Rudolf Pieter Gerardus de Rijk ohorezko euskaltzaina bagilaren 15ean hil zan Amsterdamen
Zortzi hizkuntza ekizan de Rijk-ek eta bere azterketak morfologia eta sintaxiagaz lotuta egon dira beti; euskal erlatiboaren berezitasunak, euskerazko partitiboa edo euskereak ganerako hizkuntzakaz dituan aldeak aztergai izan ditu. Euskerearen filologian eta diakroniaren arloan eginiko lanak oso garrantzitsuak izan dira.
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban 1965eko irailaren 24an eta euskaltzain ohorezko, barriz, 1991ko urtarrilaren 31n. 2002ko zemendiaren 28an, Euskal Herriko Unibersidadeak Honoris Causa Doktore izentau eban Amsterdamen egindako ekitaldian.
Bizkaie!
Rudolf de Rijk bere jaioterrian hil zan eta bagilaren 19an hileta eleizkizuna izango da Amsterdamen bertan. Hilebete barru errautsak Euskal Herrira ekarri eta lau haizetara botako ditue Euskaltzaindiak jakinarazo dauenez.
Rudolf de Rijk Amsterdamen jaio zan 1937ko martiaren 24an. Oinarrizko ikasketak amaitu ostean, Amsterdameko Unibersidadera joan zan ikastera. Bertan, matematika ikasle lez hasi bazan be, azkenean, hizkuntzalaritzea interesgarriagoa begitandu jakola autortu eban baten baino sarriagotan eta, beraz, hizkuntzen munduan sartu zan buru-belarri. 1956an Amsterdametik Granadara joan zan turista moduan. Handik, barriro Holandara bueltan, Donostiatik pasau zan; euskereagaz lehenengo kontaktua Donostiako portuan dagoan Aita Mariren oroitarriko berbak izan ziran; berehala, Mendizabalen euskal gramatika txikia erosi eta Holandara bueltau zan.