Bertsotan  II. urtea // 29. zenbakia - 2003ko garagarrilaren 1a

Behin (baina ez barriro)


BEHIN (baina ez barriro)

Canovas, Franco, Trantsizinoa,
ene, ez daukot astirik!
"Rosa-rosae" ta deribadak
txuleta baten izanik.
Platonek bere koban be ez dau
oingoz aurkitu argirik,
diametroa ez dakit,
penkoa ziur jadanik...
Besape biak izerdi potzu,
estutasun galanta nik:
ezin dot neurtu diametroa,
nerbioak neurtu barik!

"Hau zuzena da, edo okerra?"
nire galdera airera,
"neska ezin dot hori erantzun,
alperrik zure galdera.
Berandu zabiz, gitxi falta da,
begitu egizu aurrera"
Filologia karrera,
nire lehenengo aukera.
Aprobatua da guraria,
jarri gitxi gora-behera:
tribunal dana gonbidatzeko
"Ritzen" apari batera.

Amaitu orduko juerga ederra
goizez ta lehenengo gabaz,
ikastea ez zan edozer kontuz
dan-danok gustora berbaz.
Ederto egin, zein txarto egin
tabernetaraino hegaz...
Ikasi neban patxadaz,
banaz gainditzeko kapaz.
Asko saiatu be ez dira egin,
gogoratu naz eurekaz,
Lagan bainatzen penkodunekaz
solidaria izango naz.

Amaia Jauregizar

Selektibibidadea egin barri dauen gazte baten berbak dira. Unibersidadera sartzeko hautaprobek makina bat buruhauste ekarten deutse batxilergoko bigarren maila amaitu dauen ikasleari. Horreetarikoa da Amaia Jauregizar gernikarra, unibersidadera orduko azken trabea gainditu dauen bertsolari gaztea.

Urtarrilaren 24an bete zituan Amaiak 18 urte. Selektibidadea gainditu barri, Euskal Filologia ikasketak hasiko ditu Deustun datorren ikasturtean, ondo merezidutako oporren ostean. Izan be, gernikar neskatila ezin jatorrago honek, hiru frontetan banatzen ditu bere motibazino eta indarrak: ikasketak, saskibaloia eta bertsolaritzea. Ikasle fina, jokalari aparta ata bertsolari polita. Bertsotan, Lopategiren eskutik egin eban bidea eta aurten Garriko bertso-eskolan be ibili da. Urte oparoa izan dau Amaiak: BBK sariketearen finalean izan zan Busturialdeko taldeagaz eta Bizkaiko Eskolartekoan finalera heldu eta txapela kentzeko moduko saioa egiten hasi ostean, bigarren faseko poto ziztrin batek kendu eutson txapela. Haserre egoan Amaia bere buruagaz, egiten dauen guztia ehuneko ehunean bizi dauenaren sentimenduz.

Idatzi be polito egiten dau Amaia Jauregizarrek. Bertso jarrien Garriko sariketea lau aldiz irabazi dau jarraian, azkena bagilaren 22an. Literatur zale amorratua, poesiagaz be ausartzen hasia da eta aurten Euskaltzaindiako Azkue sariketea irabazi dau. Guk selektibidadearen ganean idazteko eskatu deutsagu eta zazpi puntuko hiru bertso honeek bialdu deuskuz.

IƱaki Aurrekoetxea