Kulturea  II. urtea // 30. zenbakia - 2003ko garagarrilaren 15a

'Alkarregaz heldu', Ibilaldia 2004


Ibilaldia 2004 'Alkarregaz heldu' lemapean

'Alkarregaz', 'Alkarrekin', 'taldean', 'besteakaz batera' ibiltea ikastolen ezaugarrietako bat dalako; partaidetzea eta alkarlana ezaugarrietako bat da, hezkuntza proiektuko ardatzetako bat, izan be, ikastolen taldeko partaide gara. Proiektu komun batean gabilz beharrean eta gure ekarpena egiten deutsagu gizarteari hezkuntzea, euskerea eta euskal kulturea buztartuz. Ikastolen ekarpena oraindino beharrezkoa da gure gizartean baina, era berean, Ikastola bakotxeko hezkuntza komunidadearen parte be bagara; ikasleak, gurasoak, langileak eta laguntzaileak osotzen dogu komunidade hori eta alkarlana da gure identidadearen adierazgarrietako bat. Esangura horretan, bi ikastolok alkartzen gara oraingoan eta konpartitzen dogun proiektua gauzatze bidean alkartzearen beharra, ezinbestekotasuna, azpimarrau gura dogu.

Bestetik, 'Heldu' berbeak hainbat esangura ditu. Ailegatu, etorri, iritsi, oratu, ondu, sasoitu, eutsi, lotu, atxiki, ekin, larritasunean dabilenari laguntzea. Kontuan hartu, bi ikastolen arteko ekitaldia izango dala. Beraz, 'Alkarregaz ekingo deutsagu' bideari. Alkarri lagunduz geroa eregiten goaz. Azken batean, geroari begira, alkarregaz bidea egitea, alkarregaz proiektu komunak gauzatzea adierazo gura dogu lelo horregaz.

Bizkaie!

Gero eta gitxiago falta da datorren urteko maiatzerako eta honezkero hurrengo Ibilaldiaren ganeko kontu batzuk jaso doguz. 2004ko Ibilaldia Leioan egingo da eta bertako Betiko eta Sopelako Ander Deuna ikastolek antolatuko dabe jaia.

Euskerearen lekukoa lamina batek hartuko dau, surf taula baten gainean, 'Alkarregaz heldu' deiadar eginaz agertuko jakun lamina bereziak hain zuzen be. Lamina hori, Leioako Lamiako parajetik etorritakoa hain zuzen eta Sopelagaz lotzeko surf taula bat ipini deutse. Horrexek izango dira datorren urteko Ibilaldiaren leloa eta ikurra.

Helburua euskal kulturea eta euskerearen sustapenean laguntzea da eta, horren harian, euskerea komunikazino tresna bihurtzea, izan be, Uribe Kosta eskualde euskalduna izan arren, kalean euskera gitxi entzuten da.

Edozelan be, 2004ko Ibilaldiaren aurkezpenean, Koldo Tellitu Betiko Ikastolako lehendakariak nabarmendu eban ikastolak ez dirala euskerea ikasteko lekua bakarrik, hezkuntza proiektu sendoa dagoala tartean. Tellitu jn.aren esanetan, euskeraz ez eze, euskaldun hezi gura ditue ikasleak, Euskal Herriko errealidade historiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean parte hartu dagien.

Egun berezian batuko dan diruagaz aitatutako ikastola biek dituen azpiegitura beharrizanei erantzungo jake. Betiko ikastolak leku gehiago behar dau bigarren lerroa egokitzeko eta kirol azpiegiturak erabarritzeko; horrezaz ganera, ikastolearen betiko amesa eta beharra izan dan frontoi-polikiroldegi estalia eregi gura dabe. Beste alde batetik, Ander Deunak matrikulazio eskariari aurre egiteko azpiegitura barrien premina dauka, izan be, 2004an 0-1 urte bitarteko umeentzako eskaintza zabaltzea da asmoa eta 1-3 urteko eskariari erantzuteko gela bat egokitzea. Aurre-eskolako matrikulazino eskariari erantzuteko be azpiegitura barriak behar ditu eta, ganera, ikastolako eraikina bera zaharbarritzeko asmoagaz dabilz.

BETIKO (Leioa) eta ANDER DEUNA (Sopela)

BETIKO Ikastoleak 0-16 urte bitarteko neska-mutilentzako Hezkuntza Proiektua eskaintzen dau, hau da, Haurtzaindegia, Haur Hezkuntzea, Lehen Hezkuntzea eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzea. Danetara, 310 ikasle, 30 irakasle eta 13 langile dira.

Ikasleen % 70 Ikastolak antolatzen dituan eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzen dau eta, jakina, jarduera horreek guztiak euskera hutsean egiten dira. Leioan euskereagaz eta euskal kultureagaz lotura daben aktibidade guztietan erreferentetzat har daiteke.

ANDER DEUNA IKASTOLA orain 35 urte sortu zan. Hasierako proiektuak hiru zutabe nagusi zituan: euskerea eta euskal kulturea, herrikoia izatea eta partaidetzearen aldeko ahalegina.

Ander Deuna Ikastola guraso eta langileen Irakaskuntza Kooperatibea da eta ikaslearen erabateko prestakuntzea da helburu nagusia. Euskal kulturearen zabalkundea eta euskerea komunikazino hizkuntza arrunt bihurtzea da ardatza. Proiektu nagusiak: Hizkuntza Proiektua, Kalidade Egitasmo Integratua, Eleaniztasun Proiektua, Euskaraz Bizi, ...

Proiektu globala eskaintzen dau 1-18 urte bitartekoentzat (Haur Hezkuntzea, Batxillergoa eta Derioko Eskola Politeknikoagaz alkarlanean, Lanbide Heziketea). Danetara, 700 bat ikasle dabilz eta beharginak 70 bat dira, horreetatik 53 irakasleak.