Barriketan  II. urtea // 28. zenbakia - 2003ko bagilaren 15a

Martxelo Otamendi: 'Berria bagilaren 21ean jaioko da, baina eskaintza osoa ez da osotuko urrira arte'

Joandako zezeilaren 20an ezustean harrapau ginduzan Euskaldunon Egunkaria zarratzeko Del Olmo epailearen aginduak. Euskaldunok inpotentzia eta hasarrea sentidu genduzan, besteak beste, euskerazko egunkari bakarra zalako eta euskal kulturearen eta euskaldunon kontrako erabagi argia izan zalako. Kontuak kontu, atzera egin beharrean, jente askoren ekarpenakaz, indarbarriturik, biharamonean Egunero kalean egoan eta bagilaren 21ean Berria egunkari barria kalean egongo da. Zarratzearen kontra erakutsitako indarra proiektu barriaren alde bideratu da eta herriak ondo erantzun dau. Egunkariako beharginek sortutako Euskarazko Komunikazino Taldearen asmoa bost miloe euro batzea da Berria berri kanpainan; bagilaren amaierarako edo bi miloe eta erdi euro beharko litzatekez egunkari barriaren lehen inbertsinoetarako. Akzino bilketea aspaldi abiarazo eben eta Euskal Herrian eta gure mugetatik kanpo erantzuna ona izan bada be, oraindino asko falta da.

Barriketan, Martxelo Otamendi, Euskaldunon Egunkariako zuzendari ohiari eta Berria-ko Zuzendari izentau barriari gauza asko itaundu behar deutsaguz.

1. Ezer baino lehen, zorionak izendapenagaitik. Zelan hartu dozu erabagia eta zelan zagoz animoz eta indarrez proiektu barria gidatzeko?

Pozarren nago eta azken bolada honetan automata baten antzean nabilen arren, oso animauta nago. Dakizunez, batetik bestera nabil proiektu barria gestionetan dabilzanei laguntzen, berbaldiak emoten, komunikabideetan alkarrizketak egiten, mahai-inguruetan parte hartzen...; zezeilean Euskaldunon Egunkaria zarratu euskuen baina beharginoi ez jaku ahaztu urteetan egin doguna egiten eta beharrerako prest gagoz ilusino handiagaz. Arnasa hartzeko asti barik nabil baina gustora hartu dot administrazino kontseiluaren proposamena eta proiektua aurrera eroateko barruan dodan guztia emoteko prest nago. Esanda neukan zuzendari besteren bat izentau ezkero, nire partetik ez litzatekela arazorik izango. Nik ez dodalako sekula jarri nire interes personala proiektuaren interesen aurretik. Interes personalengaitik jardun izan baneu ez nintzan Egunkarian ibiliko. Anekdota moduan, beti gogoratzen dot, orain 13 urte Egunkarian hasi nintzanean, Diario Vascoko telefonisteak nik baino gehiago kobretan ebala ni zuzendari izanda.

2. Azken 10 urteotan Euskaldunon Egunkariako zuzendari beharretan ibili ostean, XXI. mendeko Europan, euskerazko egunkari bakarraren egoitza zarratuta eta euskaldunon adierazpidea ahots barik ixtea ia-ia sinistezina izan arren egia galanta da. Hilebete batzuk geroago, ze hausnarketa egiten dozu?

Lehenengo eta behin, ez genduala inondik inora pentsetan zarratuko euskuenik. Atxilotzea gitxiago espero genduan eta okerragoa izan dana, batzuk torturatu egin gaituela. Zarratzeko hipotesi baten aurrean, Euskal Herrian eta kanpoan izan dan erantzuna be ez genduan espero, Donostiako manifestazinoa, alderdi politiko eta sindikatuen lanuzterako deialdia, Euskearen Aholku Batzordeak, Ibarretxe Lehendakaria buru jarrita egindako adierazpen gogorra..., sekulako erantzuna eta garrantzi handikoa izan da. Nazinoarteko prentsan be ikaragarrizko erantzuna izan dau: BBC World, The Guardian, Chicago Tribune, Time...

Beste balorazino bat da zarratzeak frogatzen dauela Espainian ez dagoala ez justiziarik ezta sistema judizial independienterik; ganera, ez dago erakunde ofizialik gobernuaren asmoak gerarazoko dituanik. Gaur egun, epaile batek edozer gauza esan leike auto batean eta horrek ez dauka ezelako ondoriorik.

Hirugarren hausnarketa bat izan daiteke euskaldunok asko aurreratu dogula geure buruaren kudeaketan baina oraindino urrun gagozala herri subirano izatetik ze bestela ez geunke onartuko holako erabagirik; egia esan ez daukagu tresnarik Egunkaria lako adierazpide bat isilarazotea eragozteko.

Horrezaz ganera, esan behar da eraso hau euskerearen eta Euskal Herriaren kontrakoa izan dala eta jenteak holan ulertu dauela. Hemen ez dago ez demokraziarik, ez errespeturik, ez giza eskubiderik.

2. Akzinoen salmenta gora doa egunetik egunera, herri gehienetan batzordeak antolatu eta beharrean dabilz eta, oro har, gizartearen erantzuna oso sendoa izan da. Halan da be, egunkari barria hutsetik plazara ataratea ez da erraza, ezta?

Gatxa da. Ezer barik itxi gaitue eta benetan hutsetik, zerotik hasi gara, arkatz, boligrafo mahaiak eta ganerako tresna guztiak erosi behar izan doguz. Dana dala, egunkari bat egiten badakigu, gure beharginei ez jake ahaztu egunkari bat zelan egiten dan eta meritu handiagaz, ordenagailu zahar bategaz, konekzino zaharrakaz eta tresna eskasakaz, Egunkaria zarratu eta biharamonean Egunero kalean egoan.

Beharginek 10 miloe pezetako kapitala jarri dabe baina dirutza horregaz ezinezkoa da egunkari bat aurrera ataratea eta, esangura horretan, herritarren ekarpenak nahitaezkoak dira.

3. Bost miloe euro lortzeko akzino batzea martxan dago eta Euskarazko Komunikazino Taldearen autofinantziazinoa % 75ekoa izango dala jakin dogu. Akzionista txiki asko izango dira egunkari barriaren jabeak eta holan egunkariaren independentzia eta jarrera edegia eta zabala bermatzea da asmoa, ezta?

Jakina. Orain arteko jarrereari eustea da asmoa, hau da, zenbat eta akzionista eta jente gehiago inplikau proiektuan, orduan eta zabalagoa edo anitzagoa izango da, orduan eta jente gehiagok sentiduko dau horixe dala bere egunkaria; ganera, Estatutoetan ez da onartzen % 1,2 baino gehiago erakunde edo morroi baten esku egotea. Komunikazino talde handietan argi ikusten da dirua ipinten dauenak agintzen dauela eta hori ebitetea da asmoa, ahalik eta egunkari independiente eta zabalena egitea.

Akzinoak 50 euroan (8 mila pezetan) dagoz salgai eta Euskaldunon Egunkaria abiarazo genduanean, akzinorik merkeena 25 mila pezetakoa zan. Beraz, 13 urte geroago, hiru aldiz merkeagoa da akzinoa eta, era horretara, hiru aldiz herritarragoa izatea lortuko dogu.

4. Instituzinoen inplikazinoa zelakoa izango da?

Eurei galdetu beharko jake. Nik ezin dot esan zer egingo daben. Dana dala, administrazinoak ezin dauen lez dana egin, iniziatiba pribatuaren esku hartzea ahalbidetzea edo horretarako bidea zabaltzea gustauko litzakit, gero denporeagaz iniziatiba pribatu hori bere buruaren jaube izan daiten. Instituzinoen inplikazinoa hortik etortea espero dot, izan be, inplikazinoaren neurriaren araberakoa izango dalako produktuaren emoitzea.

Dakizunez, Euskaldunon Egunkariak astelehenetan ez eban periodikurik ataraten eta oraingo honetan be holan jarraitu beharko dau..., instituzinoen aldetik inplikazino sendoagorik ez badago behintzat. Gai honen harian, badakit negoziazinoetan dabiltzala egunkari barria gestionauko dabenak eta Jaurlaritzea eta hobe izango da diskrezinoz behar egiten ixtea aldeei.


5. Barrikuntzen artean, edizino lokalen ugalketea izango dala entzun dogu. Euskaldunon Egunkariagaz konparauta, egunkari barriaren diseinua, atalak eta edukiak bardin antzekoak izango dira ala barrikuntzak igarriko doguz?

Informante onak dozuz. Edizino lokalen harian, Egunkaria partaide zan Tolosaldean egiten ari ginan-diran 'Egunero' izeneko periodikuan. Gero zarratzeagaz, izena egunkari handiak hartu dau eta Tolosaldekoari 'Tolosaldeko Hitza' izena emon jako. Kontua da ze, egunkari barria jaioko dan egunean bertan bigarren 'Hitza' jaioko dala, Oarsoaldeko egunkaria hain zuzen. Azpimarratu gura neuke, Tolosaldean gehien banatzen, saltzen, publizidade gehien fakturetan eta albiste gehien emoten dauen egunkaria ez dala gaztelaniazkoa euskerazkoa baino; oraingoz, Euskal Herriko bailara bakarra izango da holako eskaintzeagaz. Zortzi orrialdeko periodikua da eta 6500 etxetan sartzen da goizero periodiku hori goizeko hamarrak baino lehenago. Horrezaz ganera, Euskal Herriko beste bailara baten, irailerako edo urrirako beste periodiku bat ataratea da asmoa eta abendurako beste bat. Gure planak beteten badira, 2003ko amaieran, euskerazko egunkari handi bat, nazionala eta lau egunkari lokal egongo dira.

Beste alde batetik, egunkari barriak diseinu barria, letra tipo barria eta atal barriak izango ditu. Egunkaria zabaldu eta lehen bi orriotan 'Gaurko gaia' joango da, eguneko oinarrizko bitxia zeozelan esateko. Gero, Eretxi atala egongo da eta anglosajoien 'news' kontzeptua izango da oinarrian, labur esateko, albisteak diran guztiak batera eta Euskal Herria, Politika, Gizartea, Ekonomia eta Gaiak ataletan banatuta. Kirolak atala beste grafia bategaz eta estilo barriagaz agertuko da. Kultura, Ikuskariak, Agenda eta azken orrian, segurutik zutabe bat joango da. Gehigarriak be agertuko dira. Egunkari hobea, osoagoa egiten ahaleginduko gara.

6. Egunerok Euskaldunon Egunkariak baino milaka irakurle gehiago ditu baina bultzada horri eusteko kalidadezko produktua ataratea da orain erronkea. Eguneroko barriaren ezaugarriak batzen dituan zero alearen aurkezpena bagilaren 14an izan da. Benetan bizkor dator egunkari barria, bizkorregi beharbada?

Ez, ez dot pentsetan. Euskaldunon Egunkaria zezeilean zarratu eben eta orain izan geinken eragozpen bakarra merkatuaren babesa da ze laster jentea oporretan joango da eta komunikabideetan audientziaren eta salmenten jaitsierea izaten da. Agenda politikoa, kirol arlokoa eta beste arlo batzuetakoa geldi egoten da eta, esangura horretan, egunkari barria jaioteko sasoi aproposak edo orain edo urrian izango litzatekez. Gure kasuan zezeiletik urrira itxarotea kaltegarria izan daiteke, denpora larregi dagoalako; egurra emon deuskue baina gizarteari helarazo behar deutsagu ez jakula periodikua egiten ahaztu. Gauzak holan dirala, oraintxe da momentua egunkari barria kaleratzeko. Egunero, transizinoko egunkaria da eta honegaz ezin dogu asetu irakurle askoren egarria. Beharginei ez jake ahaztu egunkaria egiten eta gure herritarrei ez jake ahaztu euskeraz irakurten; ganera, hasarre dagoz eta guk ahalik eta arinen atara behar dogu, transizinoko egunkari honek ezin dauelako asko aguantau.

7. Zehatz zein egunetan ikusiko dogu egunkari barria kalean?

Egunkari barria bagilaren 21ean jaioko da baina egunkariaren eskaintza osoa ez da osotuko urrira arte ze orain bolada txarra da, garagarrila eta abuztua tarteko, oporrak eta salmenten beherakadea tarteko. Uda sasoian, badakit egunero 16 orriko gehigarria atarako dala udako ikuskari, jai, ikastaro eta bestelako kontuekaz. Zapatuetan, umeentzako gehigarri bat egongo da, domekatan aldizkari antzeko bat banatuko da eta irailaren hasieran edo urrian etorriko dira ganerako gehigarri guztiak.

8. Lau hilebete geroago, Euskaldunon Egunkariaren egoera judiziala geldi dago, sumarioak sekretupean jarraitzen dau, hiru lagun kartzelan dagoz oraindino eta atxiloketa aldian zuk zeuk sufridutako torturak eta ondorengo salaketearen auzia be hor dagoz. Nobedaderik?

Gai honetan eskandalu handia dago eta oraintsu jakin dot tramitera onartu dabela nire torturen salaketea. Epaileak deklaratzera joateko noiz deituko zain nago baina nik argi daukat zezeilaren 25ean Juan del Olmo epailearen aurrean deklaratutakoak ez dodazala aldatuko, hor zehatz eta mehatz kontau neutsozalako gauza guztiak eta tortura salaketea be hortxe dagoalako. Eskandalua da, hiru hilebete geroago lehen deklarazio horretako aktea nik sinatu barik egotea oraindino, antza grabazinoaren transkripzino arazoengatitik.

Sumarioari jagokonez, sekretupean jaraitzen dau. Enpresea epailearen esku dago eta gu desbinkulau egin gara enpresatik; holako itxiera bat dagoanean, beharginek uko egiten deutse kide izateari eta guk be holan egin dogu, gero gehienak egunkari barrian beharrean jarraituko daben arren. Atxilotuta dagozanen harian, Xabier Oleaga, zuzendariordea izan zan 95etik 97ra; Iñaki Uria, zuzendaria eta gero kontseiluko ordezkaria izan da eta Iñaki Alegria ez da sekula Egunkariako kide izan. Hamar atxilotuetatik beraz, 9 izan gara edo ginan Egunkariako zeozer baina Alegria ez da inoiz Egunkariako kide izan. Gure esperantzea da uda sasoiaren hasieran edo amaieran libre ixtea, ahalik eta arinen ikusi gura doguz danak kalean.

Koldo Isusi Zuazo