Alternatibarik ez Estaduko Gobernurako
Sekretu bat kontauko dot orain eta hemen. Canal Pluseko GiƱolak oso gustoko dodaz. Bolada luze batean eurak ziran Estaduko oposizino politiko bakarra. Egurra emon deutse PPri kupida barik. Baina ez dakit nik gogorragoak ez ete diran Zapatero eta oposizinoa egiteko bere estiloagaz.
Hamaikatxu aldiz entzun izan dogu Zapatero lar malgua dala, lehengo PSOEren zorrak pagetan dagoala, Estaduko interes sakrosantuak ondo lotuta daukala. Kontua da ze PSOEren botoemoile asko eretxi horregaz bat datozela. Eta botoemoileen artean, hasarrea eta ilusino faltea badagoz...
Hauteskundeetan irabazi ahal izateko hainbat sentimendu bultzatu leitekez: arerioari bildurra, norberaren aukereagazko ilusinoa, programa sendo baten sinisgarritasuna.... Hori lortzeko ez dau behar beste lan egin Zapaterok, eta ez dau emoten benetako beharrerako eta gurdia aurrera eroateko prest dagoanik edo kapaz danik sikeran. Gobernuko Alderdi Popularrari aurre egiteko ez da kapaz eta bere etxea gobernau ezinean dabil Sozialisten Zuzendaritzea. Ze aldaketa ekarri gura daben ez dago argi, Estaduko Interesen defentsan Gobernugaz bat datoz eta. Eta norberaren etxea ondo gobernetako gauza ez danak, zelan demontre gobernauko dau Estadua?
Kristalezko bolak ez deust oraindino esan zein etorriko dan Aznarren ondoren, baina bibotebako Aznar ezin dogu baztertu. Horretan ez asmetea edo prebisinoan huts egitea benetan pozgarria izango litzateke baina......
Unai Jauregi
Udal hauteskundeak pasau barri dira eta datorren urtean izango diran hauteskunde orokorrak berbagai dira honezkero. Eretxiemoile askok ez dabe kontuan hartu zer urten dauen boto kutxetatik eta datorren urteko hauteskunde orokorretan zer pasau leiteken hausnartzen eta buruari bueltak emoten hasita dagoz.
Beharbada, uste baino gehiago espero zan pasa dan hileko bozketa horreetatik. Ikusitakoak ikusita, nork ez dau pentsau edo esan aurtengo urtea Alderdi Popularraren 'anus horribilis' izan eikeala? Nork ez dau pentsau Zapateroren boladea hasita egoala?
Euskaldunok apostuzaleak gara, zalantza barik. Kirol apustuak gustetan jakuz, gure kulturearen zati garrantzitsua dira eta. Ez dogu, halan da be, politikearen ganean apustuak egiteko ohiturarik (Zorionez!). Nik neuk ez neuke diru askorik jokatuko datorren urteko hauteskunde orokorretako emoitzen ganean.
Udal hauteskundeak PSOEk irabazi ditu, zalantza barik. Orokorretan irabazle urteteko tranpolin ezin hobea eukan Zapaterok. Baina erakutsi dauen lidergo eta karisma faltea eta Madrileko zirkua dala eta ez dago esaterik bere aukerea aprobetxetan jakingo ete dauen ala ez.