Bardintasun eskolak
Bizkaiko Aldundiak eregitako auzo-eskolak gogoan
1920tik 1923ra bitartean eregi zituen lehenengo eskolak
1923rako 47 egozan zabalik. Geldiro-geldiro, zirriborroetan emondako datuak aldatzen joan ziran, batez be, egoera politikoaren eraginez. 1917-18 urteetan, euskal abertzaleak Bizkaiko Aldundian gehiengoa lortu eta Ramon de la Sota Aburtoren eskutik, Luis Eleizaldek emondako oharrak goitik behera aldatu ziran. 1919tik aurrera, abertzaleak ez ziran alderdi politiko guztiak batu, Liga Monarkikoa osotu eta abertzaleei Aldundian euken gehiengoa kendu eutsien. Orduan, euskal kultura eta ezaugarriekaz erabat lotuta egoan eskoletako irakaskuntzea aldatu egin eben. Euskereak berak be asko galdu eban aldaketagaz eta agintera heldutakoen esanetan, ez egoan beharrizanik euskeraz eta erderaz eskolak emoteko, bizkaitarren herenak baino ez ekialako sasoi haretan euskeraz. Umeen artean sekulako nahastea eragiteko baino ez zan hareen esanetan.
Egia esan, lehenagorik be auzo eskolen kontrako erasoak esanguratsuak izan baziran be, sasoi horretan gogortu egin ziran, Aldundiak bultzatutako auzo-eskolak Espainiaren kontra eta askatasunaren alde egindakoak baino ez zirala esanaz. Eztabaidea prentsara zabaldu zan eta azkenean Valladolideko erretoreak be esku hartu eban, eskola guztietan erderea erakutsi behar zala esanaz.
Arazoak arazo, gero eta eskola gehiago sortu ziran eta 1929rako 100 inguru ziran eregitako auzo-eskolak; danetara, 5.810 ikasle egozan. Hortik aurrera, barriz, baserriak hutsitzen joan ziran, biztanlegoaren hazkundea be moteltzen joian eta, horrezaz ganera, bizimoduaren aldaketeak, auzo-eskolen azkena ekarri eban nahiz eta gaur egun gitxi batzuk oraindino martxan jarraitu.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria.
Gure auzo eta herri inguruetako parte badira be, beharbada sarritan ez gara eraikin horreetaz konturatzen. Auzoetako eskolak dira. Orain dala ehun urte gitxi gora behera Aldundiak eregi zituan eta, gaur egun, kasu gehienetan auzoko txoko eta batzeko leku dira.
Edozelan be, eraikin horreek, orain dala ehun urte martxan ipinitako proiektu garrantzitsu baten erakusgarri dira, gizartean ziran desbardintasunak gitxitzeko kulturan oinarritutako proiektua.
Eskolak abiarazoteko lehenengo saiakerak Ramon Sota Aburto abertzaleak zuzentzen eban Aldundiaren urteetan emon ziran, hain zuzen be, aldundi honetan irakaskuntzarako ordezkaria zan Luis Eleizalderen eskutik. Geroago, 1919ko zemendiaren 26an 'Gallano mozinoa' legea onartu eben Bizkaiko Aldundian. Bertan esaten zan moduan, Bizkaiak sasoi haretan zituan baliabide handiak eta gaitasun ekonomikoa aprobetxau beharra egoan, lurraldean sortzen eta nabarmentzen egozan desbardintasunak konpontzeko eta bizkaitar guztien kultura maila hobetzeko, izan be, kulturea zan jentearen gizarte arazoak konpontzeko bide egokienetarikoa.
Juan Gallanoren txostenean, auzo eskolak egiteko arrazoiak gainetik baino ez ziran aitatzen, egia esan arrazoia auzo eskolatan egoan ikasketen maila eskasa zan. Askok baserrietako lanen eraginez itxi egiten zituen ikasketak eta beste batzuk nahiz eta eskolara joan, tarteka-marteka baino ez ziran agertzen eta azkenean emoitzak ez ziran bape onak. Horrezaz ganera, gero eta gehiago euskal kulturako ezaugarriak arriskuan ikusten ziran eta Euskal Herrian edo kasu honetan, Bizkaian errotuta egon behar zan eskolearen beharrizana be kontuan hartzeko moduko arrazoia izan zan. Esangura horretan, esan daigun abertzaleen aldetik be euskal autonomi estatutoaren aldarrikapenak susperraldi itzela ezagutu ebala sasoi honetan eta autonomiaren sentimendu horrek eragina izan eban hezkuntzan be.
Luis Eleizalde izan zan auzo-eskoletako proiektuaren bihotz eta bultzatzaile nagusia
Aldundian beteten eban hezkuntzako ordezkaritzatik ahalegindu zan hezkuntza eta kultura bizkaitar guztiei helduarazoten. Dana dala, 1919an Juan Gallano ahaldunak aukeztutako mozinoaren eraginez hasi ziran auzo eskolak eregiteko benetako lanak. Lehenengo beharra herrietako egoerea ezagutzea zan, hau da, neurri batzuk erabagita, zenbat herrik edo herrietako auzunek beteko zituen eskatutako baldintzak jakitea. Horreek hiru ziran: baserri auzoak hamar biztanle baino gehiago izan behar zituan eta baserriek eurek, hurren egoan eskolatik kilometro bat baino urrunago egon behar ziran. Azkenik, auzoek edo udalek itxi behar eben eskolea eregiteko lekua. Aldundiak, eskolako materiala pagau eta maisu-maistren kargu hartzen eban. 1920ko urtarrilean bialdu jakezan agiriak udal guztiei gorago aitatutakoaren barri emoten eta herriko beste datu edo jakingarri batzuk eskatuz: zein zan herrian erabilten zan hizkuntzea, noiz egiten ziran baserrietako lanak, auzoen kopurua, umeen kopurua eta abar. Hori guztia, euskeraz zein erderaz idatzitako agirietan.
Aldundiak azterlana egin eban ondorengo hilebeteetan eta harriduraz hartu zituan datu batzuk, izan be, aurrez pentsautakoa baino askozaz gehiago ziralako eskolearen beharrizana eben auzoak. Gauzak holan dirala, txostenetan agertutakoaren arabera, lehenengo berrogeitahamar eskolak behar zan moduan horniduteko lanak hasi ziran. Lehenengo eta behin, maisu-maistren beharrizanak beteteko baldintzak idatzi ziran. Kasu honetan be, erantzuna uste baino hobea izan zan eta irakasle piloa aurkeztu zan. Euren artean, beharbada ezagunena Julene Azpeitia dogu. Euskaltzale eta idazle ospetsua izateaz aparte, auzo-eskoletako maistren buru kargua bete eban Zumaian jaiotako irakasleak. Berak irakaskuntzarako idatzitako materialak urteetan zehar erabili ziran euskal eskola eta ikastoletan.