Nepal: mehatxupean dagoan paradisua (I)
Maoista gerrillearen gatazkea Nepalen
Maoista gerrillea
Adituen esanetan, egoera horren eraginez sortu da maoista jatorriko mobimentu komunistea. Orain zazpi urte sortu zan Nepalgo mendebaldean, inguru pobre eta azpigaratuan. Hasieran, legezko mobimentu politikoa zan, herriaren babes handiagaz. Dana dala, laster muturreko ideiak eta jarrera erradikala nagusitzen joan ziran eta gobernuak alderdia legez kanpo itxi eta haren kontrolpeko argitalpen guztiak debekatu zituan; geroago, 2001eko zemendian emerjentzia egoerea eta oraindino leku askotan indarrean dagoan etxeratze-agindua ezarri zituan dekretuz. Mobimentu maoistearen ideologia eta ekintzek hirurogeita hamargarren hamarkadan, Kanbodian Jemer Gorrien genozidioa dakarskue gogora; gogoratu, hiru miloe lagun baino gehiago hil zirala, hau da, herrialdearen herena. Kasu bi horreetan, mobimentua agintariak gero eta aberatsago zirala ikusita, gosez hilten egozan herritarren amorru eta pobreziaren eraginez sortu zan. Kanbodiaren kasuan, boterean egoan Pol Pot tirano borreroa errotik atara gura eban gatxaren ikur bihurtu zan.
Maoista gerrillearen kasuan, helburuak argiagoak dira: monarkia ezereztea eta Mao Tse-Tung-en eraginpeko sistema marxista-leninista indartsua ezartzea. Horretarako, ondo antolautako eraso sistematikoak egiten ditue poliziaren eta ejerzitoaren kontra, besteak beste, euren arma eta azpiegiturak eskuratzeko. Kathmandu Post egunkariak emondako azken datuen arabera, aurrez-aurrekoetan hildako guztietatik 4.500 baino gehiago emerjentzia egoera ekarri eban dekretuaren ostean hil dira, hau da, azken urtebete eta erdian. Orain arte, hildako errebeldeen zifra ofiziala 6.011koa da baina datu hori ez da bape sinisgarria egoerea in situ aztertu eta segurtasun indarren egoerea negargarria dala ikusita. Herrialdeko argitalpen guztiak kontroletan dituan gobernuaren ilunpea tarteko, oso gatxa da benetako egoerearen ganeko datu fidagarriak jasotea mendebaldean.
Nepal gaur egun
Esandakoak esanda, gaur egun odisea handia da Nepalen zehar ibiltea. Errepideak zarratuta, ejerzitoaren kontrolak eta herrialdearen mendebalde osoan dekretuz ezarritako etxeratze-agindua (arratsaldeko zapietatik aurrera kalean ibilteko debekua) dira nagusi. Etenik bako tensino egoera horrek historiako krisirik larriena eragin dau Nepalen nagusienetakoa dan turismoaren industrian. Jarduera turistikoak % 70 egin dau behera eta Pokhara lako urietan, kanpotarrentzat eregitako hotel eta jatetxeak hutsik dagoz. Herritarrak bildur-ikareagaz bizi dira eta beren beregi maisu-maistrak, izan be, gerrilla maoistearen helburuetako bat titulartasun pribatuko ikastetxe guztiak dira; gerrilleak dobaneko irakaskuntzearen alde egiten dau eta heriotz-mehatxupean, ikastetxe askok ateak zarratu behar izan ditue. Igaz, urtearen amaieran, mobimentu maoisteak hiru eguneko grebea deitu eban eta herrialdea paralizau egin zan. Bigarren mailako maistra baten esanetan: 'Bildur handiagaz gabilz. Ez gagoz grebaren alde baina inork be ez daki nork babesten dituan maoistak eta, aginduak bete ezean, salaketa arriskua handia da. Auzoko bat edo lagun bat izan daiteke salatzailea. Krudeltasuna da nagusi oraintsura arte baketsua eta lasaia izan dan herrialdean'.
Etorkizun iluna
Nepaleko etorkizunari begira, oso larria da gatazka giroa larregi luzatzea; gaur egun, munduko hamar herrialde pobreenen artean dago eta azpiegiturak zaharrak eta eskasegiak dira; trenbiderik ez dago eta errepideen egoerea negargarria da; ganera, gerrillak azpiegitura horreek etenik barik erasoten ditu eta egunetik egunera egoerea okerragoa da. Nepalgo ekonomiaren oinarria nekazaritzea da baina eguraldi gogorraren ondorioz, oso ahula da; gauzak holan, intolerantzia jarrereari eusten deutsen alde bien arteko negoziazinoak nekosoak dira. Gaur egungo sistemea oso txarra da, korrupzinoak eta pobreziak itolarria dakar herritarrentzat eta gizarte alkarbizitzea ia-ia ezinezkoa da. Bien bitartean, garatutako munduari ez jakoz kontu horreek interesetan, Nepalen ez dago onura edo interes ekonomikorik, armen industria indartzeko ezelako aukerarik eta multinazional erraldoirik be ez dago tartean. Holakoetan, bizkarra emotea eta diruaren hotsari begiratzea izaten da jarrerea.
Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama
Nepalek beti gomutarazoten deuskuz lasaitasuna eta espiritualtasuna. Himalayako hormatzarrak sekulako edertasuna eransten deutso ingurualde osoari; hala da guztiz be, azken zazpi urteotan, 7.300 lagun baino gehiago hil dira herrialde barruko gatazka armatuan eta, zoritxarrez, era honetako barriak ez jakuz heltzen mendebaldera. Bizkaie!-ren Bidaide atalean gatazka honen ganeko jakingarriak eskainiko deutsueguz hiru kapitulutan eta asmoa gaur egun Nepalek bizi dauen egoerearen barri emotea da.
Nepalen ez dago petroliorik, lehengairik, ezta bestelako interes ekonomikorik; mendiak eta paisaiaren edertasuna kenduta, Nepalen egoerea ez jako inori interesetan. Mugakide dituan Txinak eta Indiak zeozelan esku hartzen dabe baina herrialde bi horreen artean dagoalako baino ez da eta bien arteko gatazketan parte hartzen dauelako. Mendebaldeko telebista kate desbardinetan, sarri ikusten doguz Nepalen ganeko edo, zehatzago esateko, Himalayaren ganeko erreportajeak eta eskaintzen deuskuezan irudiak ikusgarriak izaten dira: Himalayako tontorrak eta aurrerapen teknologiko guztiekaz hornidutako espedizinoak...; kontuak kontu, erreportaje horreetan eta ganerako barrietan ahaztu egiten da Nepalen mendi, tontor, paisaje zoragarri eta bestelakoez ganera, personak be badagozala. Ardurabakokeria horrek degenerazino ekonomiko, politiko eta soziala eragin dau Nepalen eta konponbidea ez da erraza izango.
Azpigaratutako herrialde gehienetan legez, Nepalgo sistema politikoa negargarria da eta demokraziagaz ez dauka ezelako loturarik. Boterea Kathmandu uriburuan zentralizauta dago eta herrialdearen baliabide ekonomiko urriak eta ejerzitoa kontroletan dituan errege familiaren esku. Familia horren ganeko kontu ilunak mundu osoko komunikabideetan agertu ziran orain pare bat urte: errege jauregian, erregea, erregina eta oinordeko printzipea hil eta herrialde osoan bildur-ikarea zabaldu zan. Errege familiaren ganeko kontuak aztertzea tabu handia da eta pribatuan eta konfiantzazko lagunakaz baino egiten ez dana; edozelan be, Nepalen gehinek pentsetan dabe gaur egungo erregea izan zala hilketearen erantzule zuzena; atara kontuak beraz, zelan funzionetan dauen sistema politikoak. Gauzak holan dirala, Kathmandu eta Pokhara (Himalayako igoeretarako abiapuntuak) kenduta, boterearen zentralizazinoak, ezegonkortasun politikoak eta korrupzinoak pobrezia gorria eta azpigarapena eragin ditu Nepalen. Pokharako nekazaritza guneko lehen mailako maisu baten esanetan, 'Nepalen ez dago liderrik, errege familia eta ministroak baino ez dagoz eta danak korrupzinoaren atzaparretan. Hareek gero eta aberatsago diran bitartean, herriak ez dauka jatekorik be eta eskoletako egoerea penagarria da: ez dago dirurik oinarrizko materiala erosteko eta ume askok eskolara joateko aukerarik be ez dauka'.