Jan-edanak  II. urtea // 28. zenbakia - 2003ko bagilaren 15a

Vega Sicilia


Vega Sicilia muetak

Gaur egun upeldegiak 250 hektarea mahatsondo ditu eta urtean 180.000 mila litro produziduten ditu. Lehenengo eta behin, kontuan hartu behar dogu urte guztietan ez dala Vega Siciliarik ataraten. Teknikariek uzta txarra dala erabagiten badabe, urte horretan ez dabe Vega Siciliarik atarako (holan pasau zan 63, 71 edo 78an). Hiru marka merkaturatzen ditue.

- Vega Sicilia 'Valbuena' (5 urtekoa): bost urte pasau ondoren merkaturatzen da. Ez dau denpora asko pasetan barriketan eta besteak baino modernoagoa da.

- Vega Sicilia 'Bakarra': mahatsa batu eta handik 10 urtera ataraten dabe merkatura.

- Vega Sicilia 'Bakarra-erreserba berezia': mahatsaren eta ardaoaren kalidadeagaitik, merezidu dauen kasuetan baio ez dabe ataraten.

Mikel Garaizabal,
Enologoa eta sommelierra.

Nork ez dauka Vega Sicilia ardaoaren barri?

Badakigu jakin gaur egun Vega Sicilia izenagaz ezagutzen dan upeldegia euskaldun batek sortu ebala. Gaur upeldegi honen ganekoak kontauko deutsuedaz, izan be, istorio eta kontu bitxiez betetako upeldegia dalako eta, horrezaz aparte, upeldegi gitxi diralako urte askoren ostean oraindino goi mailako ardaoak egiten jarraitzen dabenak. Upeldegi hau estadu mailan ez eze, Europan eta mundu osoan da ezaguna.

Upeldegi hau 1847. urtean sortu zan. Historian zehar, jabe asko izan arren, ia-ia kasu guztietan, jabe guztiak familia aberatsekoak izan dira. 1982tik upeldegiko jabea Alvarez familia da eta esan daigun familia hau bilbotarra dala.

Edozelan be, upeldegi honen ospea beste euskaldun batengaitik izan daiteke, bera, Toribio Lacanda izan zan. 1848an 2.000 hektareako lurzati bat erosi eutson Valbuena markesari. Lur horreetan mahastiez aparte, abereak eta fruta arbolak egozan. Geroago, 1859an Toribio hil eta honek bere semeari pasau eutson jabetza guztia. Eloy, Toribioren semea Bordelera joan zan eta bertan 18.000 mahatsondo erosi zituan. Sasoi haretan, upeldegia ez zan Vega Sicilia izenagaz ezagutzen, Bodegas Lecanda izenagaz baino. Egiten eben ardaoa ez zan ona baina bai, ostera, brandya; kontuan izan, Erret Etxean brandy ofiziala zala eta 1880an Isabel Katolikuak 'Gurutze Handia' saria emon eutsela.

Urte batzuk geroago, 1905an upeldegia Herrero familiakoek erosi eta eurekaz batera Domingo Garramiola 'Txomin' sartu zan upeldegira. Txomin izan zan brandya baztertu eta ardaoari garrantzia emoten hasi zana. Honek kupel barriak erosi, Bordelen ikasitako teknika barriak sartu, instalazino barriak eregi eta dana ondo garbitu ondoren, ardaoa ganoraz egiten hasi zan. Gauzak holan dirala, 1917an atara eben merkatura gaur egun Vega Siciala markeagaz ezagutzen dogun ardaoa.

Herrero familiak marketing teknika barria sortu eban. Esan dogu Herrero familia aberatsa zala. Upeldegian egiten zituen ardao arruntak saldu eta ardao onenak, barriz, familia burgesei erregaletan eutsiezan. Prezio bako ardaoa zan eta gizarte maila handiko jentearentzat eginiko ardaoa.

Ospe handia hartu eta holan jarraitu eban nahiz eta 1933an Txomin Garramiola hil. Beranduago, 1951an Herrero familiak upeldegia saldu eutson Preda enpreseari. Orduantxe aldatu eben izena eta Vega Siciala ipini eutsien. 1966an Venezuelako aberats batek lortu eban jabetza eta bere semeari emon eutson eztegu oparitzat. Laurogeigarren hamarkadearen hasieran, 1982an, Alvarez familia bilbotarrak erosi eban upeldegia. Urte gitxiren buruan, Alvarez familiak inbertsino handiak egin eta upeldegi guztia goitik behera barriztau eban (familia hau Eulen garbiketa enpresen eta Procesa segurtasun enpresen jabea da).

Urte batzuk geroago, emoitzak argiak dira eta bai ardaoen kalidadeak eta bai upeldegiaren ospeak gora egin dabe. Adituen kalkuluen arabera, 1982tik hona Eulen taldeak 30 miloe euro inbertidu ditu upeldegian.

Horrezaz ganera, Vega Sicialiak 1994an beste upeldegi bat sortu eban kilometro gitxira: Alion upeldegia. Hor ardao merkeagoak egiten dabez baina kalidade onekoak dira. Zabaltze prozesu horretan, Vega Sicilia upeldegiak 1993an Hungariako Tokay lurraldean Oremus upeldegia erosi eban. Laster, Toron zabalduko dabe beste upeldegi bat eta entzun dodanez, Bordelen upeldegi bat erostekotan dabilz.

Ez dira ez geldi eta gora begira geratzen diran horreetakoak eta Alvarez familia ganaduaren eta zehatz esateko behien merkatuan sartu da. Leoneko Esla bailaran goi mailako behiak hazten ditue. Bertan kontrol zorrotzak egiten deutsiez aberei: arraza bereziari eutsi, osasuna, jana kontrolau, garraioa...