Barriketan  II. urtea // 30. zenbakia - 2003ko garagarrilaren 15a

Nerea Onaindia (Athletic Clubeko nesken Kapitaina): 'ameseta gozoa izan da aurtengo denporaldia'

Igazko bagilean, Bizkaie! Aldizkarian argitaratutako alkarrizketan, Andoni Zubizarreta, Athletic-eko Kirol Zuzendariak aurreratu euskun talde zurigorriak laster emakumeen taldea izango ebala, egia esan, Jabier Uriaren programan egoan emakumeen taldearen kontua. Athletic Clubaren eta Leioa Emakume Futbol Taldearen arteko bategitearen ostean, urtebeteko tartean Athletic-eko neskek lortu dabena sekulakoa izan da: Lezamara zein San Mamesera hurreratu diran milaka zaleren berotasunagaz, Superligea eta Europarako txartela irabaztea hain zuzen. Kopa Txapelketan huts egin eben lehenengo kanporaketan Estudiantes taldearen kontra (1-0 kanpoan eta 5-5 Lezaman). Edozelan be, tituluak irabaztea ondo egon arren, zaleen artean biztu daben ilusinoa eta onarpena azpimarrauko neukez; emakumeez osotutako futbol taldeak aspaldi sortu ziran Euskal Herrian baina oraintsu Athleticek emakumeen taldea atarateko hartutako erabagiak mesede handia egin deutso emakumeen arteko futbolari. Hau iraultzearen hasierea baino ez da. Datorren denporaldiari begira, Athletic Clubeko emakumezkoen taldearen aurkezpena garagarrilaren 23an izango da Lezaman eta, lansaioaren ondoren, IƱigo Juaristi entrenatzaielak prentsaurrekoa emongo dau.

1. Zorionak Nerea aurtengo denporaldiagaitik eta zorionak emakumeen futbolak bizi dauen susperraldiagaitik. Aurtengo denporaldiaren amaieran lesino larria izan zenduan eta ebaketa osteko errekuperazino prozesuan atrapau zaitugu. Zelan zagoz? Futbolean noiz barriro?

Ondo eta pozik ze ebaketea ondo joan zan eta honezkero muleta barik nabil; medikuek errekuperazino prozesua ondo doala esan deustie eta ni neu be ondo sentiduten naz. Prozesua luzea izango da eta ondo egoteko gabonak arte itxaron beharko dot, hori bai, nik ahalegin guztiak egingo dodaz arinago hasteko; atara kontuak, entrenetan hasteko gogo itzelagaz nago. Leitekeana da arinago entrenetan hastea baina kontua da ze gitxienez 6 hilebetekoa izaten dala ebakuntzearen osteko geldialdia. Lesio larria izan da nirea, 'triada' ezaguna baino gogorragoa. Abuztuan jokatuko diran UEFAko partiduak eta ligaren hasierako partiduak galduko dodaz.

Belauneko lesinoa baino lehen, pentsauta neukan pare bat urte gehiago jokatzea futbolean, izan be, urte asko egon gara burrukan eta orain disfrutetea toketan jaku. Gauzak okertzen ez badira behintzat datorren denporaldia eta hurrengoa egin gurako neukez.

2. Superligako azken partidua San Mamesen jokatu zenduen Hispalisen kontra (5-0) eta 35 milatik gora zalegaz batera ospatu zenduen titulua. Harrera ofizialak izan dira Gasteizen eta Bilbon baina Gabarrea atara ala ez sekulako eztabaidea sortu da. Ospakizunak noizko itxi behar dira?

Gabarra kontuagaz gu ez gara larregi arduratu. Ospakizunen harian, ligearen amaieran eta Uria presidentearen heriotzeagaz gauzak asko hotzitu dira eta ez dakigu zeozer egingo da ala ez. Edozelan be, lehenengo urtea da eta superligea irabazi arren, hobe geldiro-geldiro joatea. Jarraitzaile kopuruari eutsi ezkero eta San Mames edo Lezama beteten jarraitu ezkero, akaso orduantxe izan daiteke momentua ospakizun handietarako. Arriskua izan eikean aurten gabarrea ataratea, jentearen erantzuna jakin barik.

3. Zergaitik izan da hain garrantzitsua Athletic taldearen babesa?

Athletic, hemen Bizkaian eta Euskal Herrian oso gauza bitxia da, sentimentu berezi bat da, nik holan sentiduten dot eta zale askok be bai. Athletic lako talde batek guri babes eta baliabide guztiak eskaintzea nahitaezkoa eta erabagiorra izan da susperraldirako; gero taldeak eta zaleek eurek be primeran erantzun dabe. Lezamara 2000-3000 zale hurreratzea sekulakoa izan da baina azken partiduetan, Lezaman eta, batez be, San Mamesen bizitakoak ameseta gozoa izan dira.

4. Oraingo zaparradeagaz, bateren batek pentsau leike emakumeen futbola oraintxe sortu dala. Edozelan be, zuk zeuk eta beste askok urteak daroazuez futbolean. Hemetik aurrera errazagoa izango ete da ?

Bai, egia da, gu luzaroan gabilz futbolean, ez bakarrik jokatzen, taldea aurrera atarateko dirua nondik edo handik ataraten eta emakumeen futbola suspertu guran. Ni neu direktiban nago 91-92 denporalditik eta danetarik egitea tokau jat. Burrukea luzea eta gogorra izan da baina gauzak badoaz aldatzen, guretzako saria izan da Athletic taldean jokatzea. Emakumeen futbolean gauza asko dagoz egiteko baina uste dot Athletic taldearen babesak mesede egingo deutsola oro har emakumeen futbolari. Danon ahotan gagoz, talde barriak sortzen ari dira, erakundeak laguntza gehiago emoten hasi dira eta neskak gazte-gaztetan hasten dira futbolean, afizinoa gero eta handiagoa da...

5. Emakumezkoen futbola Bizkaian 1970ean agertu zan gitxi gora behera. Durangoko Kemen, Zeberioko Ekintza, Galdakaoko Gorantza, Arratiako Soberano..., hasierako erreferentziak dira. Noiz, zelan eta zerk edo nork eraginda hasi zinan futbolean?

70ean, ni neu jaio nintzan urtean agertu zan emakumezkoen futbola. Ni 6-7 bat urtegaz hasi nintzan ikastolan, gehienetan mutilekaz ze sasoi haretan neska gitxi animetan ziran. Txikitan ez zan desbardintasun handirik igarten, izan be, danok be bardin antzeko gorputza geunkan; geroago, 14 urtegaz, Algorta nire herrian futbol taldea sortu zan, Bizkerre hain zuzen be eta han hasi nintzan. Pare bat urtetan hondartza txapelketetan parte hartu genduan eta gero ekin geuntson liga federatuari. Zazpi urte egin nituan Bizkerren. Gero Sondika taldera pasau nintzan eta han beste zazpi urtetan egon nintzan. Hortik aurrera, Sondika desagertu ondoren, Leioa sortu genduan.


6. San Mamesen emakume batek sartutako lehenengo gola zurea izan zan. Datu gogoangarria. Futbolean ibilitako urte guztietan, bestelako momentu berezirik gogoratzen dozu?

Sondika taldeagaz liga lehenengoz irabazi neban momentua ederra izan zan ze ordura arte, Bizkerre taldeagaz beti geratzen ginan bigarren, hirugarren edo finaletan gol bategaitik kanpoan. Horrezaz ganera, liga hori irabazi genduan urtean, Euskadiko Selekzinoagaz estaduko txapeldun geratu ginan eta hori be polita izan zan. Horrezaz ganera, Leioa sortzea zoragarria izan zan ze benetako emakumeez osotutako taldea zan; ordura arte, beti egon gara gizonezkoez osotutako direktibatan eta arazo larregi egoan; Leioa, geure-geurea zan, guretzako behar egiten genduan eta aurrera pausu handia izan zan. Geroago, Athletic Clubaren babesa lortzea oso garrantzitsua izan da.

Momentu berezien artean, pare bat aitatuko deutsudaz: alde batetik, San Mamesen sartutako gol hori amesetako kontua izan zan nahiz eta ordu lauren beranduago lesionau. Jentearen berotasuna gogoangarria izan da. Bestetik, Lezamako lehenengo partidua be gogoan daukat. Athletic Taldearen kamisetea lehenengoz jantzi genduan momentua be ez daukat ahaztuteko. Sekulako jentetzea egon zan bertan eta gu ez gengozan ohituta, normalean gure partiduetara 100 bat persona joaten ziralako, gehienak lagunak eta familiakoak. Aurtengo esperientzia gehienak oso onak izan dira.

7. Zelaietan makinatxu bat irain eta berba txar entzungo zenduzan: futbola gizonezkoen kirola dala, futbolean dabilzan neskak marimutilak dirala eta antzeko kontuak. Era horretako eretxiak desagertzen doazela eta emakumeak gizarteko esparru guztietan sartzen doazela pentsetan dozu?

Baietz esango neuke. Sufridutakoak sufriduta, bolada hobeak datozela pentsetan dot. Nik neuk, zorionez ez dot sekula era horretako esperientzia txarrik izan. Txikitan mutilek ondo onartu ninduen eta, momentu batzuetan, nik esatea ondo ez badago be, mutil askok baino hobeto jokatzen neban eta irakasleak edo entrenatzaileak poz-pozik egozan. Jakina, beti egon dira eta dagoz futbola gizonezkoen kirola dala esan eta esaten dabenak edo zelaietara nesken bernak ikusten joaten diranak baina, oro har, ni egon nazan lekuetan ez dot ezelako arazorik izan. Hori bai, nesken direktibea onartu arte burruka gogorrak izan genduzan, gure eskubideak lortu arte.

8. Leioa Emakume Futbola Taldearen progresinoa parebakoa izan da. 2000ko maiatzean sortu zan eta lurralde zein Nazional mailan erraz nagusitu da. Aurten Superligea irabazita, mailari eustea da erronka. Athletic Taldeak emakumeen B talderako deialdia egin dau oraintsu. Athletic taldearen babesik bako taldeak ahultzea edo desagertzea ekarri leike erabagi horrek?

Ez dot uste. Pausu guztiak ondo pentsauta egin dira. Lehenengo eta behin Bizkaiko talde guztiekaz hartu-emonak egon dira eta guztien baimen eta akordioekaz hartu dira erabagiak, azken finean, mutilean taldeetan egiten dan moduan. Ganera, gehienak erregional mailatik hartu dira eta aurten bigarren taldea nazional mailara pasau da; orduan, erregional mailan ibilteko ez dot uste arazorik izango dabenik. Bestalde, kontuan hartu behar da, aurten biztu dan afizinoagaz, gero eta neska gehiago animau dirala eta taldeak osotzeko ez dala aparteko arazorik izango.

9. Emakumeen futbolean, Norvegia, Suedia, Alemania, Japonia edo Kanada dira erreferentzia. Zer falta da hemen herrialde horreetako mailara heltzeko?, noizko emakume futbolarien profesionalizazinoa?

Lehenengo pausua emonda dago. Urte hau oso garrantzitsua izan da; ikusi da jenteak eta komunikabideen aldetik be jarraipen zehatza egin deutsazuela emakumezkoen futbolari. Profesionalizazinoa ez da berehala etorriko baina nik uste dot laster emakume futbolariok zeozer kobretan hasiko garala eta publizidadea be indartzen joango dala mundu honetan. Gu geu beharra ahalik eta ondoen beteten ahaleginduko gara, ikuslegoari eusteko edo zale gehiago lortzeko eta emoitzak berez etorriko dira geldiro-geldiro.

AEBetan eta Japonian liga profesionalak dagoz baina esan behar da urte asko daroezala futbolean. AEBetan oso txikitatik hasten dira neskak, eskola guztietan dagoz aukerak eta, datu legez esango deutsut, azken munduko txapelketan 60 mila lagun alkartzen zirala zelaietan.

10. Athleticek antolatuko dau 2003-04 denporaldiari jagokon UEFA Womens Cup-eko Taldeen Faseko 7. Multzoa. Alemaniako txapelduna dan Frankfurt, S. Uniaoren (Portugal) eta 2. Multzoko (FYR Mazedonia, Austriako SV Neulangbach, Eslovakiako SK ZSNP Ziar Nad Hronom eta Txipreko Ledra) irabazlearen kontra jokatu beharko dozue. Zaleok zer espero behar dogu?

Ez dago jakiterik, talde bat bera be ez dogu ezagutzen eta guretzat lehenengo esperientzia izango da, gauza barria. Frankfurt taldea izan daiteke gogorrena baina ganerakoen barri zehatzik ez dogu. Bilboko Aste Nagusian, abuztuaren 21etik 25era izango dira partiduak eta momentu ona izan daiteke jentea hurreratzeko eta Europako futbola ikusteko. Talde bakarra pasetan da hurrengo fasera eta erraza ez da izango. Espero dot sailkatzea, era horretara, jokatzeko aukerea izango dodalako ze bestela, lesinoagaz ez naz helduko.

Koldo Isusi Zuazo