Kulturea  II. urtea // 29. zenbakia - 2003ko garagarrilaren 1a

2002ko Txomin Agirre, Toribio Altzaga eta Mikel Zarete sariak irakurgai honezkero


Aitor Aranagaz barriketan

Aitor Arana Luzuriaga, 1963an Legazpin jaio eta 17 urtegaz hasi zan idazten. Lau urtez (1983-1987) euskera irakaslea izan zan Legazpiko AEK eta Udal Euskaltegian. Sei urtetan HOTS kultur aldizkariko lankide eta zenbait urtez arduraduna izandakoa. Azken urteotan, idazten ataraten dau bizimodua eta idazle emonkorra da. Hogei bat liburu idatzi eta itzulpen lanak be beste horrenbeste kaleratu ditu eta hiztegigintzan eta irakaskuntzan be ibilitakoa da.

Makinatxu bat sari irabazi ditu Aitor Aranak, besteak beste, Bilintx, Baporea, RM Azkue, Toribio Altzaga edota Txomin Agirre. Jaso dituan azkenekoetariko sariak, 2002ko Txomin Agirre, Toribio Altzaga eta Baporea sariak eta Liburu Gaztea izan dira.

1. Zorionak Aitor. Sariak bata bestearen atzean irabazten dozuz, sekulako erreztasuna dozula emoten dau...

Nik egin esan, denporeari begiratuta, hain saritua be ez nazala pentsetan dot. Euskal Herrian badagoz ni baino dexente sarituagoak diran idazleak baina egia da azken aldian suberte handia izan dodala. Uste dot bolada kontua izaten dala baina garrantzitsuena beharrean jarraitzea da eta emoitzak berez datoz gero. Gaiaren harian, esan gura dot 80-100 sari inguru dagozala eta horreetako asko emon barik geratzen dirala; beraz, horri begira bateren bat belago, idazten hastea izango da onena.

2. Gaztetan hasi zinan idazten eta bizi guztian arlo asko jorratu dozuz.

Egia da bai, hiztegigintzan, ipuingintzan, gazteentzako eleberrigintzan, helduentzako literaturan eta itzulpen beharretan ibili naz, beti be, gustoko gaien inguruan. Ni oso euskaltzalea izan naz 15 bat urte egin nituanetik eta beti egin gura izan dot, Euskal Herrian beste askok legez, euskerearen alde. Horrek eroan nau orain nagoan lekuraino. Azken urteotan ogibidez idazlea naz baina asko sufriduta, depresinoaldi asko bizi izan ostean heldu naz horra.

3. Antzerki arloan, saria jaso dozu genero honetan lehenengoz sartu zaranean. 'Lagun mina' beharragaz Toribio Altzaga saria irabazi dozu.

Bai. Berariaz egindako gauza bat izan da. Igaz, Alaitz Olaizola, nire lagunak irabazi eban saria eta haregaz oso urretik bizi izan neban aurkeztu behar eban antzerki lanaren aurkezpena. Asko gustau jaten eta nik neuk ahalegina egitea pentsau neban. Berrogei bat antzerki lan irakurri, gero eta gusto handiagoz neureganatu eta neurea idazteari ekin neutson.

4. Lehen aitatu doguzan arlo horreetatik guztietatik, zeinetan dabil gustoen Aitor?

Akaso, gaztetxuentzako literaturan, gazte literatura deitzen dan horretan eta horren barruan, abenturetakoak gustetan jataz.

5. Oso idazle emonkorra zara. Buruan zer darabilzu orain jiraka?

Idazle profesionalok idaztetik biziko bagara, sorkuntza edo produkzino handia behar dogu jakina eta azken urteotan, urtero 4, 5 edo 6 liburu ataraten nabil. Horri eutsi behar jakola uste dot. Beraz, oso lanpetuta nabil bai.

Bizkaie!

Euskaltzaindiaren eta Bilbao Bizkaia Kutxaren ekinbidez, aspalditik ezagutzen doguz Txomin Agirre, Toribio Altzaga, Felipe Arrese Beitia eta Mikel Zarate euskerazko literatur lehiaketak. Epaimahaikoek igazko abenduaan emon eben irabazleen zerrendea baina oraintsura arte argitaratu barik egon dira lan sarituak. Bagilaren 26an aurkeztu zituen Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan.

Eleberriari dagokionean, Aitor Arana legazpiarrak idatzitako ' Bost Ahizpa' nobelea izan da onena epaimahaikoen ustez eta Arana jn.arentzat izan da Txomin Agirre saria. Agatha Christieren eleberrietako giro baltza hartu dau oinarritzat Aranak eta gurasoen herentzia jasoteko etxe isolatu baten alkartzen diran bost ahizpen historia da bertan kontetan deuskuna. Bestalde, antzerki arloko Toribio Altzaga saria be irabazi dau 'Lagun mina' izeneko beharragaz. Aitagarria, Aranaren lehenengo antzerki obrea dala orain saritutako hau. Bi lagun minen arteko pasadizuak kontetan deuskuz egileak antzezlan honetan, traizino bihurtuko dan laguntasunaren barri emonaz.

Olerki arloan, Felipe Arrese Beitia saria hutsik geratu da. Epaimahaikoen esanetan, aurkeztutako beharrek ez dabe saria irabazteko mailarik erakutsi. Azkenik, saiakeraren atalean, Xipri Arbelbide, Nafarroa Behereko Heletako idazleak idatzitako 'Jean Pierre Goytino eta Californiako Eskual Herria' beharrari emon deutso epaimahaiak Mikel Zarate saria. Zeozelan esateko euskerazko lehen kazetaren historia da Xipri Arbelbideren lan saritua.