Eskuko telefonoak: teknologiaren hurrengo pausuak
Teknologia kontuetan, Japonian beti doaz aurretik
Espezialistak dira teknologia barriak ikertzen, garatzen eta hobetzen eta, oraingo honetan, eskuko telefonoak jolasteko doguzan urruneko kontroleko autotxuak gidatzeko be preparau dabez. Takara jostailu konpainiak eta Konami bideojokoetako enpreseak teknologia barri hau merkaturatu eta honezkero sekulako salmentak lortu dabez.
Takara-ren bertsinoan eskuko telefonoan transmisino unidade txiki bat ipini eta erabiltzaileek telefonoaren tekladuaren bitartez euren kotxeak gidatu leikiez.
Konami-ren bertsinoan, NEC AEBetako konpainiagaz batera garatutakoan, software berezi bat deskargau eta gero, kotxetxuak telefonoaren izpi infragorrien bitartez kontrolau daitekez.
Alde txarrik ba al dago?
Gaur egun hain zabalduta dagoan elementu hau zelan ez da sartuko enpresa munduan be? Ia-ia derrigorra zan. Ezagutzen al dozue ejekutiborik, enpresario, irakasle edo kazetaririk eskuko telefonorik ez daukanik? Banaka batzuk egongo dira baina gaur egun nahitaezko tresna bihurtu jaku.
Eskuko telefonoen alde txarren artean, bat baino gehiago aitatu geinkez: menpekotasuna, gastua gehitzea...; edozelan be, ez daigun ahaztu beste kontu bat: Internet-en galbilzanok kokoteraino gagoz gure e-mail helbideetara gelditu barik heltzen jakuzan spam-ak dirala eta (zabor korreoa). Adituen ustez, SMS bidez gero eta spam edo zabor gehiago helduko da eskuko telefonoetara. Batzuen esanetan, eragina edo kaltea ez da hain larria izango baina oraintsu egindako inkesta batek erakutsi dauenez, erabiltzaileen % 69k inoiz holako mezuak jaso dituala autortu dau. Hori bai, posta elektronikoaren zabor mailara ez garala helduko be aitatzen da, kontuan hartuz, e-mailak bialtzeak ez dakarrela gastu handiegirik (e-mail baten kostuagaz ehundaka mezu bialdu geinkez eta munduko edozein txokotara); eskukoa erabilita SMS mezuak bialtzeko orduan, mezu bakotxagaitik pagau behar da eta honek muga haundia suposatzen dau publizidade enpresa batentzat.
Azken buruan, arazoa da, oraingoz ez dagoala ezelako araudirik holako mezuak eta spam erakoak araupetzen dituanik eta, beraz, norberak neurriak hartzea komenidu da hilaren amaieran 'gehiegi' pagau gura ez badogu behintzat. Internauta gehienak oso arduratuta dagoz eta gitxieneko neurriak zorrotz apliketan dabez. Korreo buzoiak blokeetea eta korreo ezezagunak baztertzea neurri onak dira. Zoritxarrez, oraindino ez da agertu eskuko telefonoetan SMS mezu ezezagunak edo SPAM mezuak bereizteko aukerarik baina trankil, laster etorriko da hori be.
Gotzon Plaza,
Informatikoa
Gaur egun, nork ez dauka holako tramankulurik?, kasu batzuetan, bat baino gehiago be bai. Komunikazinoaren elementu barri honek azken urteotan munduaren neurria txikiagotu egin deusku eta alkarren arteko komunikazinoa ugaritu eta aldatu be egin dau: ez bakarrik ahotsa, mezu laburrak bialtzeko be asko erabilten da eta, era horretara, hizkuntzak beste era batera idazteko eta hizkuntza aldatzeko be ikaragarrizko bueltea ikusi dogu, batez be gazte jentearen artean. Komunikazino esparru honi Internet-era konekzinoak egiteko aukerea be jarri geuntsan eta jokoen mundua be geure telefonoetara eroan genduan. Hau guzti hau, hogei urteko tartean besterik ez, ze lehenengo eskuko telefonoa Motorola enpreseak plazaratu eban orain dala hogei urte.
Hurrengo pausua, argazkiak egin eta telefonoaren konekzinoagaz handik eta hemendik, datuak edonondik bialtzeko edo jasoteko ahalmena. Gerotxuago, geure telefonoak bideo kamara be bihurtu jakuz: Nokia enpreseak laster atarako dau modelo barria 3650 modeloa hain zuzen be eta horregaz testua, irudiak, doinuak eta bideo laburrak be bialdu daitekez. Hasierako eskuko telefonoekaz konparauta, askosaz arinagoak dira oraingoak eta patrikeran daroaguzanik be ez dogu igarten; Nokiaren modelo barria 130 gramukoa da ( www.nokia.com )