Nepal (II): alperreko heriotza baten kronikea
Nepal, 2002ko urriak 28
Beste kasu bat
Azken sugarra amatau arte zain egongo da aita gero semearen errautsak errekara bota eta berraragipen prozesuari hasierea emoteko; guk geuk egur-meta sugarretan itxi eta herrirako bidea hartu dogu. Erretako okelearen hatsa desagertzen doa bidean gora goazen bitartean eta zur eta lur geratzen gara geugaz datozen hildakoaren senitartekoek garbitzeko edo purifiketako asmoz arpegia garbitzeko esaten deuskuenean.
Hauxe da Nepalgo deklarau bako gerra zibilean bizia galdu daben 7300 lagun baino gehiagoren amaierearen historia. Bidebako sistema politiko baten burubakokeriak eta norabide edo jarrera logiko bako talde gerrilleruak herrialdeko semeetako bat eroan dau eta familia bat kide bat gitxiagogaz geratu da. Halan da be, egoeran edo gatazka giroan ez da ezelako aurrerabiderik izan. Alperreko heriotza baten kronikea.
Bizkaie!-ren hurrengo zenbakian Nepalgo polizia inspektore bati egindako alkarrizketea eskainiko deutsuegu eta, besteak beste, gatazkearen nazinoarteko dimentsinoaren barri emongo deusku.
Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama.
Maoista gerrilleak deitutako greba orokorrak herrialdea geldiarazotea lortu eban eta urriko egunik gogorrenetarikoa izan zan. Egun horretan, 50 maoista erreboltari eta segurtasun indarretako 10 kide hil ziran eraso eta aurrez-aurrekoetan. Eraso horreetako batzuetan, helburua argia zan: kanpamentu militarretan egozan arma guztiak ostutea. Erasoetako baten baino ez eben lortu helburua eta lau polizia hil zituen; armak ostuteko asmoagaz egindako bigarren erasoan, 32 erreboltari eta kapitain bat hil ziran lekutako aireportu batean. Sarraskiaren ganeko sinisgarritasun gitxiko ohar ofizialean, goraipatu egin eben 55 soldaduz osotutako taldeak 4000 erreboltarik egindako erasoari eusteko egindako beharra. Bien bitartean, Kathmanduko leku turistikoetan lau leherkailu eztandarazo zituen eta bildur-ikarea izan zan nagusi.
Mugling, arratsaldeko 17:35
Demelsa Gonzalez, nire bidaialaguna eta biok ostatuan gengozan Nepal erdialdeko Mugling herritxoan osterea egin ondoren eta, ezustean, Fernando Robles hirugarren bidaialaguna tupustean sartu eta aranasestuka azaldu euskun oso hur maoista gerrillearen erasoa izan zala eta biktimetako bat gu gengozan lekura ekarrela errausteko. Bideo kamarea eta argazkiak ataratekoak hartu eta oraindino barria barruratu barik, herriko zubirantza joan ginan arineketan. Han, txilioka berbaz egozan 40 bat lagun inguru egurrezko hilkutxaren ondoan. Gu agertu ginanean, batzuk hasarratu egin ziran eta irudiak hartzea galarazo euskuen. Berehala, polizia bat hurreratu eta nongoak ginan eta gure ogibidea zein zan itaundu euskun. Europako kazetariak ginala erantzun geuntsonean, gure beharra egiteko baimena emon eta inguruan egozan guztiei gure asmoen barri emon eutsen. Hortik aurrera, gure kontrako jarrera hori asko samurtu zan. Poliziak jakinarazo euskun hildakoa Nepal mendebaldeko Mugling ondoko herritxuan, Dumkidaseko arma biltegia jagoten egozan lau polizietako bat zala. Erasoa bart izan zan eta hildakoa herrikoa zanez, herrira ekarren gorpua errausteko.
Hildakoaren aita bazter batean ikusi genduan, isilik, kutxeari begira, inguruan egoan zaparradeari jaramonik egin barik. Azkenean, inprobisautako hilkutxea zabaldu eban senitarteko batek. Beste bi arin hurreratu ziran eta ganerakoak be adi egozan. Gorpua izara batez tapauta egoan eta albo batera aldatu ebenean, irudi gogorra ikustea tokau jakun: gizonak hiru bala-zauri zituan, horreetako bat buruan eta beste biak bularrean. Aita sendo egoan baina geldi. Eszena ulertezina zan guretzako: ez zan negarrik entzuten eta inork be ez eban ezelako sentimenturik adierazoten. Budismoan heriotzeak beste esangura bat dauka: berraragipenaren hasierea da.
Erraustearen errituala
Hildako poliziaren ahoan loreen petaloak eta ura sartzen ditue bedeinkapen modura eta, berehala, hilkutxea zarratu, lau gizonek lepora altxau eta bide harritsu eta aldapatsu batetik erreka bazterreraino doaz. Gaua da eta bidea argitzeko parafinazko eskuargiak daroez eskuetan. Emakume guztiak herrian gelditu dira, izan be, debekaturik dago eurentzat ekitaldiotan parte hartzea. Edozelan be, Demelsa gure lagunari ez deutse ezelako trabarik ipini errekaraino joateko. Erreka bazterrean, prest dago egur-meta. Isilean, hilkutxea lepoan daroela, metaren inguruan hiru buelta emoten ditue hildakoaren berraragipena errazteko edo. Erritual horren ondoren, gorpua kutxatik atara eta egur-metaren gainean jartzen dabe. Deigarria izan da guretzako, gorpua ez garbitzea edo preparetea errausteari ekin aurretik. Erropa barik, odol siku arrastoak bistan dituala eta inguruan bueltaka zomorroak dituala, landare jatorriko hauts gorria bota deutse gainetik; hauts hori sagradua da budismoan eta hindu kulturan. Monje edo fraide bat errezuka hasi da eta, ondoren, hildakoaren hiru polizia-lagunek ohorezko ekitaldia egin dabe baina salba barik, izan be, balak urri dagoz eta ez dira alperrik galdu behar. Azkenean, aitak gasolinaz busti dau semearen gorpua, egur-metari sua emon eta erretzen hasi da. Negar malkorik ez da agiri bertaratuen begietan. Zoritxarrez, ez da era horretara hildako lehenengoa ezta azkena be izango.