Euskerea berbagai  II. urtea // 30. zenbakia - 2003ko garagarrilaren 15a

Uda sasoian be euskeraz


1500 ikasle Ikastolen Alkartearen udako hizkuntza eskaintzetan

Euskal Herri osoko 1500 ume eta gazte inguruk hartuko dau parte BIEk aurtengo udarako preparau dauen hizkuntza eskaintza oparoan.

Ikasleentzako oinarrizkoa dan planteamentu eleanitzagaz ikastolek erakutsi daben konpromisoa berretsiz, aurtengo udako hizkuntza eskaintzak hiru proiektu ditu oinarri: 'Enjoy English', 5 eta 12 urte bitarteko ume eta gaztetxoei zuzendutako igeleserako ikastaro berezia.

Bestalde, 'Ingeles Udalekuak' 10 eta 16 urte bitarteko nerabeentzat pentsauta dagoz. Aurtengo Ingeles Udalekuetan Euskal Herriko eta Errioxako 536 gaztetxu parte hartzen dagoz pasa dan bagilaren 28an hasita. Udalekuok Lekeitioko RM Azkue, Bermeoko Eleizalde, Ondarroako Zubi Zahar, Kanboko Xalbador eta Sopelako Ander Deuna ikastolak ditue kokaleku.

Azken buruan, Atzerriko Egonaldiak be aitatuko doguz, izan be, BIEk ia-ia hamarkada bat daroa atzerriko egonaldiak antolatzen.

Hiru proiektu horreek eleaniztasuna, ingelesera eta euskerea lantzea dabe helburu nagusi baina bada beste proiektu bat euskerea eta asialdia buztartzeko helburuagaz, hain zuzen, Euskal Udalekuak. Aisialdiaren arloan, ume eta gaztetxuek euskerea erabiltea sustatu gura daben Udalekuok Arabako Oionen egiten dagoz garagarrilaren 3tik 27ra bitartean eta, guztira, 50 neska-mutil dabilz bertan.

Informazino gehiago (BIE: 94-4354340)

Bizkaie!

Uda sasoia oso aproposa da urtean zehar ikasitakoa erabilteko edo neguan egin ez doguzan ahaleginak egiteko eta ez dago beraz atxakiak topetan ibilterik: neguan urri badira, udan euskeraz berba egiteko aukerarik ez dagoala, berbalagunak oporretan joan dirala eta bestelakoak. Ikasitakoa ez galtzeko badagoz egon aukerak eta batzuen barri emongo dogu.

Familientzako egonaldiak, Zenbat Gara Alkartearen eskaintzea

Familia osoei zerbitzu bat emotea da Bilboko Zenbat Gara Alkartearen helburua, kontuan hartuz, umeentzako udalekuak ugari dirala bazterretan. Hirugarren urtez, familientzako egonaldiak antolatu ditue Nafarroako Aurizberrin, Urrobiko kanpinean eta, era horretara, begiraleen zuzendaritzapean, etxeko txikitxuenek jolasak, tailerrak, kirola, antzerkia eta betelako jarduerekaz disfrutauko daben bitartean, gurasoek Aezkoako paraje ederrak bisitetako aukerea izango dabe. Garagarrilaren 14tik abuztuaren 10era zenbait ekitaldi izango dira aukeran.

Beste alde batetik, gazteentzako proposamen ugari ditu Zenbat Garak, besteak beste, Itsasmendi Egitaraua, Euskal Herriko mendialdea eta kostaldea ezagutzeko aukerea edota D ereduan egon arren, guraso eta inguru erdaldunak dituelako udan euskera gehiegi erabilten ez daben gazteentzako bost eguneko egonaldia Nafarroako Bakaikun.

Informazino gehiago behar izan ezkero, hona hemen web helbidea: http://www.zenbatgara.org

AEKri esker, oinez edo bizikletaz beti euskeraz

AEK-k bizikletaz egiteko barnetegi ibiltaria eta oinez egitekoa proposatu ditu. Bizikletazko barnetegia garagarrilaren 31n, Urduña (Bizkaia) hasiko da eta abuztuaren 10ean Zumaian (Gipuzkoan) amaitu. Hamaika etapatan, txirrindulari-ikasleek Araba iparraldeko urtegiak, Nafarroako basoak, Piriniotako bi aldeak eta Gipuzkoako kostaldea ezagutuko ditue. Egunero 50-65 kilometro bitartean egitea da prebisinoa baina bakotxaren preparazino fisikoa kontuan hartuta, saio luzeagoak eta laburragoak be egingo ditue. Helburua urtean zehar jasotako euskerea praktiketea da eta, horrezaz ganera, ikasleek lekuan lekuko euskerea entzutea eta ezagutzea.

Abuztuko sargoria ebitau guran, aurten lehenengo aldiz, oinezko barnetegia antolatu dau AEK-k Sakanako Mankomunitatearen laguntzinoagaz. Irailaren 1etik 9ra, bederatzi etapatan, alde batetik bestera zeharkatuko dabe Aralar mendilerroa eta, ondoren, Sakana eta Larraun haranak bisitauko ditue. Bazkalosterako, barriz, bestelako ekitaldi batzuk preparau ditue, besteak beste, Gorriti eskultorearen lantegia, Azkarateko grabazino estudioa eta Baraibarreko gaztaigile bati bisitea.

Informazino gehiago behar izan ezkero, hona hemen web helbidea:
http://www.aekanet.net