Euskal Inter Musika 2003 Lekeition
Gorago aitatutako kontuen harian dator Euskal Inter Musika Jaialdia eta sekulako kartela edo egitaraua preparau dabe:
Lehen eguna, garagarrilaren 26a izango da eta bertan hiru talde pasauko dira eszenatokitik. Alde batetik, Bilboko SPLIT 77 taldea, egun Euskal Herrian dagoan talderik interesgarrienetarikoa eta nazinoarte mailan benetako proiekzinoa dauena; horren erakusgarri, pasa dan hilebetean, Eskoziako Aberdeen uriko Go North 2003 jailadian eskainitako kontzertua; horrezaz ganera, Ingalaterrako MUSIK WEEK aldizkariak Split 77 taldearen abesti bat sartu dau disko bilduma baten Ingalaterrako beste musika talde batzuekaz batera. Gaztelupeko Hotsak zigiluagaz atara dabe lehenengo diskoa 'Antenna' izenburupean. Eurekaz batera, London hegoaldeko AGENT ELF taldeak parte hartuko dau, punk-rock musikea surf doinuekaz maisutasunez buztartzen dakian taldea. Azken buruan, momentu honetan, Eskozian sentsazino barria dan taldea, THE REAL SHOCKS hain zuzen be; honeek The White Stripes lako taldeen bide musikala jarraitzen dabe.
Jaialdiko bigarren egunean, musika tradizionala izango da nagusi. Barakaldoko HALA DZIPO euskal taldeagaz batera, Eskoziako SALTFISHFORTY taldea eta Galiziako ABREGOS DO COUTO taldeak izango dira. Egitaraua osotzeko, zapatuko kontzertuak amaitu ostean, Lekeitioko Kabaua diskotekan musika elektronikoagaz gau giro ederrean jarraitzeko aukerea egongo da Ingalaterratik etorritako Dj ospetsuen gidaritzapean.
Bitxikeria legez, esan daigun BBC RADIO SCOTLAND irrati katea Lekeitiora urreratuko dala Euskal Inter Musika Jaialdia grabetako asmoagaz.
Gogoan izan beraz, garagarrileko azken asteburuko data horreek: 26an eta 27an Lekeitiora hutsik egin barik. Ekimen interesgarri eta freskagarria uda honetarako Lekeition. Lehenengo edizinoa aurten, gero gerokoak. Informazino gehiago gura izan ezkero, hona hemen telefono zenbakia:
655-704037.
Gotzon Uribe
Estrainau barri dogun uda sasoian zenbat-gura musika jaialdi eta estilo guztietakoak izaten dira; horreetako batzuk ondo sustraituta dagoz eta beste batzuk, barriz, jaiobarriak dira. Lekeition, aurten, garagarrilaren 26an eta 27an jaialdi berezia egingo da: Euskal Inter Musika 2003 musika jaialdiaren lehenengo edizinoa izango da bertan, bizkaiko kostako herri parebakoan.
Euskal Inter Musika jaialdialdiaren helburu nagusia Euskal Herriko musika eszenan dagozan talde eta musikari interesgarri desbardinen ibilbidea Euskal Herritik kanpo bultzatzea da, hau da, joan-etorri kultural eta musikal bat sendotzea, era horretara, euskal musikeari leku bat topetako nazinoarteko merkatuan. Jaialdi honen bultzatzaile nagusiena Berni Dollman dogu, Euskal Internazionala alkarteko arduraduna. Dollman jn.aren esanetan, nazinoarteko hainbat erakunde musikalek eta beste jaialdi batzuetako antolatzaileek begi onez ikusi dabe ekimen barri hau eta, honegaz batera, aurrerantzean Euskal Herriagaz alkartruke musikalak egiteko interesa azaldu dabe: 'Era honetako ekinbideakaz, hartu-emonetan hasi eta emoitzak berehala ikusiko dira, alkarte eta erakunde desbardineei Euskal Internazionala Musikak antolaturiko ekitaldi desbardinetan parte hartzeko aukerea eskainiz; horrezaz ganera, etorkizunean ekimen barriak abiarazoteko aukerak errazagoak izango dira.'
Musikearen mundua etenik barik aldatzen dagoan kontua da eta antolatzaileak jaubetu dira euskal merkatuan be aldaketa sakonak izan dirala eta, era berean, jokera edo tendentzia musikal barriak Euskal Herrian be indarra hartzen doazela; eta ez hori bakarrik, musikariek soinu barriak erabilteko eta horreekaz esperimentetako gogoa erakutsi dabe behin eta barriro. Argi dagoana beste gauza bat da, gizartean eta, batez be, jente gaztearen artean, esperientzia eta proposamen barrien eskaerea gero eta handiagoa dala. Berni Dollman-en esanetan, Euskal Herrian transformazino musikal garrantzitsua bizi dogu gaur egun eta hori sano positiboa da.