Antxina-barri  I urtea // 1 zenbakia - 2002ko maiatzaren 1a - Hamaboskaria

Samartinen hamabi egiak


Juan Manuel Etxebarria,
Euskal Filologian Doktorea, Euskaltzaindiakoa, idazlea, ikerlaria...

Gure baserritarrak, udabarriagaz batera erantau egiten dira euren solo beharrak egiten, gero sasoiko ereintzak egiteko hazeguna datorrenean.

Udabarriaren etorrerea kukuak be adierazoten deusku, antxinatik egin be ganera. Baserritarrek ez daukatsue beste konbertsazinorik, bateko kukua etorri dan, besteko kukuka daragoion, harako kantakeran aldean dirurik agiri dan eta holako zenbat gura eta harexen beste kontu.

Baserri beharretarako ez dago ez ordurik ez jaiegunik preminea dagoanean eta jakina, sarritan esturik ibilten da jentea eguraldiaren agindupean.

Antxina be egongo ziran estuasunak beharrak egiteko, hoba ez, eta baten baino gehiagotan, estutukeran, deabruari be egiten ei eutsien gedar.

Egun baten, artoa ereiteko lur-lanak egiten ebilen eleiz kontuetan asko sinestuten ez eban gizon aholatz bat, eta halako baten badino:

- 'Ez dok etorriko oraintxe deabrua berbera hau behar gogor hau egiteko!'
'Deabrua' izena ahotik askatuz batera, zer? Eta deabrua bera ez jaken ba agertu prakagorri eta guzti, esanaz:
- Hementxe naukak, zer gura deustak?
- Zer gurako joat ba, -erantzun ei eutsan deabru-gedarrez ebilenak-, aurreko beharrok egiteko laguntzinoa!
- Hoba ez, mutil, atoan egingo joazat solo-beharrok, baina heure arimea emon behar deustak horren truke!
- Ba, eutso!

Ene, ene! Ha bai zala izatekoa. Deabrua eta bereak beharrean eta baserritarra praketan estu eta larri arimea galtzeko bildurrez.

Orduan, fanfarroikeriak alde batera itxita bildur sartuaz eta dardarotsean joan zan ha gizona abadeagana, eta esan:

- Jauna, hauxe eta hauxe egin dot, deabruari arimea ofrezidu!
- Baina, baina, hori egin deustak semetxu maitea! Eutso, eutso atoan nire bedeinkazinoa, baina ez dok nahikoa izango; joan hadi eta esaiok deabruari damutu egin hazela. Gero, beste zeozer eskatuko deua eta egiok, osterantzean hireak egin jok!

Abadeak esaniko moduan egin eban, eta deabruak, horretara, Samartinen hamabi egiak kantetako agindu eutsan:

Hak baserritarrak esan eutsan ba ze bere buruari: "Hau dok izatekoa! Ez nioan inoiz pentsauko harako amamak umetan irakatsiko kanta honek balio izango jeustaanik! Baina, tira, bizitzan beti jagok zer ikasi.". Eta beste barik hasi jakon deabruari Samartinen hamabi egiok kantetan:

- Samartin, esaik bat.
- Gure Jauna bera dok bat, berak salbauko gaiozak.
- Samartin, esaik bi.
- Erromako altarak bi, gure Jauna bera dok bat, berak salbauko gaiozak.
- Samartin, esaik hiru.
- Hiru trinidadeak hiru, Erromako altarak bi, gure Jauna bera dok bat, berak salbauko gaiozak.
- Samartin, esaik lau.
- Lau ebanjelisteak lau, hiru trinidadeak hiru, Erromako altarak bi, gure Jauna bera dok bat, berak salbauko gaiozak.
- Samartin, esaik bost.
- Jesukristoren bost llagak bost, lau ebanjelisteak lau, hiru trinidadeak hiru, Erromako altarak bi, gure Jauna bera dok bat, berak salbauko gaiozak.
- Samartin, esaik sei.
- Sei zeruko izarrak sei, Jesukristoren bost llagak bost, lau ebanjelisteak lau, hiru trinidadeak hiru, Erromako altarak bi, gure Jauna bera dok bat, berak salbauko gaiozak.
- Samartin, esaik zazpi.
- Zazpi sakramentuak, sei zeruko izarrak sei, Jesukristoren bost llagak bost, lau ebanjelisteak lau, hiru trinidadeak hiru, Erromako altarak bi, gure Jauna bera dok bat, berak salbauko gaiozak.
- Samartin, esaik zortzi.
- Zortzi dira zeruak, zazpi sakramentuak, sei zeruko izarrak sei, Jesukristoren bost llagak bost, lau ebanjelisteak lau, hiru trinidadeak hiru, Erromako altarak bi, gure Jauna bera dok bat, berak salbauko gaiozak.
- Samartin, esaik bederatzi.
- Bederatzi ordenamentuak, zortzi dira zeruak, zazpi sakramentuak, sei zeruko izarrak sei, Jesukristoren bost llagak bost, lau ebanjelisteak lau, hiru trinidadeak hiru, Erromako altarak bi, gure Jauna bera dok bat, berak salbauko gaiozak.
- Samartin, esaik hamar.
- Hamar mandamentuak, bederatzi ordenamentuak, zortzi dira zeruak, zazpi sakramentuak, sei zeruko izarrak sei, Jesukristoren bost llagak bost, lau ebanjelisteak lau, hiru trinidadeak hiru, Erromako altarak bi, gure Jauna bera dok bat, berak salbauko gaiozak.
- Samartin, esaik hamaika.
- Hamaika mila angeruak, hamar mandamentuak, bederatzi ordenamentuak, zortzi dira zeruak, zazpi sakramentuak, sei zeruko izarrak sei, Jesukristoren bost llagak bost, lau ebanjelisteak lau, hiru trinidadeak hiru, Erromako altarak bi, gure Jauna bera dok bat, berak salbauko gaiozak.
- Samartin, esaik hamabi.
- Hamabi apostoluak, hamaika mila angeruak, hamar mandamentuak, bederatzi ordenamentuak, zortzi dira zeruak, zazpi sakramentuak, sei zeruko izarrak sei, Jesukristoren bost llagak bost, lau ebanjelisteak lau, hiru trinidadeak hiru, Erromako altarak bi, gure Jauna bera dok bat, berak salbauko gaiozak.

Hamabi egiok entzun eutsazanean, hasarretu egin jakon deabrua, eta akordatzakoan koiuteko asmoagaz, badinotso:

-Esaistak ea hamahiru!
-Ez dok hamahiru, oilarrak joten jok munduan, aingerutxuak zeruan!