Zinea  II. urtea // 29. zenbakia - 2003ko garagarrilaren 1a

Moonlight mile (Konpromisoa)


Film hau euren bizitzea edo amesetea guztiz suntsituta ikusten daben lau personen istorioa da; umeak jostailu apurtuaren aurrean legez, ez dabe oso garbi zer egin: jostailuaren zatiak konpontzen hasi, dagoan moduan itxi, beste bat erosi edo baztar baten gorde.

Ben (Dustin Hoffman) eta JoJo (Susan Sarandon) aita-amak agiri dira; biek pentsetan eben alaba bakarraren hurreko geroaren lekukoak izango zirala, baina alabea zoritxarreko ezbehar baten hil da, ezkondu baino astebete lehenago. Eurekaz batera, Joe Nast alabearen senargai gaztea (Jake Gyllenhaal) azaltzen da; bizi-proiektua guztiz urratuta ikusita, ez da ausartzen senargaiaren irudi idiliko eta gomutearen arteko margoa apurtzen eta saminak batutako familia baten itxurakeriari iges egin ezinik dabil. Azkenik, Bertie gaztea (Ellen Pompeo) agertzen da; honek be maitea galdu dau Vietnamgo gerran, baina gorpua ikusi ez izanak sortu eragiten dituan zalantzak eta erremin handiagoa barruntauta.

Hasikeran, pelikulearen tonuak jokoz kanpo itxiko dau ikuslea, barre eragiteko moduko umore baltza zoritxarreko egoera larri honegaz bat ez datorrelakoan; halan, lehenengo minututan, filmaren ukutu ironikoak ez dira lar ondo ulertzen. Edozelan be, kontakizunak aurre egiten dauen neurrian, zorigaiztoko egoera bitxi honen alderdi 'komikoak' bere lekua topau ez eze ondo be ondo justifikau eta atseginez hartzen hasiko gara. Une honetan, pelikulea drama intimista baten moldea eta erea hartzen joango da, mengelkeria, neurri baten behintzat, albo batera itxiz. Protagonisten arrazoiak eta bildurrak ulertuko doguz eta amaiera zoriontsua parkatzeko gauza be izango gara.

'Moonlight mile' film honetan maila handiko lau antzezle doguz; bik akademiaren Oscar sariak jaso ditue eta beste biak gorantza doazen gazteak dira. Susan Sarandon aktoresa bikaina da eta derrigorrean aurrera jo behar dauen amaren zeregina ederto beteten dauela esan behar da. Dustin Hoffmanek ohi baino neurritsuago dihardu, seguru asko antzezlanak berak halantxe eskatzen deutsolako. Horrezaz ganera, Jake Gyllenhaal-en antzezpena be aitatu behar da; izan be, bere zeregina ondo be ondo beteagaitik, azken lanetan mutil bitxi, lotsati, sentibera eta apurkorraren rol horretan ikusi dogu eta daborduko ez dakigu bestelako zereginetan ondo moldatzeko gauza dan ala ez. Beharbada, deigarriena Ellen Pompeo gaztea izango da; izan be, hauskortasun eta gogortasunaren arteko orekeari ezin hobeto eusteko gauza izateaz ganera, filmari beharrezko freskotasuna emoten deutso.

Zoritxarrez, filmak ez dau izan maila honetako antzezleek merezidu daben oihartzun mediatikoa. Efektu bereziez goitik behera jositako komiki edo bideojoko ospetsu baten moldaketa-lana izan balitz, beharbada, filmik ikusienen zerrendearen barruan ikusiko geunke. Edozelan be, akatsak akats eta hutsuneak hutsune, pelikula honek merezidu dau, areago zinezaleok udan jasan behar izaten doguzan filmen kalidade eskasa kontuan hartzen badogu.

Joseba Terreros

Zuzendaria eta gidoia: Brad Silberling.
Herrialdea: AEB.
Iraupena: 117 min.
Antzezleak: Jake Gyllenhaal (Joe Nast), Dustin Hoffman (Ben Floss), Susan Sarandon (JoJo Floss), Holly Hunter (Mona Camp), Ellen Pompeo (Bertie Knox)…