Gipuzkoako Bertsolari txapelketea 2003
Informazino gehiago, irailean
Elkarteak irailean beste prentsaurreko bat emongo dau eta han azalduko ditu Gipuzkoako Txapelketan parte hartuko dabenen izenak, taldeak, ariketak eta ganerako xehetasun guztiak.
SAIOAK NOIZ ETA NON:
LEHEN FASEA: Irailaren 26tik urriaren 12ra bitarteko asteburuetan egingo dira saioak.
FINAL-LAURENAK:
- Urriak 25: OÑATI
- Urriak 26: ORDIZIA
- Zemendiak 1: HERNANI
- Zemendiak 2: ZUMAIA
- Zemendiak 9: ANDOAIN
FINALERDIAK:
- Zemendiak 16: ESKORIATZA
- Zemendiak 23: ZARAUTZ
- Zemendiak 30: TOLOSA
FINALA:
- Abenduak 14: IRUN
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak III. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketea antolatu dau irailaren 26tik abenduaren 14ra. Plazaz-plazako jarduna lez, txapelketea be bertsogintzan eta bertsolaritzan aurrera egiteko bidea da, planteamentu eta formulazino bat baino gehiago dituana. Gipuzkoan bertan, filosofia eta helburu ezbardineko txapelketak egin dira ia azken 15 urteotan, eta bakotxak bere ekarpenak egin deutsoz sasoian sasoiko bertsolaritzeari. 1991n eta 1995ean buruz buruko txapelketak izan ziran eta 1999an Herri Arteko txapelketea izan zan taldeka. 2003ko udagoienean, buruz buruko txapelketea egingo da barriro eta helburu nagusia Gipuzkoako bertsolaritzeari arnasa eta gorputza emotea da. Txapelketa honek arnasa emon gura deutso batez be bertso eskoletatik eta ikastetxeetatik etenik barik datorren bertsolaritzearen mobimentu barriari; era berean, lehendik dagoanari bideak jarri gura deutsoz, indartzen, gorpuzten eta zabaltzen jarraitzeko. Aurrerantzean, Gipuzkoako Txapelketea lau urterik behin egingo da eta Bertsolari Txapelketa Nagusian sartzeko be balioko dau.
Erakargarria eta zabala
2003ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketeak parte hartze benetan zabala eta erakargarria izango dau. Parte hartzaileen izenak irailean bertan aurkeztuko ditu antolakuntzak baina dagoeneko aurreratu daiteke guztira 70 bertsolari inguru agertuko dirala taula gainean. Euskal Herriko txapelketako finalean kantau eben bertsolari gehienak Gipuzkoako Txapelketan izango dira Belodromoaren atarian gelditu ziranakaz batera. Eta, zelan ez, atzetik leku eske datozen bertsolari gazte on asko be txapelketa honetan izango dira irailetik aurrera. Esangura horretan, Bertsozale Elkartearen ustez, Gipuzkoako Txapelketeak maila handiko txapelketea izateko baldintzak ditu eta herrialdeko bertsogintzan aurrerapausu kualitatiboak emon eta eragiteko indarra izango dau.
Eskualdeka hasi eta Irunen Finala
Udagoienean jokatuko dan bertsolari txapelketa honek bi fase nagusi izango ditu. Lehenengo fasea eskualdeka jokatuko da, Herriarteko Txapelketaren filosofiari eutsita. Fase horretan, bertso eskolek eta beren inguruak parte hartze zuzena izango dabe saioen antolaketan eta planteamentu horren helburu nagusia da bertsolaritzearen oinarria lantzea. Saio bakotxean 6 bertsolarik kantauko dabe. Eskualdeko fasearen ondoren, final laurenak eta finalerdiak jokatuko dira urrian eta zemendian eta Finala Irunen izango da: Artalekun hain zuzen, abenduaren 14an, arratsaldez. Finala Irunen izateak be badauka bere garrantzia. Gipuzkoako eskualde guztiek ez dabe bertsolaritza tradizino bera eta, Elkartearen ustez, txapelketako ekitaldi nagusia Bidasoa ertzean izateak hauspo lana egin leike eskualde horretan guztian, bertsolaritzea indartzeko hainbat eragile egiten ari dan esfortzua eta beharra bultzatzen laguntzeko. Horixe da, hain zuzen be, arrazoi nagusia ekitaldi hori aurten 800 urte beteko dituan urian egiteko.
Txapelketa sasoian eztabaida foroa eta informazinoa interneten
Elkarteak Gipuzkoako Txapelketearen ganeko informazino guztiak interneten jarriko ditu www.bertsozale.com helbidean. Nobedade nagusia, barriz, txapelketeari buruzko foro irekia izango da. Bertsozaleek, aurten lehenengo aldiz, txapelketa sasoian euren eretxiak emon, eztabaidak planteau eta abar egiteko aukerea izango dabe Elkarteak interneten jarriko dauen eztabaida foroan. Eztabaidaz ganera, aitatutako helbidean alkarrizketak, saioetako kronikak eta puntuazinoak, bertsolari, gai jartzaile eta epaileen datuak, Gipuzkoako bertsolaritzearen ganeko zenbait datu eta bestelako jakingarriak be izango dira.