Musikea  II. urtea // 29. zenbakia - 2003ko garagarrilaren 1a

Mendebala: Galizia, Asturias, Kantabria, Gaskonia eta Euskal Herriko kultur adierazpenen bategitea

Mendebala Kulturala, Sopuertan garagarrilaren 4tik 6ra


Mendebala Jaialdiaren eskaintza nagusia musikea izango da baina ez bakarra. Egitarauan bariku eta zapatu gauetako kontzertuak izan daitekez erakargarrienak: garagarrilaren 4an, barikuan gaueko 22:30etatik aurrera: SALTABARDALES (Kantabria), GADALZEN (Gaskonia), TAPIA ETA LETURIA (Euskal Herria) eta DIXEBRA (Asturias) taldeak izango dira Sopuertan, Santa Ana zelaietan; garagarrilaren 5ean, zapatuan bigarren gau musikala: TEJEDOR (Asturias), LUAR NA LUBRE, XOXE MANUEL BUDIÑO (Galizia) eta BRIGANTHYA (Euskal Herria) taldeakaz Santa Ana zelaietan.

Dana dala, bestelako ekitaldi batzuk be egongo dira, besteak beste, gaita eta dultzaina ikastaroak, artisautza azokea, berbaldiak, umeentzako jolasak, Kepa Junkeraren musika tresnak bildumako erakusketea, Kantabria, Azpeitia eta Enkarterriko dantza taldeak, kirolak (pasabolo partiduak edota barrenarien desafioak), abesbatzak, kale animazinoa, trikitilariak...; egitarau ederra garagarrilaren 4an, bariku arratsaldeko 16:00etan hasi eta garagarrilaren 6ko, domekako eguerdia bitartean.

Badaezpada, azpimarrau daigun Bizkaiko Enkarterri eskualdean kokatuta dagoela Sopuerta, Euskal Herriaren mendebaldean beraz. Gogoratu, sarrerea doakoa izango dala eta kanpin-dendak ipinteko lekuak be egongo dirala.

Informazino gehiagorako, hona hemen Interneteko helbidea:
http://www.mendebalasopuerta.net

Bizkaie!


Itsasoa, lurra, airea, urdina, kresala, mendiak, harea, haranak, labarrak, basoak, bedar eta ibaiak..., musikea, kulturea eta natura: horixe eta gehiago da Sopuertako Mendebala Jaialdia. Aurten II. Edizinoa izango da baina helburua ez da aldatu: proposamen integratzailea, Kantaurialdeko aniztasun kulturalaren barri emotea. Galizia, Asturias, Kantabria, Euskal Herria eta Gaskonia berezko nortasuna, kulturea eta historia daben herriak dira eta alkarrenganako errespetuan oinarrituta euren nortasuna gordetan jakin dabenak, kantaurialdeko kostaldetik musika eta kulturen benetako mosaiko bat eginaz. Aberastasun horretan oinarrituta, Mendebala Jaialdiaren asmoa gure kulturearen eta inguruetakoaren barri emotea da. Galiziako, Asturiaseko, Kantabriako, Gaskoniako eta Euskal Herriko kultur tradizinoaren aberastasuna ezagutarazoteko asmoagaz sortu zan Mendebala Jaialdia Sopuertako Urreztieta Dantza Taldearen ekimenez. Igaz Mendebala Kultur Alkartea abiarazo eben eta talde honen ardurea izan da bigarren jaialdia antolatzea.

Horrezaz ganera, uda sasoiaren hasierako kultur eta musika erreferente bihurtzeko gogoz dagoz antolatzaileak eta, horretarako, egitarau potoloa preparau dabe 90.000 euroko aurrekontuagaz.