ardaoen ganean zer esan..., nahiko onak dira eta prezio aldetik zer esanik ez; danok dakigunez, Argentinarrek krisi handia bizi dabe eta horrek eragin handia izan dau ardaoaren prezioan be.
Hungriako erakusmahaian be denporalditxua egin genduan eta bertan Tokay ospetsuak probetan oso gustora ibili ginan. Gure atalaren jarraitzaileak bazarie, Tokay ardaoa mahats ustelagaz eginiko ardaoa dala jakingo dozue; dana dala, ez da ustelketa arrunta, bertako klima bereziagaitik, ustelketa noblea sortzen da. Mahats horregaz eginiko ardaoa, ardao gozoa izaten da baina bere ezaugarri nagusia ardao horren azidotasuna da; horrek gozotasuna orekatzen dau zeozelan eta ardao zoragarria da benetan. Zenbat eta mahats ustel gehiagogaz egin, orduan eta hobea eta zelan ez karuagoa izango da.
Osterea amaitzeko eta ahoan gusto onagaz alde egiteko, Kanadiako izotz ardaoak probetan joan ginan; ardao honeen ezaugarria mahatsaren mahats bilketa momentu zehatza izango litzateke. Ardao mueta hau mahats alea izoztuta dagoanean egiten dabe, arin prentsara eroan eta ura izoztuta dagoala aprobetxauta, azukera eta azidoak atara eta, era horretara, ardao gozoak egiten ditue.