Zinea  II. urtea // 28. zenbakia - 2003ko bagilaren 15a

Anger management


'Anger Management' komedia entretenegarria da, eta metrajearen zatirik handienean nora jo gura dauen ez dakigun arren, esan daiteke modu atseginean ikusteko moduko pelikulea dala. Egia da, era berean, filmeko gag batzuk nahiko eskasak eta azalekoak dirana, baina Nicholson histrionikoaren agerpen karismadunari esker, hutsune horreek guztiak neurri baten beteten dira. Edozelan be, sano bitxia da pelikulearen pasarterik onenak erraz aurreikusi baina guztiz eraginkorrak diran osogai klasikoetan agertzea.

Gorago esan dogun legez, Jack Nicholson antzezleen zerrendan azaltzeak film hau antzeko produkzinoetatik bereizteko bide emoten dau; halan, ez da harritzekoa aktore honek bere filmografian behin eta barriz erakutsi deuskuzan keinu bereziak ostera be barre egiteko arrazoia izatea. Pelikuleak, aldi berean, bigarren mailako aktoreen jardun profesional eta egokia bere egin dau, Marisa Tomeiren rol sinplearen agiriko mugak estalduz. Ganera, oso deigarria da izen eta ospe handiko pertsonaien agerpena; horren ondorioz, ikusleek sarritan arretea galdu eta mesede baino kalte handiagoa egiten deutsola esan geinke.

Azkenik, Teddy Castelluciren musika-bandearen ganean aitatu geinke, filmaren antzera, atsegin eta funtzionala dala eta bere helburua beteten dauela, beste barik. Beraz, badakizue, barre-algararen bat edo beste egin eta Jack Nicholsonen berezko talentua atzera be miretsi gura badozue, hurreneko zinera joan besterik ez dozue egin behar. Hori bai, bene-benetako barre-zantzoak egin gura badozuez, hobe izango dozue bideoklubera joan eta Jack Nicholsonen beste film bat aukeratzea. Duda izpi barik, zuen matrailazurrek eskertuko deutsue.

Joseba Terreros

Zuzendaria: Peter Segal.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2003.
Iraupena: 101 minutu.
Antzezleak: Adam Sandler (Dave Buznik), Jack Nicholson (Doctor Buddy Rydell), Marisa Tomei (Linda), Luis Guzmán (Lou), Jonathan Loughran (Nate), Kurt Fuller (Frank Head)…
Gidoia: David Dorfman.