Musikea  II. urtea // 29. zenbakia - 2003ko garagarrilaren 1a

Bilbao Tropikal 2003: Maria Creuza, Faudel, Bouhia, Los de Abajo, El Combo Linga, African Simba, Earl16 eta Basque Dub Foundation

Eguraldi beroagaz bat eginik, Bossa Nova, Rai, Reggae eta erritmo latinoak zenbat-gura garagarrilaren 10etik 13ra bitartean

Aurten, Jaialdiko egun bakotxak erritmo zehatzak izango ditu ezaugarri: lehenengo egunean, hau da, garagarrilaren 10ean, eguenean Brasileko Bossa Nova erritmoakaz gozetako aukerea emongo deusku Maria Creuzak; hurrengo egunean, barikuan Rai musikearen txandea izango da eta antolatzaileek pare bat talde kontratau dabez: 'Faudel' frantziar-argeliar abeslaria, rap eta funk doinuak eta bestelako erritmo batzuk buztartzen dituana eta 'Bouhia' bertoko taldea, Euskal Herriko eta Afrika iparraldeko kideez osotutako taldea hain zuzen be. Garagarrilaren 12an erritmo latinoak jorratzen dabezan beste talde bi izango dira taula gainean: salsapunk estiloa lantzen dauen Mexikoko 'Los de Abajo' eta Madrileko 'El Combo Linga', flamenko, reggae eta ska doinuak nahastuz, zuzeneko ederrak eskaintzen dituan taldea. Jaialdiko azken egunerako, garagarrilaren 13rako reggae doinuak aukeratu dabez antolatzaileek eta hiru talde izango dira: 'African Simba' nigeriarrak, Earl16 jamaikarrak eta 'Basque Dub Foundation', Euskal Herriko eta Bretainia Handiko kideez osotutako taldea.

Azken buruan, kontuan hartzekoa da musika kontzertuez ganera, bestelako ekitaldi batzuk be izango dirala: Erriberako Merkatuaren inguruan tailerrak, kalejirak kale animazinoko taldeakaz, musika tresna, argazki eta erropen erakusketak, artisautza zein dastaketa gastronomikoak...

Bilbao Tropikal 2003 Jaialdiko lehenengo kontzertua, garagarrilaren 10ekoa Arriaga Antzokian izango da eta sarrerea 6 eta 12 eurotan eskuratu zeinkie. Ganerako kontzertuak doan izango dira Bilboko San Frantzizko Auzoko Mariaren Bihotza Plazan.

Bizkaie!

Zortzigarren edizinoa dagoeneko eta esan daiteke "World Music" edo Munduko Musiken Europako Zirkuitoan ondo sustraitutako hitzordua dala Bilbokoa.

Beste urte batez, Bilboko Udaleko Kultura eta Turismo Sailak antolatu dau Jaialdia eta asmoa nazinoarte mailako musika etnikoaren ordezkari garrantzitsuenak Bilbora ekarri eta uriko kultura aniztasuna sendotzea da. Horrezaz ganera, udako kultur egitarau betea eta kalidade handikoa eskaintzea lortu gura da. Orain arte, aurreko edizinoetan Cesaria Evora, Miriam Makeba, Youssou N'Dour, Cheb Mani, Burning Spear, Toots and the Maytals edo Carlinhos Brown lako artisten lana ezagutzeko aukerea egon da Bilbon eta, aurte be, musika etnikoaren edo "World Music" horren zaleak pozik geratuko diralakoan gagoz.

Bilbao Tropikal Jaialdia 1996an antolatu eben lehenengoz eta sasoi haretan musika latinoa nagusi izan bazan be, hurrengo urteotan Brasil, Karibe eta Afrikan jatorri daben beste musika edo erritmo batzuk sartzen joan dira.