Cantharellus pastela
Zelan egin:
Lehenengo eta behin, cantharellus-ak garbitu eta preparau behar dira. Horretarako, eskuekaz garbitzen doguzan bitartean, besteak beste, orri eta lur garauak kenduz, urez betetako kazola bat jarriko dogu surtan irakiten. Behin perretxikoak garbi-garbi daukaguzanean, uretan eskalfauko doguz minutu batez irakinda eta gero uretatik atereaz. Prozesu hau oso garrantzitsua da, izan be, perretxikoari barruan dauen ura atarateko egiten da; ganera, cantharellus-aren ura oso usain gogorrekoa da eta prozesu honegaz usain hori kenduko deutsagu.
Cantharellus-ak prest dagozanean, pastela egitea baino ez jaku falta. Pudin moldearen paretak gurinez tapauko doguz edo eta gura babaduzue albal papelagaz tapau. Beste alde batetik, kazola batean jarriko doguz ondoko osogaiak: esnegaina, tomate saltsea, arrautzak, cantharellus-ak eta gatz apur bat; hori guztia, thurmix-agaz pasauko dogu dana desegin arte eta, ondoren, moldean ipiniko dogu nahaste guztia. Hurrengo pausua laban sartzea izango da. Pudin moldea albal papelagaz tapau behar da laban sartzeko eta 'baño marian' egosiko dogu pastela 150 gradutara ordubete eta erditik bi ordutara bitartean, beti be, labearen arabera. Pastela eginda dagoan ala ez jakiteko aizto txiki bat molde erdian sartu eta atara ostean garbi atara behar da, bestela denpora gehiago itxi beharko dogu.
Eginda dagoala ikusten dogunean, pastela labatik atara eta hotzitzen itxi behar da moldetik atara baino lehen ze berotan egiten badogu apurtu egingo jaku. Hotzitu ondoren, moldetik atara eta prest izango dozue jateko. Kontuan hartu, pastel hau hotz jatekoa dala eta, gura izan ezkero, maionesa saltsea erabili geinkeala. On Egin.
Beñat Ormaetxea,
Aretxondo Jatetxko Sukaldaria.
Kaixo lagunok, udea aurrera doa eta guk egunero jan behar dogunez, hasi gaitezan ba denporea galtzen ibili barik jateko barriak egiten ikasten.
Laster hasiko da gure basoetan onddo eta perretxikoen denporaldia eta gu momentua noiz helduko zain gagozan bitartean, errezeta bat preparetan hasiko gara, basoetan perretxikoak agertzen diranean, zer eta zelan egin jakiteko. Oraingoan, pastela landuko dogu, cantharellus perretxikoagaz egindako pastela egiten erakutsiko deutsuet. Amantala jantzi eta goazen beraz suetera.
Cantharellus pastela
Osogaiak (Pudin molde baterako)
- Litro erdi esnegaina.
- Litro erdi tomate saltsea.
- Bost arrautza.
- 200 gr. cantharellus (gordinik pisauta).
- Gatza.