Antxina-barri  II. urtea // 28. zenbakia - 2003ko bagilaren 15a

Lehenengo udatiarrak

Udearen atarian, atzera egindako begiradea


XX. mendea hasi eta handik gitxira, Txurrukak moila edo kaia eregi eban eta Abra aldeko korronteak goitik behera aldatu zituan; ondorioz, Areetako hondartzea, hare barik itxi eban. Kontuak kontu, bainuen ohiturea sano errotuta egoanez, bainu giroa alboko Algortako Ereaga hondartzara mobidu zan. Geroago, Gerra Zibila, Ezkerraldeko berrindustrializazinoa eta udatiarren ugalketea etorri ziran.

Abra inguruetan itxurea aldatzen joian eta udatiarrak kostaldeko beste leku batzuetara joaten hasi ziran. Hemetik aurrerakoak beste baterako itxiko doguz.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria.


Egun luzeak, eguzkia, beroa, ezelako dudarik barik udea heldu da. Danok bihurtuko gara egun batzuetarako, era batera edo bestera, udatiarrak. Eta udeagaz lotzen doguz, hondartzara joatea, etxunda egotea, bainua eta batez be, eguzkia hartzea.

Guretzat normala bada udeko giro hau, ez daigun pentsau beti holan izan danik. Atzera begirada bat eginda, esan geinke udatiarren ohitura hau, nahiko barria dala. Ez dira berrehun urte, lehenengo udatiarrak hondartzara joateko ohitureagaz hasi zirana. Hain zuzen be, Euskal Herrira, udan hondartzara joateko ohiturea, Frantziako jauntxu eta aberatsek ekarri eben. Gero Bilboko handikiak hasi ziran hondartzetara joaten, ordura arte erabilten ziran lehorreko bainuetxeak alde batera geratuz.

Lehenengo udatiarren asmoen artean ez egoan eguzkia hartzea. Ez. XIX. mendeko erdi aldera, gizarteko jauntxu eta aberatsak euren azalak ahalik eta zurien mantentzen ahalegintzen ziran, baltzitutako larruak, txiroen eta beharginen ezaugarri ziralako. Orduan, zertara joaten ziran hondartzetara? Ba, gehien bat, bainuak hartzera. Zabal ebilen itxasoko ura osasunerako mesedegarria zala. Beraz, asmoa, uretan sartzea baino ez zan, gero hondartzan gerizpean egoten ziralarik, horretarako bai erropak, zein toldotxuak erabiliz.

Lehenengo udatiarrak Bilboko semeak izan ziran

Bizkaiko uri nagusiko aberatsek hur euken euren asmoak beteteko leku aproposa: Ibaizabal ibaiak itsosora eukan urtekerearen inguruak, hau da, Abrako inguruak. Alboan ez egozan gaur egungo industria eta fabrikak eta bai Portugaleten, Santurtzin edo beste aldean, Areetan, hondartza ederrak egozan. Inguruan herri txiki batzuk eta hainbat arbola eta ukutu bako basoak baino ez ziran agiri. Bestalde, lekua itsasoko korronteetatik ondo babesturik egoan eta bainua hartzea ez zan bape arriskutsua.

Guztietatik Portugaleteko Saltoko hondartzea zan onena. Nahiz eta hondartzea bera handia ez izan, pentsau daigun hondartza zabalak be ez zirala beharrezkoak, udatiarrak benetan gitxi batzuk baino ez ziralalako. Portugaleteko herritxua alboan izatea eskergarria zan. Kontuan hartu, sasoi horretako udatiarrentzat, bainua hartzea ez eze, egun osoan antolautako ekintzetan parte hartzea be garrantzitsua zan, lehiaketa, joko eta gaueko jai eta dantzaldietan euren burua agertzeko.

Portugaletera hasi ziran ba inguratzen Bilboko handiki guztiak eta Lehenengo Karlistadea amaitu ostean hasi zan Portugaleteko garapena. Udatiar aberatsakaz batera, jauregi eta etxe handiak ugaltzen joan ziran. Bestalde, hondartzan bertan eregitako bainuetxeetan, udatiarrek erropak itxi, bainu jantziak jantzi eta ur epeleko bainuak hartzen zituen. 1873an altxau zan Potugaleten 'Gran Hotel' izenagaz ezagutuko zana. Egilea eta jaubea, Ameriketan dirutza handia egin eban bertoko semea zan Manuel Calvo Agirre.

Portugaletegaz batera, Santurtzi be dirudunen bainuleku bihurtu zan

Nahiz eta hor hondartzarik egon ez, harriekaz leundutako leku bat erabilten eben hondartzatzat. Portugalete zein Santurtzi Bilbotik paraje egozan eta jentea erraz heltzen zan; berbarako, zaldi-burdiek, ordu beteko osterea egiten eben Bilbotik Santurtzira; ganera, 1896an tranbiak ipini zituen martxan eta gero eta jente gehiago hurreratzen zan.

1906an, Portugalete eta Santurtzi lotzeko errepidea egin eben. Bidea ia itsasoaren gainetik joian eta herri bietako hondartzen hondamendia ekarri eban. Nahiz eta oraindino udatiar asko inguratu errekako ezkerralde horreetara, apurka-apurka udatiar gehienak alde egin eben. Ganera, ez egoan lar urrun joan beharrik. Aurrez-aurre egozan, ibaiaren beste aldean, Areetako hordartzak, eta haraxe egin eben alde.

XIX. mendearen erdi aldera, Lamiako eta Areeta inguruan harea eta ibaiak ekarritako harriak baino ez egozan

Banaka batzuk arin konturatu ziran leku horreen balioaz. Horreetariko bat, Maximo Agirre bilbotarra izan zan. Honek, udaletxeak lurrak enkantean ipini zituanean, bere lagun Anizeto Urkizagaz batera, danak erosi zituan. Gero, ingurua garatzeari ekin eutsen.

Hondar inguruak babesteko, atzealdean arbolak ipini, eta lurrak erabat sikatu eta gero, prest egoan lekua etxeak eregiteko. Lehenengo etxeak, Maximo Agirrek bere seme-alabentzako udea pasetako eregitako etxe bi izan ziran. Etxe horreekaz hasi zan Areeta, udatiarren leku lez erabilten.

Maximo Agirre hil eta gero, bere semeak eta haren anaiak jarraitu eben beharrean: 1868an 'Establecimiento de Baños de Mar Bilbaínos' lehenengo bainuetxea zabaldu eben. Jentea gero eta gehiago etorren eta hamar urteko epean inguru guztia Bilboko aberatsen etxeakaz bete zan: Zabala, Arellano, Mieg, Hurtado edo Solaegi familiak.

Areeta eta Bilbo lotzeko komunikabideek be garapen handia izan eben momentu horretan: 1876an, zaldien indarra erabilten eban tranbiak, ordubete egiten eban Bilbo eta Areeta bitartean, 1887an Areeta-Bilbo trena ipini eben martxan eta honek ordu erdi baino ez eban behar ibilbide hori egiteko.

Lehen esandako moduan, bainuak eta egunean zehar preparautako ekintzak be garrantsitsuak ziran: itsasontzien arteko lasterketak, uger-lehiaketak, tiroa, zaldi lasterketak, golfa edo futbola. Sasoi horretakoak dira Sporting Klub, Abrako Klub Maritimoa edo Neguriko Golf Kluba. Gaueko dantzaldiak be ederrak ziran.