Jan-edanak  I urtea // 1 zenbakia - 2002ko maiatzaren 1a - Hamaboskaria

Elikadurearen ganeko kontzeptu batzuk


Dieta orekatua lortzeko modua ez da norberak gura dauena jatea elikagaiei jaramonik egin barik.

Beraz, gogoan izan aurreko atalean adierazotakoa: janaria osasunerako bai, baina ez gehiegi jatearen ala gitxiegi jatearen ondorioz gaixotzeko.

Larraitz Artetxe,
Dietetika eta Nutrizinoan Diplomatdua.
Elan Vital Mediku Zentroa.

Elikaduraz eta nutrizinoaz berba egiten dogunean, kontzeptu batzuk argi izatea komenidu da, holan errazago ulertu geinkezalako gaiaren ganeko azalpenak. Hona hemen, kontzeptuok labur-labur azalduta:

a) Elikagaiak

1. - Gizakien elikadura arrunterako edo gozamenerako jaten dana.
2. - Egoera berezietan produktu dietetiko moduan jaten doguzanak.
Elikagaiak solidoak edo likidoak, naturalak edo eraldatuak (egositakoak esaterako) izan leitekez eta egoera normal baten elikagai honeek jaten doguzanean ez deuskue gaixotasunik sortu behar.

b) Nutriente edo mantenugaiak

Elikagaiak osotzen dituen substantziak dira. Gure gorputzaren metabolismorako beharrezkoak dira eta hurrengo multzoetan banantzen dira: karbono hidratuak, koipeak, proteinak, mineralak, bitaminak eta ura.

c) Elikagai dietetikoak

Gizakiaren beharrizan zehatz batzuk beteteko preparau diran elikagaiak dira. Elikagai honeen kasuan, baimendutako prozedurak nahitaezkoak dira.

d) Metabolismoa

Izaki biziok bizirik iraun ahal izateko gure gorputzean izaten diran erreakzino biokimikoak (hau da, biologikoak eta kimikoak) dira. Bi erreakzino modu dira:

1-Katabolismoa: nutrienteak txikitu edo oxidau egiten dituen erreakzinoak; esaterako koipeetatik energia lortu ahal izateko gure gorputzak oxidau egin behar dau koipe hori.

2-Anabolismoa: nutriente horreekaz estruktura barriak sortzeko erreakzinoak; esaterako, gure gorputzeko zelulak eten barik hilten dira eta erreakzino honeen bitartez barriak sortzen doguz.

e) Kaloriak

Antxina elikagaien energia kopurua zenbatzeko hartu zan neurria. Gaur egun Julio edo Kilojulioetan be neurtzen da.

Erosten dozuen edozein elikagairen pakete, pote, lata eta bestelakoen etiketan begiratu ezkero, laster ikusiko dozue bai kilokaloriatan eta bai kilojulioetan adierazota datorrela energia. Elikagaiaren 100 gramoko edota ontzi horren gramoen arabera agertu leiteke energia kopurua.

Kilokaloria: mila kaloria dira. Tradizinoz 'Kaloria' deitu izan dana, benetan 'Kilokaloria' zan eta nik hari jagokon izena erabiliko dot.

Elikadura orekatua

Osasun maila egokiari eusteko beharrezkoak diran nutriente edo mantenugai guztiak baztertuko ez dituan jateko moduari esaten deutsagu elikadura orekatua. Beraz, elikadura egoki, bariatu eta orekatu edo ekilibratuaren alde egingo dogu.

Bariatua edo osotua izateak ondokoa esan gura dau: talde guztietako elikagaiak agertu behar dirala gure eguneroko jatorduetan. (Elikagai multzoak zeintzuk diran hurrengo artikuluetan azalduko dot.)

Orekea modu askotan lortu daiteke eta honek aukeraketea egin geinkela esan gura dau, elikagai taldeetako elikagai desbardinakaz egun desbardinetan jokatu geinkela. Joko hori modu egokian egiten erakustea da nire eretxiz dietiston lan garrantzitsuenetakoa eta datozen hilebeteetan ikusiko doguna.

Benetako orekea, kontzeptuak malgutuz lortzen da. Ez dogu ahaztu behar elikagaien energia eta mantenugaien arabera, gustoaren eta faktore emozional eta kulturalen arabera aukeratzen doguzala. Beste alde batetik, baldintza geografiko, klimatiko eta ekonomikoen arabera, gizakion beharrizanak beteteko gai diran dieta edo elikadura modu asko sortu dira ehundaka urtetan.

Malgutasun hori zertan dan aitu daigun, hona hemen adibide bat: emon daigun osasun arazo sakonik ez dauen persona gozozale bat ezagutzen dogula; gozozale amorratua da bera, eta egunero boilo, txokolate eta azukera asko daben elikagai piloa jaten dau. Badaki azukera gehiegi hartzea ez dala osasungarria eta egun baten gehiago azukerarik ez jatea erabagi dau; hau da, beste muturrera pasau da, pilo bat jatetik ezertxu be ez jatera. Gozokiak probau barik egun bat pasau dau, bigarrena be bai, hirugarrena,.....eta zortzigarren egunerako gogaituta dago bere bizitzan 'dultzerik' ez dagoalako eta, atoan, gaileta paketea zabaldu eta amorruaren amorruz osorik jaten dau, barriro be beste muturrera joanaz.

Holango gauzak sarritan geure buruagaz inflexibleak garalako pasetan dira. Nonoiz gozokiren bat jan geinkela onartzen badogu, gozokiak karbono hidratoak diran ezkero, neurri baten behintzat, beste karbono hidrato batzuekaz ordezkatu geinkezala ikasten badogu, orduan ez gara gogaituko eta dieta orekatua egitea errazago egingo jaku. Ganera, plazerrez, geure osasuna eta geure burua jagoteko aukera gehiago izango dogu. Egiten doguzan gauzakaz plazerra sentidutea oso garrantzitsua dalako. Baina, kontuz! 'Neurri batean' idatzi dot eta ez 'guztiz' edo 'kopuruak kontuan izan barik'.