Bertsotan  II. urtea // 28. zenbakia - 2003ko bagilaren 15a

Gaia gai


Ekarpen aberatsak

Saio esperimentaletan ponentziagileek gogoetarako ekarritako puntuak jarri ziran proban. Iruñean, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña izan ziran Karlosen esanetara, eta azken honek gaia formuletako moduan sakondu eban batez be, gai-jartzailearen sortzaile papela aldarrikatuz. Gaitzat poema bat irakurri, bertsolariei beto eskubidea onartu, tabladutik alde egin eta hirukotea bakarrik itxi...; Unai Iturriagak orduko esperimentazino haretaz idazten dau aitatutako Bertsolari aldizkariaren azken ale berezian. Gaien egokitasuna zalantzan ipini barik, gai-jartzailearen jarrerea izan zan bere eretxian nobedade nagusiena, eta Unaik gai-jartzailearen gehiegizko protagonismoaren arriskuaz ohartarazoten gaitu.

Andoni Egañaren saio esperimentalak Jon Maia eta Igor Elortza izan zituan probalari. Egañaren tesi nagusia zera da, ez dagoala zertan beti halango gaiari halango doinuan kantau beharrik. Errepikadun doinuen gehiegizko erabilerea, mezuaren kolorearen araberako doinu aukeraketea...holakoekaz arduratuta dago Txapelduna eta intentzino horregaz jarri zituan lanean Maia eta Elortza. Saio polita izan zan eta Bertsolari aldizkarian Jon Maiak berak eta Joxin Iturrioz entzule zanak saioaren inguruan idatzitakoak topau geinkez. Ekarpen aberatsak dagoz aldizkarian, bertsolaritzearen esparru desbardinetatik, eta halango biribiltasuna emoten deutsie Bertsolamintzak gogoetarako aukeratu eban gaiari, gaiari hain zuzen be. Bertsolaritzea osasuntsu dagoanaren seinale da hausnarketarako dauen gaitasun hori, eta Bertsolari aldizkariaren azken ale monografikoa da horren lekuko.

Iñaki Aurrekoetxea

Gaia izan zan 2002ko Bertsolamintzak landu eban gaia. Bertsolaritzearen inguruko hausnarketarako lehenengo jardunaldiak 1993an eta 1995ean antolatu ostean, Bertsozale Elkarteko Iker Taldeak barriro ekin eutson igaz gogoetarako plaza hori berreskuratzeari eta udagoienean, gaiaren inguruko monografikoa antolatu eban. Orduan esan, probau eta eztabaidatu ziranak Bertsolari aldizkarian datoz orain, berenberegi eta mimoz atondutako ale berezian.

Ponentziak eta saio esperimentalak

Bost ponentzia aurkeztu ziran, bertsolaritzearen ikuspuntu desbardinetatik gaiaren inguruko ardurea edo gogoetak azalduz. Jon Abril kazetari eta epaimahaikideak 'Gaia epailearen begiradapean' ponentzia aurkeztu eban; Karlos Aizpurua gai-jartzaileak 'Formula magikoak' izenekoa, batez be gaien formulazinoaz hausnarketea egiteko; Andoni Egañak 'Nolako gaia, halako neurria?' galderea hartu eban ardatz, gaia entzundakoan kanturako bertsolariak neurria aukeratu behar dauen momentuari erreparau guran; Josu Goikoetxea gai-jartzailearen ponentzia 'Bertso Jaialdiaren egiturea' izan zan; eta azkenik, Maialen Lujanbiok bertsolariaren gaiaren aurreko jarrerea hartu eban abiapuntu 'Zertaz ari gara? Zertan ari gara?' gogoetan. Leku desbardinetan ponentziak aurkeztu eta saio esperimentalak be egin ziran, Iruñean bata, Karlos Aizpuruaren gidaritzapean, eta Bilboko Kafe Antzokian bestea, Andoni Egaña gai-emoile zala.