Txipiroiak euren tintan
Jatekoa eta udea
Heltzen da uda heltzen da hondartza
heltzen dira garai onak
eta nola ez berarekin bat
antxoa ta txipiroiak.
Uretan dantzan beti lez txukun
dabiltza hegaluzeak
eta ortuko tomate gorri
edota piper berdeak.
Postretarako urtzen zaizkigun
geriza ta madariak.
Zuon eskuetan dago orain baina
bide bakarra du egiak.
BeƱat Ormaetxea,
Aretxondo Jatetxeko Sukaldaria.
Kaixo irakurleok, badator udea eta beragaz batera sasoiko produktuak be bai. Oinarritzat txipiroiak hartuta, Euskal Herriko errezeta ezaguna aukeratu dogu, txipiroiak euren tintan, saltsan buztitzeko ogi zati handiagaz batera, ia nork ez dituan probau txipiroiak?. Gurera etorten jakuzan atzerritarrak eurak be txipiroien bila ibilten dira jatetxeetan eta, normalean, oso gustora geratzen dira. Beste barik, sartu gaitezan suete edo ezkaratzean.
Txipiroiak euren tintan
Osogaiak (4 lagunentzako):
- Txipiroi garbiak, kilo bat gitxi gorabehera.
- Oliba-orioa.
- Lau Kipula zuri.
- Kipula gorri bat.
- Piper berde bat.
- Hiru berakatz-atal.
- Golden sagar bat.
- Lau txipiroi tinta sobre.
- Litro erdi arrain saldea ('fumet').
- Gatza.
- Ardao zuria, baso erdi.
Zelan egin
Lehenengo eta behin, txipiroiak eta barrubeteak ondo garbitzea nahitaezkoa da ze gero jaten gagozala hare garautxuak topatea ez da bape ederra izaten. Ondoren, kazola bat hartu eta oliba-orioa eta berakatz-atalak laminatan ebagita bota barrura eta su txikian ipini kolorea hartzen joan daiten; bien bitartean, kipulak zuritu eta juliana eran ebagiko doguz; kolore larregi hartu edo erre aurretik juliana eran ebagitako kipulea botako dogu. Geroago, golden sagarra sei edo zortzi zatitan ebagi eta lapikora bota. Guztia su txikian daukagula, txipiroiak gazitu, gatza apurka-apurka hartzen joan daitezan. Beste alde batetik, ardao zuria eta txipiroien tintea nahastau eta geroagorako erreserbauko dogu.
Kipulea kolorea hartzen doan bitartean, txipiroiak kipulearen gainean ipini banan-banan eta kontu handiz barrutik tentakuluak kanpora joan ez daitezan. Txipiroiak kazolan dagozanean, tapau eta, gitxi gorabehera 10 minututan eukiko doguz. Hamar minutu horreek pasetan diranean, txipiroiak ukutu eta bigun dagozala ikusi ezkero, beste kazola batera pasau banan-banan. Hurrengo pausua saltsea preparetea izango da. Ardao zuria eta txipiroien tintea ondo nahastau daukagunean, horri arrain saldea edo fumeta gehituko deutsagu. Dana ondo egosi, gatz puntua norberaren gustora ipini eta saltsea turmixagaz pasauko dogu saltsa fin-fina lortu arte. Jarraian, dana batera kazola baten ipini eta azken irakin bat emongo deutsagu. On Egin.