Bertsotan  II. urtea // 28. zenbakia - 2003ko bagilaren 15a

Eskolartekoan Josu Martinez eta Miren Amuriza Bizkaiko Txapeldun


Mungian Euskal Herriko Finala

Josu Martinezek Txapela jantzi osteko azken agurrean Diputazinoko Euskerea Sustatzeko Zuzendari Nagusia, Gotzon Lobera eroan eban mikrora beragaz eta elegante-elegante Santutxuko Sorgintxulo Gaztetxea ez botateko eskaerea egin eutson. Aitagarria da azken lau urteetan Bilbon geratu dala txapelen bat.

Euskal Herriko Eskolarteko Finala Mungian, bagilaren 21ean, zapatuz, goiz eta arratsaldez. Berton herrialde bakotxeko bina bertsolari lehiatu dira. Gaztetxuetan Bizkaiko ordezkariak Miren Amuriza eta Eñaut Uruburu izan dira. Prebisinoen arabera, Iparraldeko eta Gipuzkoako bertsolariak ziran lehiakide gogorrenak eta ez da okerrik izan. Nagusien mailarako, Bizkaitik Josu Martinez Txapelduna eta Jon Agirre izan dira ordezkariak. Euren ondoan, Txapela lortzeko faboritoen artean, Miren Artetxe eta Xumai Murua lapurtarrak eta Beñat Gaztelumendi añorgarra, igazko txapelduna. Badakizue, bertsolaritzearen geroa ikusi eta entzuteko aukera ezin ederragoa, beraz, Mungian, eguerdiko bazkari herrikoi eta guzti.

Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketea

Gipuzkoako bertsolariak nagusi. Beñat Gaztelumendi añorgarra, igazko txapelduna nagusitu da aurten be handien mailan eta Hodei Iruretagoiena, barriz, txikien mailako txapeldun izan dogu Mungian jokatutako finalean.

Iñaki Aurrekoetxea

Bagilaren 6an jokatu zan Bizkaiko Eskolarteko Txapelketearen finala. Bilboko Indautxuko Karmen aretoan, ikastetxe askotako ikasleen aurrean, 16 bertsolari gazte aritu ziran kantuan, 14 urtera arteko mailan eta 15tik 18ra artekoan. Gaztetxuek maila polita erakutsi eben, azken urteetako onena beharbada, arin eta bizi kantatuz. Txapela lortzeko lehian Durangaldekoak eta Ipar-Uribeko ordezkariak nabarmendu ziran eta azkenean, Miren Amurizak (Xabier Amurizaren alabea) jantzi eban Txapela, igazkoa errepetiduta. Kurutziaga Ikastolako Eñaut Uruburu lotu zan bigarren, Algortako Arrate Illaro hirugarren eta Xabier Solaguren laugarren, hau be Kurutziagako ikaslea.

Aurtengo edizinoan, nagusiagoak maila bakarrean lehiatu dira eta zortzi bertsolarien artean Josu Martinez santutxuarra gailendu zan, bertsoak jantziz eta lagunari ederto erantzunez. Bigarren lotu zan Jon Agirre zornotzarra be fin ibili zan, erritmo politean kantatuz. Honeengandik oso gertu ibili ziran Joanes Igeregi sopeloztarra eta Amaia Jauregizar gernikarra, egindako lan txukuna zorigatxeko poto banatan ito ostean. Ez daitezela desanimau horregaitik, poto eta guzti bertsolari petoak izan daitekez eta.