Musikea  II. urtea // 28. zenbakia - 2003ko bagilaren 15a

Rolling Stones Bilbon. Klasikoetan klasiko


Abesti klasikoak. Kontzertu batetik bestera gorabeherak edo aldaketak izan daitekez kantu zerrendeari eta kantuen ordenari jagokenez baina huts handirik ez dogula egingo pentsetan dot.

Hainbat kritika entzun izan doguz Rolling Stones-en inguruan, bakotxak berea dauka jakina baina nire uste apalean, gaur egun oso talde gitxi dagoz beterano honeen abestien kalidadea gainditu leikienak. Eta hori, sarritan, nahikoa izaten da. Ni neu, bertan egongo naz, ezelako konpleju barik. Ganera, ez dogu ahaztu behar aurretik The Pretenders taldearen kontzertuagaz gozetako aukerea izango dogula, abesti ederrak egin dituan taldea eta Euskal Herrian jarraitzaile ugari dituana.

Gotzon Uribe

Bagilaren 25a da eguna Ingalaterrako rock-ak emon dauen talderik handienetarikoa Bilbora etorriko dana. San Mames futbol zelaia Rolling Stones taldearen kontzertuaren testigu bizi izango da. Berrogei urte beteten dira aurten talde ingelesak bere ibilbide oparo eta arrakastatsuari hasikerea emon eutsonetik.

Joan dan maiatzaren 7an Mick Jaeggerren taldeak prentsaurreko bat eskaini eban New York-en; Bronx auzoan dagoan Van Cortland parkeko lorategira zeppelin baten sarturik bajatu ziran eta prentsaurreko horretan mundu mailako birea aurkeztu eben. Dakizuenez, zerrendan Bilbo-ren izena be agiri da. Birea 2002ko irailaren lehen astean hasi zan, 40 kontzertu eskainiz 15 uriburutan eta 2003ko zezeilera bitartean; gerora, bireak munduko beste 25 uriburutan jarraitu dau, Europa, Txina, Japonia, Hegoamerika eta Mexikon zehar hain zuzen. Berez, orain arte ikusitakoa kontuan izanda, taldea leku desbardinetan ari da joten, zenbait uritan futbol zelai handietan eta, beste leku batzuetan, areto txikiagoetan eta teatroetan.

Oraingo honetan, ez dago disko barririk aurkezteko edo promozionetako eta bira honen atxakia atara barri daben bilduma bat da, hain zuzen 1963tik egundaino publikautako abestiak batzen dituan bildumea; holakoetan ohikoa dan legez, pare bat abesti barri be sartu ditue. Egunotan, bai Euskal Herriko zein Bilbo bertoko komunikabide ugaritan luze eta zabal berba egin da kontzertuaren inguruan, sarreren prezioa dala, San Mames futbol zelaia, kontzertua egiteko aukeratutako lekua, eszenatokia zelakoa izango dan, seguridadea, taldearen espektakulua berez...; halan da be, oraindino ez dogu irakurri egunkari 'ofizialetan' zeintzuk izango diran 25eko gauean joko dituen abestiak.

Beste alde batetik, taldeak ohiko eszenatokia erabiliko dau, aurreko biran erabili ebenaren antzekoa: eszenatoki nagusi bat izango dabe eta erdian pasarela antzeko baten bitartez beste txikiago batera egingo dabe salto, bertan modu 'akustikoan' pare bat kanta joteko. San Mamesen sartuko diran 38 milatik gora zaleen gozamen eta zoramenerako, eskura dagozan trikimailu guztiak erabilten dabez, besteak beste, gitarretan ipinitako kamara txikiekaz hartutako irudi bereziak, teknologia, efektuak, soinua eta argiak buztarturik, sekulako ikuskizuna eskaintzen dabe.

Honegaz batera, hurrengo lerroetan dozu, segurutik eta aldaketa txiki batzuk kontuan hartuta, bagilaren 25eko kontzertuan, Bilbon joko dituen abestien zerrendea, klasikoetan klasiko:

'Street Fighting Man', 'Start Me Up', 'Bitch', 'Don't Stop', 'On Down The Line', 'Wild Horses', 'Let It Bleed', 'Live With Me', 'Midnight Rambler', 'Tumbling Dice', 'Thru and Thru', 'Before The make Me Run' , 'Sympathy For the Devil', 'You Got Me Rocking', 'Gimme Shelter', 'Honky Tonk Women', 'Satisfaction', 'It's Only Rock and Roll', 'Like a Rolling Stone', 'Brown Sugar', 'Jumpin' eta 'Jack Flash'.