Euskerea berbagai  II. urtea // 29. zenbakia - 2003ko garagarrilaren 1a

Euskerearen Jarraipena (III), Euskal Herriko Inkesta Sozioliguistikoa

Adituen gogoetak


Ezuste larregirik ez dakarre datuok baina eztabaidea biztu da gizartean. Makinatxu bat foro eta eztabaida saio izan da azken aldian euskerearen, identidadearen edo kultur aniztasunaren harian. Horren erakusgarri, pare bat zita aitatuko doguz eta parte-hartzaileetako batzuk gogoetarako botatako mezuak:

1. 'Euskerea, identidadea, kultur aniztasuna eta herritartasuna' mahai-ingurua (Euskadiko Langile Komisioak antolatutako Udako Eskola Sindikalaren barruan):

Gonzalo Larrucea (Euskerearen Ahoku Batzordeko kidea, irakaslea...)

- 'Euskerearen berreskurapen prozesua harro egoteko modukoa da'.
- 'Erakundeen babesak ez dau bizkortu erabilerea.'
- 'Bizi dogun identidade krisiak eragin zuzena dauka euskerean.'

Felipe Juaristi (Idazlea, olerkaria...)

- 'Euskaldunon egitekoa da etxekoek emon deuskuen hizkuntzeari eustea; beste kontu bat da horregaz harro egotea ala ez. Ni ez nago harro euskaldun izateaz, nahiz eta argi izan ez dala bardin euskaldun jaiotea ala ez.'

Gorka Aurre (EJko Kultura Sailekoa)

- 'Euskerea gure ondarea da, arbasoengandik jasoa eta, beraz, euskaldunon baterapide izan behar dau.'

Erramun Osa (Euskerearen Ahoku Batzordeko kidea, EHIEkoa...)

- 'Euskereak atzera egin badau ez da kasualidadea izan, besteak beste, hizkuntza komunitatea ahul dagoalako izan da.'
- 'Euskereak aurrera egin dau baina argi-ilunak egon dira.'
- 'Arriskuan dagoana euskerea da.'

2. Euskal Herriko Gizarte Foroa

Julen Arexolaleiba (Mondragon Unibersidadeko irakaslea)

- 'Euskaldunak gero eta gehiago izan arren, aukerak erabilerearen mailak markatzen ditu'.
- 'Elebakartasuna erdal hiztunetara mugatzen da eta dagoeneko euskaldun guztiak eleaniztunak dira.'

Joseba Alvarez (Batasuna)

- 'Hizkuntzak desagertzen ari dira eta globalizazinoak areagotu egingo dau hori.'
- 'Euskerearen geroa bermatu gura bada, komunidadeak barruko kohesino indartsua behar dau.'

Bizkaie!


Orain gitxi ezagutu genduzan 2001eko datuak batzen dituan Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoaren emoitzak. Hasteko, EAEri jagokozan ondorioak kaleratu ditue eta laster Nafarroaren eta Ipar Euskal Herriaren ganekoak aurkeztuko ditu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak.

Inkestako datuen arabera, euskerea hizkuntza gitxitua da oraindino EAEn, nahiz eta azken bi hamarkadetan bere bilakaerea oso positiboa izan. Dana dala, bilakaera soziolinguistikoa euskal gizartearen bilakaeraren barruan ulertu behar da, izan be, biztanlegoak beheranzko joera dauka, hau da, populazinoa etenik barik zahartzen doa eta etorkinen populazinoa, ostera, ugaltzen. Horren arabera, biztanleria gazteenak gero eta pisu txikiagoa dauka populazino osoaren barruan eta etorkinen ugalketea ikusita, politika bereziak abiarazoteko beharrizana ikusi da.

Ondorio nagusiak

- Hizkuntza-gaitasunari jagokonez, euskereak aurrera egin dau (lehen, barriz, euskerea galtzeko jokerea egoan). Orain euskaldunen proportzinoa gero eta handiagoa da gazteen artean, aurreko belaunaldiekaz konparauta behintzat.

- Bestalde, familia bidezko transmisinoa ia-ia erabatekoa da aitak eta amai, biek euskeraz dakienean. Ganera, gero eta gehiago ikusten da transmisino hori bi gurasoetatik batek berba egiten dakianean be; horrezaz ganera, aita eta ama euskaldun barriak diran hiru bikotetik batek lehen hizkuntza lez transmitiduten deutse euskerea seme-alabei.

- Euskerearen erabilereak gora egin dau, batez be, gazteen artean. Edozelan be, erabilerea ezagutza baino gitxiago handitu da.