Herencia
Argentinako pelikula honek bizitzearen ganeko marrazki baikor eta itxaropentsua eskaintzen deusku, pertsonaiak samurtasun eta duintasunaren irudi lez margotuz. Izan be, bizitzan sarri gertatzen danaz bestaldera, protagonistek atzera be maitatzeko eta amesetan egiteko, joan eta etorri nahiz poztasunez biziten ahalegintzeko bigarren aukera bat izango dabe.
Sano bitxia da ikustea zelako maila ona daben Argentinako zineak azken aldion eskaini deuskuzan pelikulek; izan be, herrialdea krisialdi politiko eta ekonomiko gordin baten murgilduta egonagaitik, bizi-esperientziatik bertatik sortzen diran istorio zoragarriak pantailaratu ditue azkenengo hiru urteotan, baina sekula be baikortasunaren zentzua eta bizipoza galdu barik.
Buenos Aires oso uri kosmopolita da. Horra alemaniar gazte bat, Peter, ailegau da, maite dauen neskalagunaren bila. Azken aldian, dana dala, ez dau horren barririk izan eta batetik bestera dabil, topetako eginahaletan. Hainbat ibilbideren ostean, auzo bateko jatetxe batera helduko da; lokaleko jaubea edadeko italiar bat da, Olinda, negozioa saltzeko asmotan dabilena, nostalgia eta bakardadeari aurre hartzeko ahalegin modura. Bata nahiz bestea bizitzeari zentzua topetako moduko maitasun baten bila dabilz, iraganeko akatsak zuzendu eta oraina berreskuratu guran.
Filmak personen arteko zubiak egiteko beharrizanaren ganean egiten deusku berba, bai eta aurrera joteko beharrezko alkartasun zein laguntasunaren ganean be. Gizaki guztion ibilbidean errepikakorrak —baina ez horregaitik garrantzi bakoak— diran gaiak jorratzen dira, berbarako bakardadea, etenbako burrukea, ilusino zapuztuak, amodio galduak... Hori guztia, ganera, ikuslea hunkitzeko moduko berbakera bat erabiliz bilbatzen da, apaltasunez baina trinkotasunez, eta, beti be irribarrea sortu eragiten deuskun umore burutsu eta fin batez. Istorioaren zatirik handiena jatetxearen barruan garatzen da, hau da, pertsonaien barrunbea erakusteko mikrokosmos ezin egokiagoan; eta harrigarria bada be, leku itxi horrek estuasuna eragin beharrean, pelikuleari dinamismo eta bizitasun handia emoten deutso.
'Herencia' filmak tunelaren amaieran ikusten dogun argiaz egiten deusku berba, itxaropena ez galtzeko preminaz eta maiteminduta bizitzeko beharrizanaz. Eta hori guztiori freskotasunez, zirrarez eta umorez jantzia. Pelikula adimentsu hau aukeratzen dozuenoi ez jatzue ezelan be damutuko. Benetan, uda sargoritsu honetako itolarria kentzeko modu bikaina.
Joseba Terreros
Zuzendaria: Paula Hernandez.
Herrialdea: Argentina.
Iraupena: 90 min.
Antzezleak: Rita Cortese (Olinda), Adrian Witzke (Peter), Martin Adjemian (Federico), Hector Anglada (Angel), Julieta Diaz (Luz)...