Sarean  II. urtea // 29. zenbakia - 2003ko garagarrilaren 1a

Uda sasoi honetan, museoak ikusgai (internet bidez)


Sarritan entzun doguz hango eta hemengo museoen edertasunaren ganeko kontuak eta, jakina, onena bertara joetea izango litzateke; hori bai, bidaiari amorratuak ez bagara, astirik ez badogu edo han izango diran jentetzak ez badira gure gustokoak, Internet bide ezin hobea da museoan sartu eta gora eta bera ibilteko gura dogun koadroa ikusi eta lasaitasunez gozetako.

Horrezaz ganera, museoetan egon garenok ondo dakigu pilatutako arte lan guztiak ezin dirala egun baten edo pare bat egunetan ikusi; gehienetan, museoetako bisitariak korrika bizian ibilten dira-gara lehenago aukeratutako salak bisitetan eta handik urten eta alboan dogoanari begiradatxu labur eta azkar bat luzatzen. Hori guztia, jentetza ikaragarriagaz eta askotan gure alboko lagunen sakakadei aurre eginaz. Oporretan eta estresauta. Museoetara holan joatea pekatu handia da. Arazo horreek ebitetako Internet erabiltea da onena; gure etxetik lasai-lasai egin geinkez bisitak. Arte lanak hur-hurretik ikustea lakorik ez dago, jakina, baina teknologiaren aukerak be aprobetxau egin behar dira. Kontuan hartu, erraz-erraz eta gure butaka erosoan ondo jesarrita, mundu osoko edozein museo bisitetako modua dagoala.

Azken buruan, bidaia hasteko eguna baino lehen, bisita birtualak egitea ondo dago, besteak beste, joango garen lekuko aukera guztien barri zuzena izango dogulako, ez bakarrik museoena. Ideiak argitzeko eta komeni edo merezidu daben aukeren ganeko planak egiteko Internet erabiltea ona izan daiteke. Egin aprobea, ez zarie damutuko.

Gotzon Plaza,
Informatikoa.

Danok be prest gagoz oporraldirako. Batzuk bidaia luzeak, besteok mendietako haize 'freskoa' edo hondartzetan hartzen dan itsosoaren usaina gurago dogu.

Teorian behintzat, oporretan danetarako astia egoten da baina eskas geratzen jaku azkenean, betiko leloa, denpora gehiago behar dogula esaten da. Aukerak zenbat-gura dira eta batzuk deskantsua eta besteok zeozer mobiduagoa gura izaten dogu; lasaitasuna edo jai giroa, gora begira egotea edo bidaia kulturalak egitea, norberaren erabagia da.

Internet bidez 'bidaia kulturalak' egiteko aukerea be hortxe dogu, geure esku edo ta geure saguaren mobimentuen arabera. Hona hemen, proposamen horreetako batzuk (oraingoan museoen kontua aitatuko dogu eta norberak jakingo dau zergaitik aukeratzen dauen museora joatea, artea maite dauelako edo leku horreetan freskura ederra egoten dalako):

Sarritan, Bilbon berton gagozanean, museoen aurretik pasau bai baina sartu inoiz be ez gara sartzen. Dana dala, adituen ustetan, Bilboko Arte Ederretako Museoa onenetarikoa da. Alperkeriagaitik edo dana dalakoagaitik, museoetara joan beharrik be ez dago honezkero, izan be, Internet bidez ikusi geinkez museo batzuetako arte lanak: http://www.museobilbao.com/

Gipuzkoa partean, Txillida-Leku erreferenrtzia garrantzitsua da. Hernanin kokatuta dago baina Interneteko espazio birtual horretan be bai eta ganera oso politto aurkeztua: http://www.eduardo-chillida.com helbidean. Benetan ederra suertau jat esperientzia. Baserri dotorea da eta inguruan landa eta arte lan zoragarriak. Lehenengo eta behin, lekuaren planoa ikusiko dogu eta bertan arte lanen kokalekua azaltzen jaku; horreetariko baten gainean klik egin eta argazkiak ikusiko doguz. Bisita birtualak egin geinkez eta argazki 'bizi' bat tarteko, batera eta bestera ibiliko gara: gure saguaren aginduetara, ezkerratara edo eskuin aldera mobiduko gara, museoan bertan egongo bagina legez eta gure inguruan dagoan guztiari begiradea luzatuko bageuntso legez.

Bizkaitik ekialderantza salto egin eta Kantabriako Altamirako Museoa be aparta da. Sarean: http://museodealtamira.mcu.es helbidean topauko dogu.

Hor Altamirako koba-zuloaren hirudimensinoko irudia agertzen jaku eta guk geuk aukeratuko dogu ze lekutara joan gura dogun. Aukeratutako leku horren zehaztasun guztiak emongo jakuz eta baita bertan dagozan elementuen argazkiak be. Kasu honetan, benetako koba-zuloa ikusteko dagoan aukerea nahiko murriztuta dagoala jakinda (bertara joateko hiru urteko itxaron-zerrenda luzea dago), Internet benetako bide zuzena da antxinako gizakien bizitza hobeto ezagutzeko.

Gure bidaia birtual honetan urrunago joan gura izan ezkero, Madrileko El Prado museo ederra http://museoprado.mcu.es helbidean topauko dozue. Hemengo orrialdean aukera bi dagoz:

- Bisita bitualak egiteko bidea: plano batean dagozan salak aukeratu eta bertako arte lanak ikusi geinkez banan-banan; bisita orokorra egitea beste aukera bat da, sala batetik hasi eta sala guztietatik pasauko dan bisitea eginaz.

- Hilero-hilero, kuadro bat aztertu eta 'ikustea'. Kuadro horren ganeko azalpen orokorrak emoten dira eta, aukeran, azalpenen historikoak be irakurri leitekez.

Madriletik Italiara, artearen herrialdera, joan gura izan ezkero, aukera zabala izango dogu; guztien artean bat aukeratu dogu: Vatikanoko museo parebakoa http://www.vatican.va

Web orrialde horretan, bisita birtualak egin daitekez edo, gura izan ezkero, museoko arte bildumak bisitau eta bertako kuadro eta arte lanak zooma erabiliz begiratu (museoko ordutegiak ez dauka eraginik gure bisitan).