Sareko kontuak
Gotzon Plaza,
informatikoa
1. AEBetako FBI-ren eginkizun barriak
Kalte handia egin daben birusak asko dira (Melisa, I love you, Klez...) baina azken aldian 'Bugbear' izenekoak bazterrak astindu ditu; birusaren indarra eta eragindako kaltea ikusita, Estadu Batuetako FBI erakundea be beharrean dabil; birusa nondik zabaldu dan ikertzen hasi dira eta azken muturrera heltzeko asmoa erakutsi dabe. Azken egunotan, berrehun herrialdetatik Internet-en bidez zabaldu dan birus honi esker pirata informatikoek ordenagailuen urrutiko kontrola lortu leikie. Ordenagailuok banketxe batekoak badira, arazoa nahiko serioa eta arduratzeko modukoa da FBIren esanetan.
2. Andaluziako 100 eskoletan 15.000 ordenagailu Linux-era pasauko ditue
Microsoft eta Linux-en arteko burrukan ez dago deskantsurik. Andaluziako lehen hezkutza eta bigarren hezkuntzako ikasleen ordenagailuak Linux-era pasauko ditue, bertako Kultura Kontseilariak azaldu dauenez. Danetara, ia-ia 15.000 ordenagailu izango dira.
Pasa dan astean jakin genduan Ingalaterrako Newham eta Nottingham-eko udalerriek be Linuxera pasetako asmoa dabela. Bien artean 11.500 ordenagailu inguru izango dira eta azken baten, erakunde publikoen jarrerea arduragarria da Microsoft Etxearentzat, besteak beste, lehen pausuak baino ez diralako eta segurutik era horretako erabagi gehiago etorriko diralako laster. Jakina, diru asko dago tartean.
3. Internet-en bidez ligetea erraza da baina kontuz gero...
Afganistanen egoan armadako koronel bat saltsan sartuta dago. Antza danez, koronel hau AEBetako 50 emakumegaz hartu-emonetan hasi zan Internet bidez eta guztiak maitemindu zituan. Koronel honen izena Kasem Saleh da eta emakumeak Internet-en bidez topau eta gero amodiozko e-mailak bialtzen hasi zan. Azkenean, horreetako andra bati ezkontzeko eskatu eutson eta honek nahiz eta sekula bere senargaia ikusi ez, baietza emon eutson. Baina egunak joan egunak etorri, beste 49 emakumeri be eskaera bera egin eutsela jakin zan eta orain hor dagoz 50 emakume gizajo horreek oso hasarre; AEBetako armadeari azalpenak eskatu deutsiez eta jakin dogunez, barruko ikerketeari ekin deutse. Azkenik, gogoratu egingo dogu Kasem Saleh koronela antxina ezkonduta dagoala.
4. AEBetako liburutegiak FBIren kontra
Irailaren 11ko erasoen ondoren, AEBetan bizi dan segurtasun nazionalaren sikosiari jarraituz, FBI erakundeak liburutegietako bezeroen datu guztiak eskatu ditu; gehienbat erabiltzaileen eta irakurten dabezan liburuen ganeko informazinoa eskatu dabe. Dana dala, liburutegiak ez dagoz prest datu horreek emoteko eta hor sortu da saltsea: alde batetik, FBI, goitik agindu zorrotzak dituala esanaz eta, bestetik, liburutegietako arduradunen jarrera gogorra, liburutegietako fitxak apurtzeko prest dagozala esanaz. Laster etorriko da gai honen gaineko hurrengo kapitulua.