Barriketan  II. urtea // 29. zenbakia - 2003ko garagarrilaren 1a

Aitor Hernandez: 'Zamudiokoez ganera, Sony-Ericssonek beste 500 behargin kanporatuko ditu'.

Ericsson multinazionalak oraintsu iragarri dau behin betiko zarratzen dituala Zamudioko instalazinoak. Ericsson-ek udagoienerako aurreikusi dau zarratzea.

1999an sartu zan Ericsson Euskadin eta momenturik gozoenetan ia-ia 500 beharginez osotutako plantilea egoan Zamudion. Azken urteotan, barriz, Sony-Ericsson bategitearen ostean, beharginak murrizteko prozesuak eta erregulazino espedienteak izan dira eta, dinogun legez, gaur egun Ericssonen behar egiten eben 106 langileak kalean geratu dira. Orain pare bat urte mundu mailan telekomunikazinoen sektoreak bizi izan eban krisiak ez dau gauza onik ekarri Zamudioko Ericsson Enpresako beharginentzat. Konpainiak datozen asteotan negoziauko dau 106 beharginen kontratuak ezereztea eta, bien bitartean, sindikatuek dinoe Enpresak 2001etik eukala zarratzeko erabagia hartuta.

Zorionez, lehen aitatutako prozesu horreetatik, Ericsson Enpresan ibilitako behargin batzuen ekinbidez beste enpresa batzuk sortu dira, besteak beste, Owasys, telefonia zelularraz arduratzen dan enpresea.

Beste behargin batzuk kanpora joateko aukerea izan eben eta horreetako bat da gure gaurko protagonistea, Aitor Hernandez hain zuzen be, bilbotarra, 37 urtekoa eta Informatikan lizentziatua. Lau urte daroaz honezkero Suedian, Sony-Ericsson Etxean beharrean.

1. Aitor, zu zeu Zamudioko Ericssoneko behargina izan zinan eta kanpora joateko erabagia hartu zenduanean, lagunak itxiko zenduzan hemen. Zelan bizi izan dozu prozesu guztia?

Suedian nengoan lehen arazoen ganeko barria jaso nebanean. Arazoak hasi ziranean, urte bi ziran Suediara etorria nintzanetik eta barria gogorra izan zan, alde batetik, lankide piloa kalean geratzen ziralako eta, bestetik, Bilbora bueltetako atea zarratu egiten zalako. Zamudioko lantegia ondo joian baina Ericssonek erabagia hartuta eukan antza eta ezin izan da horren kontra ezer egin. Nire lankideak gogoan, nahiko lasai nago ze badakit danak formazino ona dabela eta profesional onak diranez, beharra topetako ez dabela arazorik izango. Niri aukerea emon eustien Zamudiora bueltetako lantegia behin betiko zarratu arte baina egoerea ikusita Suedian geratu nintzan. Hemen, beharra eta bizimodua oso interesgarriak dira eta beti dago astia etxera bueltan joateko.

2. Azken aldian, telekomunikazino sektorearen mundu mailako krisia aitatzen da baina kontua da ze mobilen arloan berbarako gero eta eskuko telefono gehiago ikusten dala bazterretan. Krisia benetakoa da ala marketing kontua baino ez da?

Krisia benetakoa da. Egunotan jakin dogu Sony-Ericsson-ek 500 behargin kanporatuko dituala: 300 Munichen daukan R&Dn eta 200 AEBetan. Krisiaren arrazoien artean, uste dot merkatua superdimensionau egin zala, hau da, enpresetako arduradunek pentsau eben jenteak urtero aldatuko ebala telefonoa baina gero ikusi da jenteak ez dauela hain arin aldatzen. Ganera, Ericsson orain urte batzuk konpetentzia barik ebilen eta, gaur egun, telekomunikazino mobilean empresa piloa dago eta merkatua itzel zabaldu da. Egia da, urtero telefono mobilak miloeka saltzen dira eta, beraz, krisia benetakoa ete dan galderea jente askok egiten dau. Ni neu injinerua naz eta badakit laster gauza barri piloa agertuko dala merkatuan eta pentsetan dot arlo honetan ez dala inoiz behar faltarik izango.

3. Suediako Lund urian bizi zara eta bertan egiten dozu behar Sony-Ericsson Enpresan. Bilbo, familia, lagunak ixtea gogorra izango zan, zelan sortu jatzun bertara joateko aukerea?.

Lund herrian bizi naz bai, Malmö uritik 15 km-ra eta Danimarkako Kopenagetik 40 ingurura. Galdereari erantzunez, adaketa ez zan hain traumatikoa izan. 1999ko urtarrila zan Zamudioko Ericssonen beharrean hasi nintzanean. Ondo gogoratzen dot, astelehen baten hasi nintzan eta eguastenean geure taldeko buruak bilerarako deia egin euskun. Bileraren amaieran komentau eban taldeko bateren bat Suediara urte beterako joan beharko zala. Ez zan boluntario askorik agertu eta neu informazino eske joan nintzanez, aukeratu egin ninduen. Asmoa Ericssonen teknologia berriak ikastea zan eta Bilbora aditu lez bueltetea eta plataforma horreetan proiektuak aurrera ataratea. Egia esan, bidaiak beti gustau jataz eta aukerea interesgarria otu jatan; hori bai, Eskandinabia oso urrun egoan eta ezezaguna zan niretzako. Buruari buelta batzuk emon eta egun batzuk geroago erabagia hartuta neukan. Nagusiari denpora apur bat eskatu neutson Ericsson enpresearen eta eskuko telefonoen ganean sakontzeko eta martiaren 1ean Suedian nengoan. Bildur-ikareagaz heldu nintzan, ingeleraz badakit baina ordura arte oporretan baino ez neban erabilten eta salto handia espero neban. Erantzukizuna handia zan, Lund-en nengoan, Ericssonen mundu osoko lehen R&D zentruan, guru guztien beharlekuan.

4. Beharrean eta lagunartean ze hizkuntza erabilten dozu?

Beharrean suediarrekaz suedieraz egiten dot baina hemen mundu osoko jenteagaz behar egiten dozu eta ingelera asko erabilten da. Ericssonen hizkuntza ofiziala ingelera da eta agiri guztiak ingeleraz idatzi behar dira.

Ona etorri nintzanean, ez nekien berbarik suedieraz baina Suedian ia jente guztiak ingeleraz berba egiten dau eta holan beharra eta bizimodua errazago egiten dira. Telebistak be asko laguntzen dau, ez da itzulpenik egiten, bertsino ofizialetan emoten dira pelikula eta programa guztiak eta ingelera praktiketako primerakoa da.

Lagunekaz suedieraz berba egiten dot baina kontua da ze Hego Amerikako jente piloa dagoala berton, batez be, kubatarrak, Txiletarrak eta argentinarrak, gehienak herri horreetako diktaduretatik igesi etorritakoak. Espainiarrak be badagoz eta lagun onak dodaz Kanarietan. Zoritzarrez ez daukat inor euskeraz berba egiteko baina hemetik aurrera Bizkaie! Aldizkariagaz ohiturea ez galtzea espero dot.

5. Kirolaria, mendizalea, eskalatzailea, akordeoi jolea zara. Afizino horreekaz jarraitzen dozu Suedian?

Kirolari amorratua naz eta ahal badot egunero entrenetan joaten naz. Hona etorri ostean, ezin neban nire pasinoa baztertu eta rokodromo batera joaten hasi nintzan; dana dala, geldiro-geldiro eskaleteari itxi egin neutson, hemengo eguraldia gogorra dalako eta eskaletako horma larregirik be ez dagoalako. Orain pare bat urte Himalayan egon nintzan mendiak zoratzen nauelako.

Geldi eta etxean geratzen diran horreetakoa ez naz eta hemen praktikau daitekezan kirolak probetan hasi nintzan; orain patinetan primeran nabil, online eta izotz gainekoetan eta fondoko eskian eta kite-surfean be ibilten naz. Horrezaz ganera, fondoko eskian, hirutan egin dot mundu guztian famatua dan Vasaloppet txapelketea, 90 km. eginaz Suedian zehar. Lehenengo urtean, zero azpitik 30 gradu izan genduzan eta nahiko gogorra otu jatan; aurten, nahiko erraz ibili naz nahiz eta zeropetik 20ko tenperaturea egon arren, 8 ordu azpitik amaitu neban. Neguan lakuak izozten diranean, magikoa da patinatzea eta izotzaren soinuak entzutea.

Musikea be ez dot ahaztu, pianoa eta akordeoia joten jarraitzen dot, batzutan lagun artean ibilten gara musikea sortzen, ahaleginak egiten behintzat.


6. Oro har, zelakoa da bizimodua Suedian?

Berba baten esateko: lasaia. Hemen lagunen eta naturearen lasaitasunaren bila gabilz. Naturea oso garrantzitsua da hemen; pentsaizue Suediak 2000 km-ko luzerea dauela eta 8 miloe biztanle baino ez. Bidegorriak ia leku guztietatik dagoz eta ni egunero bizikletaz noa lantegira, baita neguan be. Suediarrek dinoe ez dagola eguraldi txarrik erropa txarrak baino. Jente jatorra da baina oso zarratua eta oso oso gatxa da lagunak egitea baina ez ezinezkoa. Eguraldia nahiko gogorra da baina alde ona ikusi behar jako danari. Gogorrena, negua izaten da: arratsaldeko 3retan gau zarratua da eta goizeko bederatzietan argitzen dau. Udan, barriz, ez dago ia-ia gaurik, hiru bat ordukoa izaten da. Lehenengo udan, ezin izan neban lorik egin. Kontuan izan, Suediako hegoaldean bizi nazala eta, beraz, iparraldean gau osoan eguzkia egoten dala...

7. Zamudioko Ericsson Enpresako behargina zinaneko boladea gogoratu eta behar egiteko moduari dagokionean, Suedian ze aldaketa igarri dozuz?

Ericssonen hasi nintzanean, desbardintasunak igarten ziran beste lantegi batzuetako lan egiteko moduari jagokonez. Suediara etorri nintzanean, barriz, aldaketa gehiago ikusi nituan. Ni neu oso gustora nabil beharrean, erreztasun handiak doguz beharra aurrera atarateko, helburuak finkatu eta bete egin behar dira; hori bai, oporrak edo ta ordu libreak hartzeko askatasun handia dogu. Formazinoa oso garrantzitsua da eta urtero derrigor egin behar izaten doguz ikastaroak. Enpresak eta beharginok, danok irabazten dogu. Beharginen eta nagusien arteko hartu-emonetan be aldeak dagoz. Salbuespenak salbuespen, hemen nagusia beste lankide bat legez hartzen da. Bitxikeria moduan, meeting edo bilerak aitatuko neukez; era horretako bilera asko egiten doguz eta, sarritan, beharrerako be ez da asti larregirik izaten.

8. Gaur egun zein da zure beharra?

Hasieran, telefono barruko softwarea egiten neban, MMI softwarea (Man Machine Interface), hau kalean jenteak erabilten dauen softwarea da, berbarako telefonoa blokeateko, abotsa grabetako edota infra-red bidez gauzak bialtzeko. Urtebeteren buruan, modulu bateko ardurea emon eustien. Lundeko zentrua Ericssonen mundu osoko zentrua dala kontuan hartuz, munduan modulu horretan egiten ziran aldaketa guztien erantzukizuna hartu neban. Orain pare bat urte, barriz, hardware eta software arteko zereginetan hasi nintzan eta proiektuko buru izentau ninduen. Telefonoan dagoan hardware guztia probetako softwarea egiten dogu, R&Dn eta telefonoak fabriketan diranean erabiltekoa. Software horregaz ikusi daiteke GSM Radioa ondo dagoan, kamera edo displaiak ondo dagozan eta abar. Oso interesgarria da R&D-ko hard eta soft-egaz hartu-emonetan zagozalako; bestalde, laguntzinoa eta aholkularitzea emoten deutsegu telefonoak fabriketan dituen lantegiei eta, era berean, guk geuk be behar eta produkzino moduak ikasten doguz.

9. Sony-Ericsson bategitea edo fusinoa noiz izan zan?. Gaur egun, zeintzuk dira behar egiten dozun enpresearen helburuak edo egitekoak?

Eskuko telefonoak egiteko asmoagaz, Sony eta Ericssonen arteko bategitea orain urtebete eta erdi egin zan. Dana dala, gaur egun be, Ericsson eta Sony lantegi desbardinak dagoz. Mundu honetan japoniarrak dira nagusi. Bihar bertan meeting bat preparau dot Tokyotik nire beharra ezagutzen datozan batzuei harrerea egiteko. Kuriosoa da euren hierarkia kontzeptua eta bileretan danak horren arabera jesarten dira, nagusiak nagusiaren aurrean, gero hurrengo nagusia eta holan azkenera arte. Txarrena komunikazinoa izaten da ze, kasu gehienetan euren ingelera nahiko txarra dalako. Ez dakit, beharbada japoniera ikasteko momentua da.

10. Eguneroko bizimoduan, beharrean edo bestelako zereginetan, eskuko telefono barik gaur egun galduta gagoz. Argazkiak atarateko eta Internetera konektetako be balio dabe...; orain urte gitxi holakorik ez egoan. Denpora tarte txikian goitik behera aldatzen dira ohiturak, bizitzeko eta behar egiteko moduak...

Teknologia uste baino arinago dabil. Bai, horri buruz esperientza ona daukat, orain dala 5 urte ez nekian eskuko telefono bat zer zan be eta zeinek esango euztan niri orain Suedian biziko nintzala. Edozertarako prest egon behar gara baina nik aldaketa asko eta sakonak barruntetan dodaz arlo guztietan.

11. Zein da Aitor Hernandezen eskuko telefonoa?

Ez dago ondo esatea baina momentu honetan Sony-Ericssonek hemen Lund-en egiten dauen telefono barria darabilt baina laster hirugarren generazinoko bat hartuko dot; beharrean sortzen edo probetan doguzan telefonoak darabilguz, batez be, merkatura atara baino lehen, ahalik eta akatsik gehienak topetako.

12. Suedian luzarorako ala jaioterrira bueltan etorteko gogoz?

Epe luzerako planak egitea ez jat gustetan eta, beraz, ez dakit ziur noiz bueltauko nazan. Momentu honetan ez dot holakorik pentsetan baina egunen batean bueltetea gustauko litzakit. Halan da be, sarritan egiten dodaz osterak Bilbora, hurrengoa garagarrilaren amaieran izango da ezkontza bat daukat eta.

Koldo Isusi Zuazo