Kulturea  II. urtea // 28. zenbakia - 2003ko bagilaren 15a

Basauriko Ipuin Erotikoen VIII. Lehiaketea, kalidadez beteta


Aurtengo irabazlea Rafa Ugalde zornotzarra izan da, 'Berriro deituko dizut' ipuinagaz. Hizkuntzea ederto erabiliz, Ugalde alargundutako andra baten ikuspuntuan ipini da, haren bakardadean. Andra horrek, falta jakon sexua ase guran, gero eta handiagoa dan zurrunbilo baten sartuko da, sexurako pasinoa apurka-apurka gehitzen eta konpliketan doan bitartean. Osorik irakurri gura badozue, hona hemen interneteko helbidea:
http://www.sustatu.com/1054540707/ipuina.txt

Bigarren saria Iruñeako Daniel Martirena kazetariak eskuratu dau, 'Gure txoko mutura bilduz' ipuin labur bezain zoragarria. Inongo artifizio barik, sexuaz aparteko beste atxakia barik, bikote baten txortaldia kontetan deusku: mundua gerran dagoan bitartean, bikoteak 'txoko mutu' bat sortu dau, tituluak dinoan moduan. Kanpoko arazo handien aurrean, eurek txikitasun epela topau dabe. Ederra ipuina. Estadistikak gustetan jatzuezanontzat, esan behar da Martirena dala, hain zuzen be, lehiaketa honetako palmaresean gehienetan agertzen dan idazlea: 2000. urtean irabazi ostean, 2001ean eta aurten bigarren geratu da.

Azkenik, Basauriko onenari emoten jakon saria Alvaro Rabellik lortu dau, 'Neska lizun baten lau urtaroak' ipuin iradokitzaileagaz. Rabelli beteranoa da lehiaketa honetan, ez eban-eta alperrik irabazi lehenengo edizinoko Basauriko onenaren saria. Ipuin interesgarria aurkeztu deusku aurtengoan, urtaro bakotxeko elementuak eta sexu-jarduera desbardinak batera ipinten azartau dauelako, XIX. mendekoa emoten dauen giroan.

Beste asko geratu dira sari barik, sariren bat merezidu arren. Baina hobe holan: kalidadea, kantidadearen aurretik. Eta hurrengo urtean gehiago. Ez, gehiago ez: hobeak.

Julen Gabiria,
Epaimahaikide Ipuin Erotikoen Lehiaketan.

Nik ez dakit zer pasau jaken burutik, 1996an, Basauriko Euskarabila Alkartekoei, derrepente ipuin erotikoen lehiaketa bat sortzeko. Ez dakit espero eben gaur egunera arte heltzea, edo zortzi urte honeetan 250 ipuin inguru jasotea, edo lehenengo sei edizinoetako ipuinik onenak liburukote mardul baten batzea ('Bero hezeak'), Txalaparta argitaletxearen eskutik. Seguruenera, pentsau be ez eben pentsauko holakorik. Sasoi hareetan, gainera, beste lehiaketa pare bat be antolatzen zan literatura erotikoaren inguruan, eta gatxagoa be bazan aurrera segidutea, lanak sakabanatu egiten ziran eta. Baina apurka-apurka beste bi lehiaketa horreek desagertu eta Basaurikoa geratu zan. Gaur arte. Urtero-urtero 30 bat ipuin aurkeztu dira, tartean euskal literaturako izen konsagratuak edo lehiaketa honi esker euskal literaturara salto egin dabenak.

Aurten, barriz, 18 ipuin baino ez dira egon. Aurkeztutako lanen kalidadeak, aldiz, gora egin dau, orokorrean. Aurtengo epaimahaikide bi aurreko urteotan be ibili gara lan horretan (hirugarren epaimahaikidea Ixiar Rozas zan, geratu bedi aitatuta), eta eretxi horretan bat gatoz: Miren Agur Meabe igaz egon zan, eta ni 1999an, baina edizino batean zein bestean, lanak orokorrean hartuta, esan leiteke kalidadea homogeneoagoa izan dala aurten, ipuin onen eta txarren arteko itzelezko alde barik. Beste modu baten esango dot: ipuin txarrak ez dira izan hain txarrak. 1999ko kasuaren gainean egingo deutsuet berba, epaimahaikideen artean apenas egon zan diskutidu beharrik: 30 ipuinetik gora aurkeztu ziran, baina horreetatik danetatik, onak lau-bost izango ziran, eta on-onak bi edo. Aurtengo kasua desbardina izan da, ipuin onak egon diralako sari barik geratu diranak. Egia esan, kantidadearen eta kalidadearen artean aukeratu behar badogu, nik neuk dudarik be ez daukat. Parte-hartzaileen edadeak be gora egiteak izango dau zerikusirik kalidadearen kontu horregaz, lehiaketearen onerako.