Mi vida sin mi
Melodrama bat egiteko zeregina ez da bape erraza sentimentalismo merkean eta itxurakerian sartu barik. Isabel Coixet zuzendariak erronka horri oratu eta bikain jardun dauela esan beharra dago, bizitzearen eta heriotzearen zein errealidadearen eta amesen arteko muga lausoaren orekeari ondo be ondo eusteko gauza izan dalako. Kanadan eta ingelesez filmautako pelikula hau gizatasunez eta gozotasunez beteriko kontakizuna da, ama gazte baten hur-hurreko heriotzearen gaia ardatz hartzeagaitik be. Persona honek hiru hilebete baino ez ditu eta, hil baino lehenago, hainbat zeregin betetea erabagiko dau bere zuloak familiari sortu eragingo deutson lurrikaratik libretako.
Coixet filmeko protagonistea erabilten dau ikusleek bizitzearen ganeko gogoeta egin daien; mezua argia da: bizitza honetan ezinbesteko gauza gitxi dagoz eta garrantzitsuena zoriontsu bizitzen ahalegintzeko behar-beharrezkoak topetea baino ez da. Ann horretaz belu konturatuko da, bizitzea eskuetatik joan jakonean; orduantxe ikusiko dau denpora-tarte zabalagoa behar dauela familia zenbateraino maite dauen agirian imini eta bizitzen jarraitzeko arrazoi nagusiaren bila, maitasunaren bila, abiatzeko.
Film eder honek ez deutse munduari, gaixotasunei edo heriotzeari ezkortasun eta fatalismoz begiratzen; ganera, pelikulan asko be asko dira gomuta baikor eta atsegin modura kontetan diran istorio txikerragoak. Azken baten, abagune zehatzen arabera bizitzaz gozetan ikasi dauen persona bat ikusiko dogu. Muga guztiak gorabehera, Annek bitalismoz eta etsipen barik bizitzen daki eta maitasuna bildur eta lotsa barik erakusteko kapaz da, bere ibilbidean gauzak sarri askotan okertu jakozan arren. Unea helduta, heriotzeari aurrez aurre begiratu eta adikune baikor batez egingo deutso aurre.
Pelikula pertsonal eta independentea da; zuzendariak formea eta edukina modu ezin hobean buztartu ditu, benetako poema dramatiko modura bilbatuz; ikusleari sentimentu onak sortarazoten deutsozan kontakizun ederra da, bai eta, beharbada, negar-anpulu gozoren bat edo beste be. Hori guztia zintzotasun eta prestutasunetik abiatuta azaltzen deusku, zineak be, errealidade gordin eta gogorrari alde egiten baino, bizitzen ikasteko laguntzinoa emon leikelako.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Isabel Coixet.
- Herrialdea: Espainia eta Kanada.
- Iraupena: 100 minutu.
- Antzezleak: Sarah Polley (Ann), Amanda Plummer (Laurie), Scott Speedman (Don), Leonor Watling (auzokidea), Deborah Harry (ama), Mark Ruffalo (Lee)...
- Gidoia: Isabel Coixet; Naci Kincaid idazlearen 'Pretending the bed is a raft' izeneko liburuan oinarrituta.