Emilio Aragon Euskadiko Orkestra Sinfonikoagaz
2003-04 denporaldian 100dik gora kontzertu eskainiko ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak
2003-04 denporaldian 100dik gora kontzertu eskainiko ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak
Kalidadeari jaramon eginaz, denporaldia zuzendari eta bakarlari ospetsuekaz egingo dau EOSk. Besteak beste, Gilbert Varga eta Christian Mandeal, Heinrich Schiff, Lopez-Cobos, Libor Pesek, Zoltan Kocsis edo Peter Guth handiekaz. Bakarlarien artean, besteak beste, Elder Nebolsin eta Joaquin Atxukarro pianoan, Carmen Fugis sopranoa eta Beatrice Uria-Monzon mezzosopranoa aitatuko doguz.
Urtemugen harian, Berlioz eta R. Straussen jaiotzen bigarren mendeurrena, Janaceken 150 urteak, Dvoraken heriotzearen mendeurrena edota Garcia Leozen heriotzearen 50 urteak gogoratuko ditu orkestreak. Bestalde, euskal musikea Ravelek, Bernaolak eta G. Aciluk ordezkatuko dabe eta Pello Caballete konpositore gaztea EOSren estreinu-katalogoen barruan sartuko da 'Candi Dassa' obreagaz.
2003-2004 denporaldian, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak omenaldi bi eskainiko ditu konpositore nafar biren gorazarrez: orain 50 urte hildako Jesus Garcia Leoz, Oliteko semearen eta Agustin Gonzalez Acilu, 75 urteko altsasuarraren gorazarrez.
Beste alde batetik, 2004ko maiatzean Britainia Handian birea egingo dau EOSk. Gilbert Vargaren zuzendaritzapean orkestreak bost kontzertu emongo ditu London, Newbury, Derby, Edinburgh eta Inverness urietan. Horrezaz ganera, orkestreak Bordele, Gran Kanaria eta Tenerifeko kontzertuetan parte hartuko dau. Kanarietako biran Gilbert Varga eta Joaquin Atxukarro izango ditu pianoan eta Bordelen, barriz, Silvia Marcovici bibolin jolea.
Bizkaie!
Kontzertuen denporaldia amaitzeko saio bereziak preparau ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak. Emilio Aragon konbidau dabe kontzertuoetan parte hartzeko eta berak idatzitako 'Divertimento para un tema de Parks' estrainauko dabe. Horrezaz ganera, Aragonek Andersenen 'Berunezko Soldadutxoa' ipuina oinarritzat hartuta egindako egokitzapena eskainiko dabe eta, hori guztia, gitxi ez bada, Bizeten 'Carmen' operako hainbat pieza joko ditue.
Euskadiko Orkestra sinfonikoagaz preparautako kontzertuak hilaren 17an Donostiako Kursaalen, hilaren 18an Bilboko Euskalduna Jauregian, hilaren 19an Iruñeako Gaiarre antzokian eta bagilaren 20an Gasteizeko Principal Antzokian izango dira.
Emilio Aragonen obra bi eskainiko ditue musikariek eta, horrezaz ganera, pianoa jo eta orkestrea zuzenduko dau konbidau bereziak. Berak idatzitako 'Divertimento para un tema de Parks' obran bakarlari izango da Aragon eta obra horretan Juan Jose Oconek zuzenduko dau Orkestrea.
'Berunezko soldadutxoa' piezan, barriz, Aragonek egingo dau zuzendari lana. Gogoratu, obra honen itzulpena Patxi Zubizarretak egin dauela eta alkarrizketa erako narrazinoaren ardurea ETBko aurkezleak diran Judit Mariezkurrena eta Iban Garaterena izango dala. Jose Inazio Ansorenaren ekarpena be ezin ahaztu.
Emilio Aragon oso ezaguna da, orain urte asko zirkuan ezagutu genduan baina hortik aurrera arlo asko jorratu ditu; gaur egun, telebistan egindako beharragaitik ezagutzen dogu baina musika arloan eta, batez be, musika klasikoan buru-belarri sartuta dabil ume eta gazteei musika hau ezagutarazoteko asmoagaz.